Erreportajea

Behi sektorea, krisian

Asier Imaz 2023ko urr. 18a, 11:59

Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE) Gipuzkoan erabat zabaldu dela esan du Garikoitz Nazabal EHNE Gipuzkoako presidenteak; kontsumitzaileei lasaitasun mezua zabaldu die.

Tolosaldean ere hainbat behi gaixorik agertu dira azken egun eta asteetan. Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE) deiturikoaren sintomak erakutsi dituzte behi horiek. Egoera kritikoa bizitzen ari direla esan dute abeltzainek, eta neurriko laguntzak eskatu dituzte. Gaitzak ez du eraginik gizakiengan edo jateko haragian.

2023ko irailaren 5ean, EHNE sindikatuak bere aldizkarian, gaitz hau Gipuzkoara iritsi zela jakinarazi zuen: «EHNEk jakin ahal izan du Gipuzkoan Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoaren kasuak (GHE) agertu direla. Baserritarroi dei egin nahi dizuegu kasuak izan ditzakezuelako eta behiak galtzera iritsi baitzaitezkete. Aipatu gaixotasuna, Oreinen gaixotasuna izena ere baduena, eltxo edo moskito kulikoideen bidez kutsatzen da». Ondoren, sintomak zeintzuk ziren zerrendatzen zuten EHNEtik, eta zantzuren bat izanez gero zer egin.

Garikoitz Nazabal EHNE Gipuzkoako presidentea da. Hasieran kolpetik harrapatu zituztela onartu du: «Abuztu aldean hasi ziren aurreneko kasuak, noski, horiek ondoren jakin ditugunak izan dira. Ordura arte, gaitz horretan pentsatu ere ez genuen egiten. Urrun entzuten zen gauza bat bezala ikusten genuen. Bagenekin Gaztela eta Leon inguru horretan zegoela, baina ez genuen imajinatzen gurera iritsiko zenik, eta modu honetan, gutxiago».

Zonalde batzuetan gogor sartu da gaitza Nazabalen esanetan; beste batzuetan, arinago. Horren zergatia zein den ez dakitela dio EHNEko presidenteak, eta galdetu arren, inork ez diela argi azaldu: «Karga birikoa esaten dute, baina zerk sortzen duen ez. Intsektu kopuruak, edo eguraldiak, edo… adituei galdetu arren, azalpenik ez daukagu». Tolosaldea, hasiera batean, kasu arinagoen multzoan zegoen. «Goierritik hasi zen sartzen, baina sintomatologia arinak zirela ematen zuen. Gero, ordea, Tolosaldean ere badakigu gune batzuetan indartsu sartu dela. Orain kostalderaino iritsi da». EHNEko presidentearen esanetan, kasu arin horien bilakaerak «kezka handia» sortzen die; «edo horrela pasako dute edo beste leku batzuetan ikusi dugun bezala, arinago hasi diren horiek okertzera joango dira. Ez dakigu zein arrazoirengatik baina kolpe indartsuago batzuk sartuko ote diren beldur gara».

SINTOMAK ETA GAITZA

EHNEko ardura izateaz gain, Garikoitz Nazabalek haragi behiekin egiten du lan Zaldibian duen etxaldean. Bertan, kasu arinak izan dituela dio. Gertukoengan gogorragoak ikusi beharrean izan da, ordea: «Mutur aldetik atzematen zaie. Horrez gain, hanka-gogortuta geratzen dira erabat; baldartuta, ibili ezinda. Koordinazio arazoak erakusten dituzte. Sudur mintzak ere lehortu egiten zaizkie. Begi ondoak hazi, ingurunea gorritu, eta barneratuta bezala geratzen zaizkie. Negar askorekin jartzen dira. Muki jario berde likatsu moduko batekin hasten dira, patsa dariola bezala. Matraila inguru hori gelditu egiten zaie eta hortzak karraskatzen hasten dira. Behin puntu horretara iristen baldin badira, mingaina aterata ere ikusi dugu ganadua. Ia ikaragarri kostatzen zaie horri buelta ematea». Buelta emate hori kakotx askoren artean jartzen du Nazabalek: «Batzuk ikusi ditugu bizirik segitzen, baina komeria handiekin. Izan ere, gaitzak aho inguruari asko eragiten dio. Zauriak ateratzen zaizkie, eta horiek gaiztotu ere egiten dira. Jateari eta edateari uzten die, eta animaliak deshidratatu egiten dira».

Sintomak agerikoak dira, horiek zerk sortzen dituen, ordea, beste kontu bat da. Adibidez, gaitz honek gauza harrigarriak dituela ikusi dute EHNEtik: «Etxalde batean kasuak ematea eta aldamenekoan, bizilagunak izanda, kasurik ez izatea». Nola zabaltzen den galdetuta, jasotako informazioa kontatzen du Garikoitz Nazabalek: «Eltxoez hitz egiten da, baina eltxoa baina gehiago intsektu bat da. Baina ez da liztor asiarra bezala, hona etorri dena. Bertakoa da. Hemen badaude gaitz bat transmititzeko gaitasuna daukaten intsektuak. Kontua da, dirudienez, birusa zabalduz doan heinean, intsektu edo eltxo hauek animalia bat ziztatzen dutenean eurek hartzen dutela birusa. Ez da eurek sortzen dutena, hartzen dutena baizik. Eta gero, nolabait, eramaile bilakatzen dira. Beste animalia batengana joaten direnean eta hura ziztatzen dutenean, birusa sartzen die. Beraz, transmisio lana egiten dute».

Erakundeek eta komunikabideek zabaldutako informazioaren arabera, birus honek oreinei eta behiei bakarrik eragiten die. Behiak esaterakoan, zezenak eta txekorrak ere kontuan hartu behar dira. 2022ko azaroaren 10ean Italiako gobernuak lehen kasuak aurkitu zituela jakinarazi zuen, Sardinian eta Sizilian. Espainiako estatuan, lehen kasuak 2022ko azaroaren 18an agertu ziren, Andaluzian. Portugalek, GHE-ren agerraldia 2023ko uztailan kokatzen du, Alentejo inguruko hamalau etxaldetan. Frantziako estatuak 2023ko irailean aurkitu zituen lehen fokuak, hego mendebaldean, hau da, Ipar Euskal Herriko Pirinioetatik hasi eta Erdialdeko Pirinioetarainoko eremuan. Urriaren 11n, gaitza Suitzara iritsi zela iragarri zuten bertako komunikabideek, hain zuzen ere, Bernako kantonamendura.

FORU ALDUNDIAREKIN BILERAK

Iraila amaieran, Gipuzkoan, gaitzaren hedapena erabatekoa zela jakinarazi zuen EHNEk. Kasu batzuk arinak izaten ari ziren, besteak, oso gogorrak. Garikoitz Nazabal: «Ni goizero beldurrez joaten naiz behiak ikustera, ea zer aurkituko dudan galdezka. Beste batzuetan, ordea, beldurra baina askoz gehiago da. Ezagutzen ditut baserriak 80 animalia tratatzen aritu direnak, edo 200 txekor tratatu behar izan dituztenak. Egunero kasu bat edo bi berri ateratzen ari zaizkienak. Hamar dozena bat behiri ura sartzen aritu direnak mangera batekin, egunero-egunero. Abereak hankaz gora geratu zaizkienak. Ezagutzen ditut lagunak direlako. Pertsona horiek nola dauden ikusten baldin badituzu... Hori jasan egin behar da. Horrelako kolpe handi bat etxean sartzen baldin bazaizu, gero ea nola lo egiten duzun. Ezin bizi bat da».

Errealitatea ez dutela puztu nahi dio Nazabalek. Onartzen ez dutena, errealitate hori kontuan ez hartzea da. Horren harira, anekdota bat kontatzen du: «Foru aldundiarekin egin genuen bilera batetik atera ondoren, bertan egon zen teknikari bat etorri eta datuak ematen hasi zitzaigun. Lehengo astean 60 kasu genituen eta aste honetan 120 kasu 90 etxetan, esan zigun. Begira geratzen zara eta esaten diozu: baina zer esaten ari zara! Bileran bi ganaduzale egon dira, eta bien artean 100 kasu baina gehiago dituzte. Zer demontre esaten ari zara!».

Azken hilabetean, ganaduzaleek hainbat bilera egin dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. EHNE tartean izan da. Txikikerietan katramilatzeko arriskua ikusten du Garikoitz Nazabalek, eta egoera bere osotasunean ez aztertzea: «Hasieran planteatu zituzten neurriak egoeraren larritasunarekin bat ez zetozela esan genien. Oraindik berdina esaten jarraitzen dugu».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak tratamenduari buruzkoak izan ziren hasiera batean. Nazabalen ustez, baserritar bat zezen edo behi baten balorea jokatzen ari denean, «ez dauka zentzurik botiken kontuarekin tekelan hasteak». Ondoren, aurrekontu orokorretatik hildako animalien galera laguntzeko, 400.000 euroko partida lortu zuela adierazi zuen aldundiak. «EHNEtik positiboki baloratzen dugu diru partida hori lortu izana, baina ez dela nahikoa deritzogu eta diru gehiago behar dela jakinarazi genien».

Haragi behien sektorea arriskuan dagoela azpimarratzen dute EHNEtik, eta planteamendu orokorragoa egin beharra dagoela: «krisian gaude eta errealitate hori ezin da gutxietsi edo ezkutatu. Horren kontziente izan behar dugu».

Garikoitz Nazabalek foru aldundiarekin egindako bilerara eramandako sei puntuko planteamendua azaltzen du. Besteak beste, kalte ordainak, animalia berriak erosteko laguntzak edo gaitzaren inguruko ikerketa eta jarraipena egitea agertzen dira bertan.

KONTSUMITZAILEEI MEZUA

Erakundeek zabaldu duten informazioaren arabera, gaitzak ez die gizakiari edo jateko haragiari eragiten. «Beste gaitz batzuekin gertatzen den bezala, hau kalte izugarria da baserritarrentzat, baina produktuan ez dauka eraginik», dio Nazabalek. Arnas bideetan eta matrailetan eragiten diela gogoratzen du EHNE Gipuzkoako presidenteak, animalien bizitza kolokan jarriz, «baina haragiari ez dio ezertan eragiten». Pertsona ere ez da kutsatzen, eta animaliatik animaliara ez da zuzenean pasatzen gaitza. Kontsumo aldetik, beraz, arazorik ez dagoela azpimarratu du Nazabalek: «Kontsumitzaileei lasaitasun mezua zabaldu nahi diegu. Harakin batzuk iritsi zaizkigu galdezka, bezeroek kezka adierazi dielako. Maila horretan oso lasai egon daitezke. Larritasuna sektorean dago, ez baitakigu zein bilakaera izango duen eta sektorea nola geratuko den».

Haragi behien sektorea lehendik kinka larrian zegoela dio Nazabalek, «kasik, hutsaren hurrengo marjinekin edo zorpetuta. Hamaikagarren madarikazioa da hau. Etxe askotan oso erabaki gogorrak hartzea ekartzen ari dena edo ekarri lezakeena. Eta hori, animalia denak kentzea da».

SINTOMAK ETA ESKARIAK

GHE gaitzaren sintomak

  • Musu mintzak gorrituta edo urdin kolorekoak baditu.
  • Jateko gogorik ez.
  • Sukarra.
  • Ahultasuna.
  • Koordinazio falta.
  • Kongestioa.
  • Ahotik bitsa dariola egotea (bitsak odol arrastoak izan ditzake).
  • Ahoan zauriak izan ditzake eta batzuetan kostrak ere bai.

EHNEren planteamendua

  • Tratamendua osorik laguntzea: Eraginak hasi ziren garaitik, baserritarrari edozein albaitarik egin badizkio ere errezetak.
  • Sortu diren kalteak ordaintzea baserritarrei, hildako animaliengatik.
  • Sortzen diren balio galerak estaltzeko proposamena. Izan ere, baserri askotan ume galtzeak, jaio eta jarraian hildako txahalak, ume egin eta esne gabe dauden behiak, edota erabat kaltetuta geratu diren animaliak daude.
  • Kaltetuak ordezkatzeko animalia berrien erosketan laguntzea.
  • Gaitzaren inguruko ikerketa eta jarraipena egitea.
  • Ziurtapenak egiteko modua arautu eta hobetzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!