Foru aldundiak 1,1 milioi eurora igo du diru laguntza

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 27a, 15:57
Ezkerretik eskuinera: Mendoza diputatu nagusia, Jon Tejeria abeltzaina eta Arruti diputatua.

Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak abeltzaintzaren arloan eragindako kalteak estaltzeko 710.000 euroko gastu gehigarria onartu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,1 milioi euro bideratuko ditu, guztira, Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak (GHE) jotako Gipuzkoako abeltzaintzaren sektorerako aparteko laguntzetara. Urrian iragarri zuten 400.000 euro bideratuko zituztela, baina zenbatekoa «nabarmen» gainditu omen du jasotako eskaeren kopuruak. Hori dela eta, Diputatuen Kontseiluak 710.000 euroko gastu gehigarria onartu zuen joan den asteartean, abenduaren 19an.

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eman dute hartutako erabakiaren berri Larraulgo Larrola baserrian. Jon Tejeriak eta Eider Arozenak kudeatzen dute esne behien ustiategi hori, eta GHE-ren kalteak jasan dituzte, hain zuzen, lau behi eta txahal bat hil zaizkie eta, azaldu dutenez, gutxi gorabehera, haien ganadu buruen erdiak pasa du gaixotasuna.

Gipuzkoan, guztira, 900 ustiategik baino gehiagok jasan dituzte kalteak: 600 abelburu baino gehiago hil dira, eta 3.000 baino gehiagok pasa dute gaixotasuna.

Laguntzaren ezaugarriak
Diru laguntzen deialdiak bi konpentsazio lerro ditu: bata, animalien heriotza konpentsatzeko; eta, bestea, behin gaixotasuna gaindituta, haien ekoizpen eta ugalketa egoeran izandako ondorioengatik konpentsatzeko. Joan den urriaren 24an onartu zituen laguntzak Diputatuen Kontseiluak, eta azaroaren 27an amaitu zen eskaerak aurkezteko epea.

Arintzea, helburu
Aparteko laguntza horien helburua da behi azienda (haragitarakoak, esnetarakoak, mistoak, gizentzekoak eta suharra) duten baserriei laguntzea, GHE-ak eragindako krisiaren ondorioz ustiategiek jasaten dituzten zailtasun sozioekonomikoak arintzeko. Azaldu dutenez, gaixotasuna hedatzearen ondorioz animalien errendimenduak behera egin du; eta, kontrara, gora egin dute osasun tratamenduaren zein arretaren kostuek, eta heriotza tasek.

Eider Mendoza diputatu nagusiak aipatu du «egoera larriek» eskatzen dutela «erabaki garrantzitsuak» hartzea, eta «argi eta garbi» omen dute helburua: «Gipuzkoarentzat eta gure ekonomiarentzat, paisaiarentzat eta orekarentzat funtsezkoa den jarduera hori babestea».

Xabier Arruti diputatua, berriz, sektorearen egoeraz aritu da: «Abeltzaintzak erronka handiak zituen jada, eta gaixotasun horrek are gehiago zaildu du bere egoera»; alabaina, etorkizunean «konfiantza» duela ere adierazi du.

Irailean jarraipen mahai bat sortu zuten, eta hura osatu dute Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko ordezkariek, eta Abelur, Lurgintza, ENBA, EHNE, Blonda, Terreña, Limousin, GIFE, Gitxegi eta Abere albaitariak elkarteetako ordezkariek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!