“Ardatza Gotainen dela” kantatzeko asmoz etorri dela adierazi du Julio Sotok agurrean, eta ardatza Gotaineko saioan dela geratu da txapelketa, bihar arte behintzat. Saio osoa egin dute Ibarzabal eta Iguaranek, eta gainontzeko bertsolariak ere maila oso onean aritu dira. Txapelketa motorrak berotuta iritsi da Zuberoara.
Zortziko handia
Elkarren ondoan eserarazi ditu zozketak lehen bi sailkatuak, eta lehen ariketatik hasi dira nabarmentzen. Amak hazi eta hezitako ahizpak direla zioen gaiak; aita ez da inoiz euren zaintzaz arduratu, baina orain harremana berreskuratu nahian hasi da: Oihanak ez dio aukera hori eman nahi, Nereak bai, ordea. Dotore ekin dio Oihanak: deika aritu naiz amesgaiztotan / azalpen bat jaso nahian / orain ez diot deirik egingo / behar ez dudan garaian. Nereak erantzuna: zaharra dago ta helduko da / laster hiltzearen zama / hor betirako damutuko zait / hitzik ez egin izana. Iguaranek koska bat igo du bertsoaldiaren maila bigarren bertsoarekin: hil balitz ere zer ajola du / hori ez al da bizi lege / hogei urtean ez dugu jakin / bizirik zegoen ere. Hurrengo bertsoak ere egoki jositakoak izan dira, elkarri erantzunez eta elkarrizketa sinesgarria osatuta.
Ez da zortziko nagusiko bertsoaldi on bakarra izan. Beste biak ere maila onean joan dira, Labakak eta Sotok egin dutena, esate baterako. Honela zioen gaiak: “etxalde bereko laborariak zarete. Lur zati bat saltzea erabaki duzue etxaldea salbatzeko. Gaur erosle batek lurraren balioa baino bi aldiz gehiago eskaini dizue bertan eraikitzeko. Juliok saldu egin nahi du, Anek, laborari bati saldu nahi dio”. Ane Labakak errima-hitzetan duen ohiko trebeziaz osatu du bigarren bertsoa: beldurgarria iruditzen zait / eraikinen industria / lehenik zati bat erosiko du / ta gero beste guztia. Juliok ere bereari eutsi dio: beti lehenetsiz printzipioak / beti lehenetsiz morala / ez luze barru izango gara / koadro barruko postala.
Zortziko txikia
Zortziko txikian ez du behera egin saioak. Patxi Iriartekin egokitu da Oihana Iguaran. Lankideak biak, Oihanak ez du inoiz kafea ordaintzen, eta aste honetan hirugarren aldiz eskatu dio Patxiri txanponen bat uzteko. Kafe hutsa ezetz, gainera kafekonletxea beharko duela kantatu dio Oihanari Patxik. Iguaranek ironiaz errematatu du: esne tanta batekin / juxtu mantxatua / hogei xentimogatik / holako tratua / hartu behar zenuke / deskafeinatua.
Ibarzabalek eta Sotok ere ale ederrak utzi dituzte mendian hirugarren aldiz galdu diren lagunen paperetik. Nerea Ibarzabalen lehen bertsoaren azken hiru puntuak: zazpi aldiz behatu / duzu Google map-sen / ta berriz ere galdu / ze ari da gertatzean / badaezpada hasiko naiz / papurrak botatzen.
Puntu erantzunak
Iguaranek eta Ibarzabalek, biek asmatu dute ariketa honetan ere. Bidaiatzea gaitzat zuten puntuak izan ditu Oihanak, hona lehena: Nora bidaiatzea / da zure ametsa? Erantzuna: Euskal herrian bertan / Ez zazula pentsa / nahiz ta mapa mundiak / eragin laineza / herri honetan bada nahi beste sorpresa.
Ibarzabalek kazetaritzaz kantatu behar izan du. Bigarren puntua: jasotzen den guztiaz / Ezin da fidatu. Erantzuna: sareetan edozer / daiteke topatu / lastoa ta alea / zaku baten batu / norberak behar luke / guztia banatu.
Julio Sotok izan da ariketa honetan egoki aritu den beste bertsolari bat. Online jokoez erantzun ditu puntuak: lagunekin batera / partida berean. Juliok: jolasten hasten gara / roboten legean / moda horixe dago / gaur gure mendean / elkarrekin bai baina / bakoitza berean.
Hamarreko txikia
Hamarreko txikiko ariketan izan da gatza eta piperra Iguaran eta Lazkozen ofizioarekin. Zazpi urte elkarrekin daramatzaten bikotearen larrutik aritu dira; Enekok kezka azaldu dio Oihanari bikoteak izan dezakeen krisiarekin beldurtuta, Oihanak, aldiz, piper pixka bat sartzea proposatu dio. Lazkozek hitz-jokoa eginez abiatu du elkarrizketa: nahiz ta pipar pixka bat / nik dudan gustuko / piper gehiegik ez al / gaitu pipertuko. Oihanak azkar moldatu du erantzuna, bertsozaleen gozamenerako: piperrak ez du zertan / irten horren mina / m ina ta pikantea/ ez dira berdina.
Ganbara
Bakarkako ariketan goia jo du Gotaineko saioak. “Medikuaren kontsultatik irten berri zara; telefonoa sakelatik atera berri duzu”.
Iriartek umorez heldu dio: noizbait hil beharko dut baina / oino ez da nire aldi. Gaitza gainditu duenaren paperetik aritu da bera. Sotok ere bide beretsua hautatu du, hiru bertso bikain osatuta. Bigarrenaren azken puntuak: igual izan da ez naizelako / izan etsitzeko aina / etsitze ez duten guztiak ere / ez dira sendatzen baina.
Baina saioko ezustekoa Oihanak eman du, doinu berria eta neurri oso zailekoa plazaratuta. Osorik hiru bertsoak:
Ekografia bat neukan
Hitzordutzat enkarguan
Ta emaginak hartu nau
Ekofrago bat karguan
Begia mugatzen zuen
Pantailaren esparruan (bis)
Ta ni galdezka marruan
Ba ez dauka taupadarik
Ta erori naiz amarruan
Eta ez da kapaz izan
Jartzeko nire larruan
Ta ez dakit pertsonarik
Baden bataren barruan (bis)
Jartzeko nere larruan.
Honekin jada bi dira
Izan ditugun galerak
Enpatia ta zentzuak
Agertu dizkio grebak
Gorputzera mugatuta
Zetozen bere galderak (bis)
Eta galdetzeko erak
Umetokiak ez daki
Kabi bilakatzen ziegak
Asko doaz bidean ta
Agortuz doaz aukerak
Esan gaztea zara
Etorriko da beste bat (bis)
Agortzen doaz aukerak.
Bidea ez da sinplea
Ama bakarra bazara
Hormonatzetik hasten da
Gailurrerainoko malda
Aukera galtzeak ere
Eragiten du dardara (bis)
Ta ez ez naiz ohitu jada
Etor daiteke beste bat
Bizituz nire taupada
Baina enpatia pixkat
Asko eskatzea al da
Ama deitu dizut eta
Hortxe ahots besarkada (bis)
Asko eskatzea al da.
Bihar Gasteizen, Haritz Mujika
Gasteizen izango da bihar eskualdeko beste bertsolari bat: Haritz Mujika. Mimoz prestatutako txapelketari hasiera emango dio bertsolari asteasuarrak. Datorren astean izango da Beñat Iguaranen txanda.