Euskal Herria herri dantzaria da. Historian zehar autore askok utzi dituzte aipamenak euskaldunon artean dantzak duen garrantziaz. Garrantzia hori, eta bereziki gure eskualdean duena kontutan izanda, Ataria Irratian txoko bat egin nahi izan diogu dantzari, 'Oinak Arin' saio berri honetan. Xanti Nazabalek gidatuta, dantza izango dugu hizpide. Kasu honetan, mingaina dantzatuz ariko gara, bitxikeriak gogora ekarriz, eskualdeko dantzen eta eskualdekoak ez direnen inguruan hitz egingo dugu, eta gonbidatu bereziak izango ditugu gurekin.
«Behin dantzan dakizula, zure partitura dantzaria bera da»

Hiru hamarkada pasatxo daramatza Garikoitz Lobregatek dantzarako txistulari lanetan. Tolosalde osoan dira ezagunak bere txistua eta danbolina, eta besteak beste, Udaberrin eta eskualdeko hainbat dantza taldetan ibili da.