Tolosako Udalak baieztatu du atzo ezagutu ziren bi sexu erasoak Tolosako osteopatia-kontsultategi batean izan zirela. «Indarkeria matxistaren kasu berri honen berri izan bezain pronto jarri genituen martxan indarkeria matxistaren aurkako koordinazio lanak. Ertzaintzarekn harremanetan izan ginen eta atzo gaualdera baieztatu ziguten kasu horiek Tolosan bertan gertatu zirela. Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan da eta orain goizean larrialdi mahaia deitu dugu. Gogor salatu eta gaitzesten ditugu kasu hauek, inolaz ere ez direlako onargarriak. Biktimentzat intimitatea eta errespetua ere eskatzen ditugu», esan du Goiuri Ezeiza zinegotziak.
Hainbat komunikabidek zabaldu dutenaren arabera, sona handiko profesionala da atxilotutako gizonezkoa Tolosaldean, eskualdeko kirol talde askorekin aritzen baita lanean. Epaileak kargupean aske utzi du eta gaur jakin da urtarrilaren 21ean atxilotu zutela.
Gertatutakoa salatzeko, Itaia Antolakundeak elkarretaratzea egingo du gaur, 19:30ean, Trianguloa plazan.