Oinak galarazi dio pausoa Iguarani

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Artola Izagirre 2022ko aza. 19a, 21:01
Alaia Martin Amurrioko saioko irabazlea. Argazkiak: Betsozale Elkartea

Poto batek finalerako aukerarik gabe utzi du Oihana Iguaran amasarra, nahiz eta bertso bikainak  josi dituen gaur ere (632,5 puntu). Alaia Martinek irabazi du saioa eta finalerako ia sailkatua dago 676 puntu lortuta. Atzetik izan dira Aitor Bizkarra (651,5), Onintza Enbeita (632,5), Agin Laburu (624) eta Miren Artetxe (595,5).

Bete-betekoa izan ez arren, saio ona izan da Amurriokoa. Behetik gora egin dute bertsolariek eta entzuleek gogotik eskertu dute batez ere azken zatia. Ariketa guztietan izan dira bertsoaldi onak.

 

Hamarreko txikia

Saioa txukun hasi dute bertsolariek, nahiz eta hirugarren bertsoaldira arte ez den lehertu. Honela zioen hirugarren gaiak: “Alaia eta Onintza, hilabeteak dira sexulagunak zaretela. Orain arte argi zenuten zuen harremana sexura mugatzen zela. Alaia, Onintzak onartu dizu zurekin maitemindu dela”. Onintzak bigarren bertsoan: Ta hobe argitzea / egoera garaiz / sua eman zenidan / ta erre egin naiz. Alaiak dotore erantzun dio: Gure harremana da / plazeraren lagin / hola jarraitu nahi dut / ligez lige arin / morbo pixkat behar da / txispa itzal ez dadin. Onintzak egoera konpontzen ez dagoela erraz aitortu dio, hori ez duela nahi baina uztea ere ez. Alaiaren bertsoa osorik jartzekoa izan da:

Gure arteko txispak
behar du hartu su
gorroto ta maitasun
dira bi lehengusu
beraz segi dezagun bero eta sutsu
maite ez maite ez dakit
gustuko zaitut zu
ahaztu etiketak
ta emaidazu muxu.

Agin Laburuk eta Aitor Bizkarrak ere lan txukuna egin dute. Balleta egiten duten bi neraberen paperetik aritu behar izan dute; txikitatik elkarrekin ibili dira entseguetan. Agini Aitorrek esan dio nekatu dela eta utzi egingo duela. Aginek: Nahiz  ta barrua utzi / ohi digun betea/  barrutik o kanpotik / al dator nekea? Aitorren erantzuna: niri pisu egin zaizkit / bi gauzak batera / nire zalantzak eta / haien pentsakera. Gainontzeko bertsoetan ere elkarrizketa bizia osatu dute.

 

Zortziko handia

Ez dira akaso arratsaldeko bertsoaldirik onenak izan. Osoena Bizkarra eta Martinek egindakoa izan da. Gurasoen paperetik jarri ditu gaiak. Haien haurrari jarri nahi zioten izena onartu ez eta beste bat jartzea erabaki du epaileak. “Hazia” izenaren eran zein izanarenan hartuta, lehen bertso ederra osatu du Aitorrek: Lehenago gure adarrak mozten / jardun izan ziren trebe / dagoeneko ez digute uzten / haziak ereiten ere. Alaia oso adi egon da, saio osoan zehar bezala: Ez zuen uste Hazia izena / izen egokia zenik / epaile horren egindakoak / niretzat ez du izenik. Handik aurrera ere ale onak utzi dituzte biek ala biek, eta Alaiak egoki itxi du ofizioa: Hazia deitu eta haziak lurrazaletik gora jalgi / gure hizkuntza loratu dadin / belaunaldiz belaunaldi.

Enbeita eta Artetxerena izan da ariketa egoki osatu duen beste bikotea. Gaia hurrengoa zuten: “Zuen aita GALek hil zuen. Aste honetan berriz ere gaia azaleratu da eta barruak mugitu zaizkizue”. Onintzak ekin dio: Orain egia gura dutenek / guk ez dezagula uste / egia esaten dutenek ere / barreka esaten dute. Mirenek: Eta besterik ezin da egin / lehen gertatu zena nahastu / zeren sendatu ezin sendatu / baina ahaztu ezin ahaztu. Gaiari lotuak eta egoki josiak izan dira Mirenen hirugarren eta Onintzaren azken bertsoak ere. Mirenek: ta umiliagarri iruditzen zait / zer nahi duzu esatea / beraiek guri eskatu aurretik / barkamena ematea. Onintzak: Baina nigatik dauden lekuan / hantxe egon daitezela / iruditzen zait ahalko balute / berriz eingo luketela.

 

Zortziko txikia

Txikiko ariketan bi bertsoaldi on izan dira. Lehena Oihana eta Alaiak egindakoa. Oihana autoa aparkatu nahian ari zen, eta berak eskatu gabe Alaia laguntzen hasi zaio kanpotik. Hark esandakoa egin eta atzeko autoa jo du ordea. Oihanak: Kasu egin aurretik / on zan aitortzea / jotzea nahi zenula / atzeko kotxea. Alaiak: Hasieran ez zendun / nahikoa interes / egin zaidazu kasu / baina hainbeste ez. Alaiaren azken bertsoa izan da agian hoberena: Barka hola sartzea / zure bizitzara / Ertzain jubilatuak / holakoak gara.

Beste bertsoaldia Aitor eta Onintzak egin dute: Lagunak biak, egunean zehar pauso guztiak kontatzen dituen aplikazioa jarri dute telefonoan; geroztik, oinez doazen bakoitzean Onintza telefonoari begira ikusten du Aitorrek. Bizkarrak bigarren bertsoan: Sportiva berriak / ta buruko zinta / pasioan zabiltza / gel bati haginka / eskuan mobilla ta / zu arin-arinka / Onintza kirolean / dena ez da pinta. Onintza: baina lasai badaukat / pausoen pikoa / hamar milara heltzean / marianitoa.  

Ganbara

Ganbarako saioa nobedadeekin izan dute gaur: hasteko bi punturi erantzun behar izan diete bertsolariek, eta ondoren gai bati hiru bertso bota. Ariketa batean zein bestean izan dira bertsoaldi ederrak eta saioak azken txanpa oso txalotua izan du.

Lehen puntuak honela zioen: “Zeren alde egiten / duzu zuk borroka?”. Erantzun denak izan dira ederrak. Artetxek: Askotan irten gara / kalera orroka / nahiz egiten diguten / batzuek boikota / gu zeren alde haiek / ba horretxen kontra. Iguaranek: Hemen borrokatzeko / gai asko dago ta / gurea defendatzen / daukagu erronka / batzuen alde eta / beste askoren kontra. Laburuk: Bertako produktuen / aldean orroka / kanpotikan ekartzen / dalako karroka / baino gehiengoari / ez zaio inporta. Bizkarrak: Maizenik egiten dut / zeozeren kontra / mundua aldatzea / da gure erronka / goitik behera gaizki / egina dago ta. Martinek: Mundu hobe bat lortu / nahi nuke pausoka / ta ahal bada samurki / eta ez orroka / beste bat zapaltzea / delako porrota. Enbeitak: Ez nuke nahi ideal / bakarra ere bota / matxismoaren kontra / nabil mutur joka / gure sukalderaino / sartuta dago ta.

Bigarren puntua: “Dena bihur liteke / aldarrikapena”. Irristada gehiago izan dira erantzunetan –Iguaranek poto egin du—, baina izan dira ale ederrak ere. Laburuk: Gero ezin betia / izaten da pena / baino ateratzean / barruko onena / konformatzea degu / gero dagoena. Martinek: Hortarako badago / milioi bat problema / ta konpontzeko berriz / mila teorema / norberak eman behar / du bere onena. Enbeitak: Ba hori da sarritan / egiten ez dena / konformistak garela / gauza nabarmena / ta horrek ematen du / bihotzean pena.

Bakarkako gaian bertso bikainak izan dira. Gaia klasikoa eta irekia izan dute bertsolariek: “Gaur arte ez zara ausartu; oraingoan erantzun egin duzu”. Bertsolariek askotariko heldulekuak hautatu dituzte. Miren Artetxek, esterako, senarraren aurrean jarrera aldatu duenaren paperetik jardun du; azken bertsoko azken puntuak:  Harrian kanka jotzen dunean / ez da beherago jaitsiko / zu niri bezain hotz eta astun / bekizu lurra betiko. Agin Laburuk, aldiz, aitarekiko harremanari heldu dio: Zure iruzur zure asmo beltz / ta ustezko borondate / gaur arte ez naiz ausartu esaten / nik ere ez zaitut maite. Alaia Martin haurrari denbora askoan bularra ematen ari delako gaizki begiratu dienei erantzunez aritu da: Oraindik ere titian? / oraindik ere katean? / ta hala erantzun diot / defentsan ez, atakean / bularra emango diot / hala nahi dugun artean.

Bat nabarmentzekotan, hala ere, Iguaranen bakarkakoak eman du zeresana gaur ere. Txapelketa honetan hiru aldiz kantatu du amasarrak doinu eta neurri berean, eta zein baino zein bertso hobeak izan dira guztiak ere. Errepikapen bihurrietan eori gabe, errima zorrotz eta mezuan sakonduz gainera. Bertsoak osorik:

Bizi osoan izan naiz
nire senarraren maizter
beti bere musikara
dantzatu ditut bi izter
sentituaz mugak heldu
beharko zuela laster (bis)
erdi beldur erdi asper
etxeko lanak egiten
nau bere begira alper
beretzat bizi naiz baina
zer daukat berari esker
gaur beste behin entzun diot
ni gabe ez zara ezer (bis)
zer daukat berari esker.

Tabernatik heldu da ta
liskarra zen ikuskizun
marmarka gerturatzen zait
ta guztia tonu aizun
berekiko amorrua
nire bizkar nahi zun (bis)
eta mespretxua isun
beti gordetako hitzak
gaur nahi dizkizut erantzun
ze nik mantendu zaitut zu
eta ez dakit dakizun
hormak zuk pagatuarren
etxe bat nik eman nizun (bis)
eta ez dakit dakizun.

Esan eta horma hertza
bihurtu dut nire gotor
haserrean hasi baita
eta keinuz erasokor
hasieran izan zena
gizon goxo bezain jator (bis)
orain ze hauskor dudakor
gaur muga bat puskatu dut
ta utz dezala berak hor
bizi bat daukat nire zain
eta frogatzera nator
zurekin ez dakit baina
zu gabe banaizela nor (bis)
eta frogatzera nator.

 

Iguaranek txapelketa bikaina

Ez da posible izan finalera iristea, baina txapelketa bikaina eginda amaitu du Oihana Iguaranek. Gotainen bertsozaleak gogoan iltzatua izango duen saioa egin zuen lehena; ondoren, Garazin saioa irabazi; eta Amurrion irristada batek utzi du finalerako ia aukerarik gabe. Ofiziotan entzuten eta erantzuten, erreflexu oso onak erakutsiz aritu da txapelketa osoan zehar. Eta zer esanik ez bakarka: bederatzi bertso zoragarri eta ausartzen denarentzat doinu aski zail bat utzi opari.

Aitor Mendiluzek azken saioan kantatuko du, Bilbon. Hanka bat erdi finalean duela esan daiteke.

 

 

Amurrioko puntuazio taula, Bertsozale.eus-en argitaratua.

 

Bigarren itzuliko behin-behineko sailkapena, Bertsozale.eus-en argitaratua.

 

 

Bigarren itzuliko hurrengo saioak:

Azaroak 26, Baiona:

  • Beñat Gaztelumendi Arandia
  • Eñaut Martikorena Lizaso
  • Julio Soto Ezkurdia
  • Nerea Ibarzabal Salegi
  • Sustrai Colina Acordarrementeria
  • Unai Agirre Goia

Abenduak 3, Bilbo:

  • Aitor Mendiluze Gonzalez
  • Amets Arzallus Antia
  • Joanes Illarregi Marzol
  • Jone Uria Albizuri
  • Maddalen Arzallus Antia
  • Saioa Alkaiza Guallar

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!