Formen ordez edukiaz eztabaidatuko al dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Etxebarrieta 2017ko urt. 3a, 16:10
Abenduaren 29 gauean Tolosako zenbait eskaparatetan agertutako pintaden harira sortu den eztabaidan nire ekarpena egiteko beharra sentitu dut.

Denok dakigun bezala, pasa den Abenduaren 30ean hainbat pintada agertu ziren Tolosako zenbait eskaparatetan, "kontsumismo matxistarik ez!", "Ez gara panpinak" bezalako aldarriekin. Honen aurrean, berehalako erantzuna etorri zen Udalaren eta Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkartearen ohar bateratu baten bitartez. Bertan azaltzen dute nahiz eta aldarrikapenen helburuak egokiak direla uste duten, beste modu batzuk erabili behar direla, eta ekimen hau merkatarienganako jazarpena dela.
Gauzak honela, gaur bertan emakume talde batek ohar baten bitartez ekimenaren egiletza bere gain hartu eta pintaketen zergatia azaldu du.

Bertan ongi azaltzen duten bezala, eguberrien testuingurua aproposa iruditu zaie euren aldarrikapenak mahai gaineratu eta eztabaida publikoa sortzeko. Eguberriak dira, sistema kapitalistak hain beharrezkoa duen kontsumismoaren puntu gorena. Eta honekin batera azalerazten dira kontsumismoak berarekin dakartzan estereotipo eta zapalkuntza forma ezberdinak. Hau honela izanik, estereotipo matxista hauek, maniki, arropa, kontsumismorako lelo... bitartez materializatzen diren lekuak aukeratu dituzte estereotipoak eta kontsumismoaren berezko izaera salatu eta erasotzeko. Hau da, eskaparateak.
Beraz, erabat okerra da ekimen hau pintaketak agertu diren komertzioen aurkako eraso bezala kokatzea.

Asko hitz egin da ere, (gehiegi) ekimena aurrera eramateko hautatu dituzten modu edo formen inguruan. Horrelako ekintzak, zilegi izatetik haratago, uste dut erabat beharrezkoak direla gaur egungo dominazio sistema eta gizarte eredu zapaltzaile hau gainditu eta parekidetasunean oinarritutako harreman sozialak eraikitzeko. Izan ere, historiak zerbait erakutsi badigu, badakigu legeak, protesta eta borroka bidez lortutako aurrerapenen atzetik doazela. Akaso Rosa Parksek legea errespetau ahal zuen, beltzek galarazita zuten autobusera igotzen? Akaso sufragistek legea errespetatu ahal zuten boto eskubidearen alde kalera ateratzen? Euskal Herrian ere baditugu nahiko irakaspen. Lege errespetatu al genuen, frankismoaren testuinguru beltzean umeei euskarazko klaseak ematen hasi ginenean? Legea errespetatu al genuen soldaduskari ezetz esan genionean? Legeak gutxi batzuen interesei men eginez gehiengoa zapaltzen dutenean, eskubidea ez ezik, behar bat da desobeditzea.

Honekin, "bandalismoa ez da feminismoa" dionari erantzungo nioke, feminismoa ez bada "bandalismoa" ere, ez dela inoiz benetako feminismoa izango, legeak errespetatuz soilik ez ditugulako harreman sozial parekideak inoiz eraikiko.

Amaitzeko aipatu nahi dudana da, eztabaida gehiegi oinarritu dela aldarrikapena aurrera ateratzeko erabili dituzten forma edo moduetan, eta sarri "aitzaki" hau erabiltzen dutela zenbaitek, oinarrian dagoen benetako eztabaida distortsionatu eta ekiditeko. Horregatik, nere babes eta animo guztia bidaltzearekin batera, esan nahi dizuet ez fidatzeko "aldarrikapenarekin ados nago baina moduekin..." diotenekin, batek daki zer egingo luketen Rosa Parksen edo sufragisten garaian. Badakigu bai, zer egingo luketen...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!