Udalak eta mugimendu feministak elkarretaratzea deitu dute gaurko

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 29a, 11:12

Tolosako udalbatzak aho batez eta modu irmoan arbuiatu ditu  Tolosako osteopatia-kontsultategi batean izandako sexu erasoak, eta Tolosako Mugimendu Feministarekin batera elkarretaratzea deitu du gaurko; 19:00etan izango da, Plaza Zaharrean. Gipuzkoako Foru Aldundiak

Tolosako Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien adostasunarekin, modu irmoan gaitzetsi ditu Tolosan salatu diren bi sexu erasoak. Tolosako osteopatia-kontsultategi batean sexu-erasoak egiteagatik bi salaketa jaso eta gero gizon bat atxilotu zuela jakinarazi zuen Ertzaintzak atzo arratsaldean.

Udalak argitu du albistea zabaldu ondoren jakinarazi ziola Ertzaintzak udalari gertakariak Tolosan bertan izan zirela, eta udalak berehala jarri zuen martxan larrialdietako protokoloa. Horri jarraiki, gaur goizeko lehen orduan Larrialdietako Mahaiaren urgentziazko bilera egin dute, Berdintasun Saileko eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin, eta Mugimendu Feministako kideekin. Ertzaintzak jakinarazi duenez, biktima gehiago egon litezke, eta halakorik jasan duten emakumeei Tolosako ertzain-etxean salaketa jartzeko dei egin die. Halaber, udalak erasoak jasan dituzten emakumeen eskura jarriko ditu baliabide guztiak, hala nahiko balute, doako laguntza psikologiko eta juridikoa eskainiz.

Andu Martinez de Rituerto alkateak, elkartasuna azaldu die biktimei, eta «gisa honetako erasoen aurrean, zero tolerantzia» izango dutela aitortu du: «Erabat arbuiagarriak dira jarrera hauek. Behin eta berriro errepikatuko dugu ez dutela tokirik gure gizartean. Era berean, babesa azaldu nahi diet biktimei, eta beren intimitatea errespetatzeko eskatu». Tolosako Udalak, Mugimendu Feministarekin batera, elkarretaratzea deitu du gaurko. 19:00etan izango da Plaza Zaharrean.  Manifestu bateratua irakurriko dute bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere sexu erasoak irmoki salatu eta arbuiatu ditu. «Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Tolosako Udalak kaleratu duen adierazpenarekin. Beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra, halako erasoen oinarri-oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun eza baitago».

Gogoratu du emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa urratu ezin daitezkeen eskubideak direla, eta eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak direla esan du. Hala, Aldundiak bat egin du Tolosako Udalak mugimendu feministarekin batera egindako elkarretaratze deialdiarekin eta Nerea Isasi Berdintasun Organoaren zuzendaria bertaratuko dela aurreratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!