ELKARRIZKETA

«Oraindik ere ez dakigu zehatz kalkulatzen zenbatekoa den kalte ekonomikoa»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 27a, 16:26
Larrola baserriko Jon Tejeria abeltzaina, erdian.

Beste hainbat ustiategik bezala, Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoaren kalteak jasan ditu Larraulgo Larrola baserriak.

Larraulgo Larrola baserriko abeltzaina da Jon Tejeria, eta Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoaren (GHE) ondorioz lau behi eta txahal bat hil zaizkio. Horrez gain, gaixotasuna –larritasun maila ezberdinetan bada ere– bere ganadu buruen erdiak pasa duelakoan dago. Kezkatuta hitz egin du egoeraren inguruan.

Ia hirukoiztu egin dute diru laguntza. Lehen kopurua motz geratu denaren seinale?
Hasieran zaila zen neurria hartzea, eta ikusi dugu motz samarra zela. Baina, egia da, inork ez genekiela zenbaterainoko eragina izango zuen; eta, izatez, oraindik ere ez dakigu zehatz kalkulatzen zenbatekoa den kalte ekonomikoa.

Kopuru berria nahikoa izango al da kalteak estaltzeko?
Nahikoa ez da behin ere izaten. Baina, bueno, ematen duten guztia ongietorria izango da. Ondo etorriko zaigu, hori zalantzarik gabe.

Aipatu dute udaberrian egoerak okerrera egin lezakeela.
Ez dago gure esku, eta ezin dugu kontrolatu. Oraindik ziur ez dakigu eguraldiak zein eragin izaten duen. Arriskua beti hor dagoela ere badakigu; hori ez da berria. Orain albaitari batzuk esaten dute dagoeneko gaixotu diren animalia batzuk, agian, immunizatuta geratuko direla; baina hori guk ez daukagu jakiterik.

Sektorea krisian zegoen aurretik ere. Hau beste kolpe bat izango da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Kolpe handia izaten ari da, gainera. Eragin handia izango du. Jendea aurretik ere gogogabetuta baldin bazegoen, honekin... Ez da animatzeko egoerarik onena. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!