Ibiur urtegiaren azken hamar urteetako betetze maila

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 22a, 11:59
Ibiur urtegia, Baliarrain eta Orendain artean

 

Ibiur urtegia Gipuzkoako hamar urtegietatik berriena da. 2010. urtean bete zuten lehen aldiz. 2003. urtean hasi ziren urtegia eraikitzeko lanak eta horretarako 200.000 metro kubiko hormigoi zituen horma ikaragarri bat eraiki beharra izan zuten, 63 metroko altuera, 9 metroko zabalera eta 230 metroko luzera dituena.

Ibiur urtegia zortzi hektometro kubiko ur jasotzeko prestatua dago, hori da bere betetze maila gorena. Ur horrekin eskualdeko hamaika herritako ia 60.000 biztanle hornitzeko helburuarekin egin zen; ondorengoak dira herriak: Ikaztegieta, Alegia, Altzo, Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Andoain.

 
Baliarrain eta Orendain artean

Baliarraingo lurretan eraiki bazen ere, Baliarrain eta Orendain herrien artean dago Ibiur.

 

 
Ia urtero guztiz beteta

Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak urtegien inguruko informazioa ematen du. Bertan agertzen diren datuak borobilduta badaude ere, ondorio batzuk ateratzeko aukera ematen du.

Ibiur urtegia 7,6 hektometro kubiko ur jasotzeko prestatua dago; hori da bere betetze maila gorena eta urteko batez bestekoak kontuan hartuta, azken zortzi urteetatik zazpietan kopuru horretara iritsi dela ikus daiteke. Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak emandako datuetan 2013 eta 2014 urteetan berez jasotzeko presatutako ur kopurua gainditu zuela zehazten da, 11 eta 10 hektometro kubiko hurrenez hurren, baina Ibiurreko arduradunak Atariari baieztatu dio datu hori ez dela zuzena, Ibiurrek 7,6 hektometro kubikoko gaitasuna baitu.

Urtez urteko batez besteko maila baxuenari begiratuta berriz, eta lehen bi urteak kontuan hartu gabe, 2015 eta 2016. urteetan kopururik txikiena izan zela aipatu daiteke, 4 hektometro kubiko zehazki. Gainontzekoetan 5 eta 6 hektometro kubikoetan izan da gutxienekoa.

Bestalde, azken hamar urteetan, guztira, urtegiak batez beste, 26.913 hektometro kubiko (%47,94) jaso dituela adierazten dute datuek.
Azken eguneko datuari erreparatuta, berriz, azaroaren 21ean, 5 hektometro kubiko zituen urtegiak eta %62,5ean zegoen bere betetze maila.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!