«Sistema osoari egindako pintaketak» aldarrikatu ditu emakume talde batek

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urt. 3a, 11:23

Joan den ostiral goizaldean Tolosako zenbait dendatan egindako pintaketen egileek ekintzaren zergatiak azaldu dituzte idatzi batean; gaiak zeresan handia piztu du.

Hizketa-gai ia bakarrak agurtu zuen 2016. urtea Tolosan, joan den abenduaren 30ean zenbait komertziotan azaldu ziren pintaketen harira. Margo morez, «kontsumismo matxista» salatu zuten, besteak beste, eta iritzi eta erreakzio sokaren ondoren iritsi da egileen adierazpena, TOLOSALDEKO ATARIAra: «Uste dugu ostegun gaueko pintaketen ekintza ez zela ondo ulertu, eta gure helburua argi utzi nahi dugu».

Colors, Saberri, La Ratita Presumida, Inside eta Leize komertzioen erakusleiho eta hormak izan ziren Kontsumismo matxistarik ez! eta Ez gara panpinak! leloen mihise, eta egileek estereotipo matxistak salatzeko bidetzat deskribatu dute pintaketen ekintza: «Mendebaldeko Eguberrien ospakizunak dakarren kontsumismo frenetikoa aitzaki hartuta, urte osoan barrena indarrean egoten diren estereotipo matxisten gorazarrea salatu nahi izan dugu (...). Gure ustez, komertzioen erakusleihoak dira estereotipazio irreal hori argien islatzen dutenak, eta horregatik egin dugu ekintza berauetan», diote.

Herria esnatzerako, pintaketen berria eta haien argazkiak ia eskualde osora zabaldu ziren, eta iritzi, erreakzio, kritika nahiz laudorioen soka luzea ekarri zuen horrek. Batzuek, komertzio txikien defentsan gaitzetsi zuten pintaketen ekintza, baina emakume taldeak azaldu du beren borroka ez dela komertzioen aurkakoa: «Argi dugu eredu ideal horiek inposatzea multinazionalen nahia dela, eta komertzio txikiek eskumen urria dutela hori eraldatzeko. (...). Estereotipazio anker hori salatzeko, berau irudikatzen duten erakusleiho zenbait erabili ditugu, baina ulertzen dugu kanon horiek ez dituztela merkatari horiek ezartzen; erreproduzitu egiten dituztela, baizik (...) Gure borroka ez da komertzioen aurkakoa, baizik eta erakusleihoek islatutako sistema oso baten aurkakoa».

Bide beretik, aldarrikapen moduaren inguruan egunotan jasotako kritikei ere erantzun nahi izan diete pintaketen egileek, «aukeraketa egokia» iruditzen zaiela nabarmenduz. Beren arabera, gaur egungoa «bake faltsua» da, eta hori «desnormalizatu» eta «ezinegon kolektibo bat zuzenki» azaldu nahi izan dute ekintzaren bitartez.

Horrela, abenduaren 30ekoa ekintza feministatzat deskribatu dute, baina pintaketek jasotako hainbat kritikak salatu dute, aldarrikapen bide horrek feminismoa kaltetzen duela. Egileei, ordea, «ulergaitza» zaie kritika hori: «Zergatik ez dio feminismoari mesede egiten? Ekintza feminista gaur egungo bake parametroetara mugatu behar baldin badugu, hori ez da gure borroka. Gure ustez, horrelako ekintza zuzenak tresna gisa gaitzesteak egiten dio kalte feminismoari (...). Horrekin ez dugu esan nahi borroka molde hori lehenesten dugunik, baina zilegia iruditzen zaigu, testuinguru egokietan».

Izan ere, «bide pedagogikoetatik lortu ez dena» plazaratu nahi izan dute erakusleihoetako pintaketekin: «Ezaba daitezkeen pintaketen 'indarkeria' gaitzetsi beharrean, gure nahia da, ezabatu nahi dugun benetako indarkeria heteropatriarkala salatzea», nabarmendu dute.

Azkenik, ATARIAra helarazitako testuan, pintaketen egiletza aitortzearekin batera, emakume taldeak adierazpena baliatu du «norbere burua askatasunean eraikitzera» dei egiteko: «Inposatutako arauek ez dute aniztasunerako tokirik uzten, eta horren aurkako jarrera hautu politikotzat dugu (...). 'Errespetua' edo 'adierazpen askatasuna' bezalaako kontzeptuen izenean zapaltzen gaituen sistema baten aurrean, ez gaude geldirik egoteko prest (...). Deseraiki ditzagun, behingoz, 'emakumetasun' eta 'gizontasun' eredu inposatuak».

SALAKETA «IRMOA» ETA BATERATUA

Pintaketak agertu eta egun berean, beren iritzi eta gaitzespena plazaratu nahi izan zuten, elkarrekin idatzitako ohar batean, Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak.

Lehenik, feministen aldarrikapen moldea «desegokitzat» jo zuten, zehaztuz, adierazpen askatasunak ez duela arrazoitzen «herriko zenbait dendari egindako jazarpena» .

Era berean, erakusleihoetako pintaketek zerbitzuen sektoreari «kalte zuzena» egin diotela ere salatu zuten, udalak eta elkarteak: «Merkataritza Tolosako garapen ekonomikoaren motorretako bat da, eta pintaketa horiek kalte zuzena eragiten diete saltzaileei, denbora eta esfortzu handia baliatzen baitute saltokia hornitu, kanpaina prestatu eta erakusleihoak atontzen».

Horrenbestez, ohar bateratuan dei egin zuen, joan den abenduaren 30eko aldarrikapen ekintzak azaleratutako gaia «beste bide batzuetatik heltzeko». Besteak beste, «herriko merkatariei kalte materialik sortu gabe» aritzea zehaztu zuten bi erakundeek.+

Kalean nahiz sarean, eztabaida bizi-bizirik

Goizean denda atarietan piztutako eztabaida lantoki, taberna, Whatsapp talde nahiz sukaldeetaraino iritsi zen, Tolosan, eta internetek ere jaso zuten iritzi-talka horren oihartzuna.

www.ataria.eus-en, kasu, 2016. urteko albiste irakurrienen zerrendan sartu zen pintaketena: 5.000 bisitatik gora jaso ditu aferaren kontakizunak.

Jarraipen masibo horren haritik, gainera, TOLOSALDEKO ATARIAren irakurle askok beren ekarpena utzi zuten Facebooken, iruzkinez iruzkin auziaren inguruko eztabaida elikatuz.

Hitz desberdinak erabiliagatik, iritzi bertsu zenbait nagusitu ziren irakurleen artean, eta irudipen horien guztien isla irakurgai da jarraian. Halaber, gaiak emandako iruzkin guztiak www.facebook.com/tolosaldekoataria orrialdean daude irakurgai.

«Berdintasunaren aldeko borrokak eguneroko ekintzetan eta jardunean behar du tinko, eta ez egun konkretu batean pareta batzuk margotzen»

«Nola askatuko dugu gure burua langile klase bezala eta emakumeak genero bezala, gure jardun praktiko-politikoa eredu legalista batean soilik kokatzen badugu?»

«Aldarrikapenaren muinarekin bat eginda ere, zein izan dira ondorioak? Gehiengo handi bat kontra jartzea eta mezua desitxuratzea»

«Emakumeok jasaten dugun egoeraren inguruan eztabaidatu beharrean, ekimenaren inguruan eztabaidatzea lortu dute. Zein ekarpen egiten dio honek feminismoari?»

«Emakume zein gizon, gizarteko pertsona oro errespetatzeko eskatzen ari garen aldetik, ezinbestekoa da guk ere gainontzekoak errespetatzea»

«Sistema heteropatriarkalak emakumeak erailtzen ditu, bortxatu, objektibizatu, ixildu eta zapaldu. Errealitate horren aurrean erantzunak nolakoa izan behar du ba?»

«Erronka berriei aurre egiten dieten emakumeak zapaltzea ez dago feminismoaren oinarrietan. Sor ditzagun eztabaidak, baina egin dezagun guztion artean, jazarpenik gabe»

«Kristal batzuk aldarri zilegiekin marraztea salatu beharrean, salatu dezagun benetako indarkeria heteropatriarkala; bollera, trans eta emakumeok bizitzako esparru guztietan zapaltzen gaituena»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!