Amaia Narro, merkataria: «Ez daukagu gure produktuen inguruko azalpenak ematen aritu beharrik»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urt. 3a, 12:39

Colors arropa dendako bazkideetako bat da Amaia Narro tolosarra, eta iritzia emateko askatasuna defendatu duen arren, pintaketena «oso modu itsusia» iruditu zaio, ideiak aldarrikatzeko.

Pintaketek iritzi-talka sortu dute herrian, besteak beste, aldarrikapen moldeagatik. Zein iritzi duzu, ordea, pintaketen edukiaren inguruan?

Ez nago batere ados eta, gainera, ez dut gurekiko kritika ulertu. Gure dendan egunerokorako arropa saltzen dugu, eta bi bazkide gara; emakume bat eta gizon bat. Ez dut uste gure arropak estereotipo matxistei jarraitzen dienik. Dena den, uste dut pintaketen kritikak ez direla zuzenki gure dendaren aurkakoak izan; aldarrikapen orokorra izan dela uste dut.

Egileek hori azaldu dute agirian: sistema oso bati egindako kritika izan dela.

Hasieratik pentsatu nuen zentzurik ez zuela gure dendari zehazki egindako kritika bat izatea, baina, hala ere, pena handia ematen dit. Oso ondo dago iritzi hori izatea eta iritzi hori ematea, baina, pintaketena oso itsusia izan da; gauzak ez dira horrela aldarrikatzen. Guk ez diogu inori kalterik egiten, egunero etortzen gara lanera, eta ez daukagu gure produktuen inguruko azalpenak ematen aritu beharrik. Ez nago ados egin duten kritikarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!