Eguraldiaren eran, gutxik espero zuten gisako saioa izan da Donibane Garazikoa: txarra ez, baina arraroa. Hasi aurretik bertsotarako plaza ederra zegoela zirudien. Gerora, ordea, bertsolari guztiek egin dute irristadaren bat, eta haizeak eraman balitu bezala geratu dira tarteko bertsorik onenak.
Harituzeko kideei dagokienez, saio gorabeheratsu xamarra egin dute. Iguaran seguru da hurrengo faserako, baina saio bikaina egin beharko du finalean egoteko. Mujikak aurtengo azken saioa izan duela dirudi, bertsoaldi ederrak utzi dituen arren.
Zortziko handia
Saioa apal hasi da lehenengo ariketan. Asier Azpiroz eta Aitor Etxebarriazarragak ekin diote saio puntuagarriari. Jatetxe bat zuten bi lagun izan dira. Menuaren prezioa orain gutxi igo izanagatik ere, berriz igotzeko hizketan hasi dira gastuek gora egin dutelako. Azpirozek lehen bertsoan: irabazia hutsala degu / sekulakoa nekea / mundu hontako gauz txarrena da / alperrik lan egitea. Aitorrek beste aukerarik ez duela ikusten esan dio, prezioak igo beharra dagoela kalitatea mantentzekotan. Asierrek bide beretik jarraitu du, ofizio txukuna eginez: zuk esan dezu ahatetxoa / konfita xerra ta beste / gurean ondo jaten da eta / euro bat ez da hainbeste.
Haritz Mujikari Amets Arzallusekin kantatzea egokitu zaio. Kartzelan zirela igeltsero lanetan trebatutako bi lagun izan dira, handik kanpora atera eta elkarrekin lanean hastea erabaki dutenak. Metaforaz betetako bertsoaldia osatu dute biek. Haritzek bota du lehen bertsoa: bizimodua eraikitzea / dugu lehenbiziko lana. Ametsek eraikiko duten etxearen ezaugarriak zeintzuk diren zehaztu du: ahal baldinbada zabal-zabala / itxiturarik gabea. Ildo beretik jarraitu dute hurrengo bertsoetan, eta Ametsek hankak lurrean jarrita itxi du: zeren etxerik ez da egiten / erraminteri begira.
Zortziko txikia
Iguaranek zortziko handian egin duen irristadari buelta ematea lortu du txikiko ariketan. Zortziko handiko bigarren bertsoak alde egin dio amasarrari, baina puntu gehien lortu duen bertsolaria izan da hurrengoan. Bi lagunen paperetik kantatu dute Asier eta biek. Asierrek zinemara joan nahi duen aldiro bere burua gonbidatzen Oihanak, baina gero ez da isiltzen pelikula ikusten ari diren artean. Oihana ederki sartu da pertsonaiaren larruan: azalpen zerbitzuak / ni egin naik jabe / ulertuko al huke / nik azaldu gabe? Bere azken bertsoan, isilik joatea hobe dutela aipatu dio Azpirozek. Iguaranek ezin hobeto borobildu du: tabernan zerbeza bat / duk usadioa / egiteko filmaren / komentarioa. Aipagarria izan da Iguaranek hiru bertsoalditan hika egin izana ere: Asierrekin, Haritzekin zein Ametsekin. Harekin aritu direnek ere hala erantzun diote gaiak horretarako aukera utzi duenetan –Haritzen kasuan, semea zen bera seiko motzean—.
Elustondok eta Arzallusek ere bertsoaldi polita egin dute. Pisukideak biak, Nereak garbigailua jartzen duen aldiro Ametsek arropaz betetzen du dena. Nereak: galdera bat sortu zait / orain esatean / zenbat pertsona zara / bizitza batean? Ametsek egunero egiten dituen gauzen zerrendarekin erantzun dio, amaieran gonbita eginez: beraz hiru pertsona / hor dauzkazu bero / zu ere bai nirekin / ibili ezkero. Nereak gaia aldatu du gero: zu gizon-gizon zara / ta uste det zera / titizorro hau ere / zurea ote da? Ametsek egoki erantzun dio berriz: atzo gauean izan / nuen konpainia / ez da nerea baina / neri eskainia.
Puntutan
Haritz Mujikak eta Asier Azpirozek bertsoaldi ederra egin dute puntuka. Sehaskako egutegiak saltzen jarri dituzten bi nerabe izan dira, oraintxe horretan hasi direnak. Asierrek ederki bideratu du bertsoaldia, eta Haritzek erantzun oso onak eman ditu behin baino gehiagotan.
Amets Arzallus eta Oihana Iguaranek ere bertsoaldi txukuna egin dute. Hauek oporretara gurasoekin doazen anai-arreben paperetik jardun dute. Bidean tableta bateria gabe geratu zaie. Biek ala biek bertso sinesgarriak eta umorez zipriztinduak osatu dituzte.
Seiko motza
Seiko motzean elkarrekin aritzea egokitu zaie Tolosaldeko bertsolariei. Oihana ama eta Haritz semea, bigarrenaren pilota partidura lagundu dio lehenak. Hogeita bana doazela aurkaria negarrez hasi eta amarengana zer egingo duen galdetzera hubildu da Haritz. Oihana hasi da kantuan: joan hadi horra hala / galdegin hurbildu ahala / arerio ta kide haizela / ikusi dezala. Haritz ez da horren gustura geratu amaren erantzunarekin: baina ez denez ni aina / hartu nahi nioke gaina / kiroltasunak ere dexente / balio du baina. Oihanak azken bertso ederra osatu du: ez dit nahi bera saltzea / tokatzen zaik azaltzea / ez dek berdina hik irabazi / ta berak galtzea.
Arzallusek ere bertso oso onak bota ditu ariketa honetan, baina poto batek eragotzi dio puntu gehiago lortzea. Ametsek goizero gosaria prest izaten du aitor esnatzerako. Gaur Aitor semeak esan dio ez duela zertan hori egin. Ametsen lehen bertsoko azken puntua: egin mesedez errezatzen du / zure aurpegiak. Beste guztia berak eginez gero gosaria jartzea berak erraz egingo duela erantzun dio Aitorrek. Bigarren bertso ederra bota du Ametsek, nahiz eta aurrez aipatutako irristada egin. Azkenekoaren azken hiru puntuak, berriz: esne katilu hau bapo / ta zereal plater bat to! / indar pixka bat beharko duzu ta / datorrenerako.
Ganbara
Bakarkako lanean Oihana Iguaran nabarmendu da. Gotainen erabilitako doinu bera hartuta osatu ditu hiru bertsoak, orduan baino ere gehiago borobilduz. Gaiak honela zioen: “azkenean probatu duzu; eta jabetu zara ez dela espero zenuena.”
Oihanaren bertsoak osorik:
Biok hamalau urte ta
biok desio argia
lehen aldiz aritzeko
gogoa zen nabaria
ta muxuka pilatuta
geneukanez ausardia (bis)
prestatu nuen kabia
nik bai baina nire neskak
ez du bete guraria
galopan hasi aurretik
geratu baita zaldia
ta ez da izan espero
genuen lehen aldia (bis)
geratu baita zaldia.
Mutiko batek berez du
hontan aritzeko sena
mila aldiz begiratu
det pantailatan eszena
eta eraikia neukan
gozamenaren eskema (bis)
nire zilborretik dena
ez det sumatu mugitzen
Alaitzek dun sentipena
ta orain dudatan nago
bietan zein den problema
edo den gertatu dena
edo espero nuena (bis)
bietan zein den problema.
Askotan espektatibek
ondorio hau dakarte
ni ahaleginduagatik
berak sentitu bitarte
nonbait ez det erakutsi
nik nahi nukeen beste arte (bis)
ta sua egin behar ke
gainera sentipena dut
bera ez dela izan parte
barkamena eskatu diot
ta esanez joan aparte
zurekin saiatu nahi dut
nola egin asmatu arte (bis)
etzaitez joan aparte.
Azaroaren 12an, Aitor Mendiluze
Datorren larunbatean Irunen egingo du geltokia txapelketak baina bertan ez da eskualdeko bertsolaririk izango. Finalaurrekoetako lehen itzuli honetako azken saioa, azaroaren 12an izango da Durangon. Bertan, Aitor Mendiluze irurarrak, Aitor Bizkarra, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaizarekin abestuko du.