Opor hauetan galdu ezin dituzun 10 elkarrizketa

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 29a, 10:25

2018ko lehen hiru hilabete hauetan zeresana eman duten –edo ematen jarraitzen duten– 10 elkarrizketa bildu ditugu, opor garai honetan patxadaz irakur ditzazun.

1. Amelia Tiganus:

«Putazaleek isiltasuna erosten dute»

Amelia Tiganusek (Galati, Errumania, 1984) nerabezaroan ezagutu zuen matxismoaren aurpegirik makurrena, baina talde-bortxaketa hura ez zen lehen kapitulua baino izan, indarkeriak gidatutako historia bat gorpuzteari ekiteko. Merkantzia nola, Espainiara bidaiatu eta bost urtez 40 prostituzio etxetan aritu zen, azpimundu hori guztia benetako munduaren motorretako bat dela aldarrikatu aurretik.

2. Eguzki Azkarate

«Umetan dakizun gauza bakarra da aita ez dagoela zurekin»

Eguzki Azkarateren aita, Manu Azkarate, hirutan izan da kartzelan; bera jaio aurretik lehenengoz (1986-1992); 3 urte zituela bigarrenez (2004ko urtarriletik ekainera); eta 2016ko abendutik hirugarrenez. Poliziaren jazarpenagatik, 2011n Iparraldera ihes egin zuen Azkaratek, eta, euroagindua onartu zutenean, Marseillara joan zen, Frantziara. Eguzki Azkaratek bidaia asko egin ditu aitarekin egon ahal izateko.

3. Asuncion Klinikako langileak

«Zerbait lortu arte ez dugu etsiko; jendea oso gogotsu dago»

Bukatzen ez den soka da Asuncion klinikako auziarena. Bukatzen ez dena, eta hari-muturrak nonahi dituena. Azken asteotan, TOPAren aldarriekin bat egin du, klinikako langileen mobilizazio deiak. Bihar lau orduko lanuztea egingo dute, eta abenduaren 20an nahiz urtarrilaren 8an eta 9an egun osoko grebak iragarri dituzte, soldata izoztuen eta lan baldintza «prekarioen» aurka. Arantxa Errondosoro eta Marian Etxeberria Asuncion klinikako langileak dira:

4. Tolosako Karrozen harira

«Argi dago ez dugula nahi gure parranda udalak ordaintzerik»

Aimar Alonso, Oier Alonso, Julen Amonarriz, Mireia Cano eta Iñigo Iglesias karrozetako ordezkariak dira, eta Tolosako Karrozak elkartea sortu berri dute.

«Festa egiten duenak festa egiten du, baina erantzukizuna ere badu»

Nuria Carbonell eta Jokin Monfort Tolosako Udaleko Kultur eta Jaietako zinegotzia eta Festa teknikaria dira, hurrenez hurren.

5. Alberto Barandiaran

«Ibarrakoa isiltasun historia bat izan zen, beste hainbat herritan bezala»

Euskal Herriko elizan eman diren hainbat pederastia kasu azaleratu dituzte Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz eta Miren Rubio kazetariek Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan liburuan. Ibarrako 60ko hamarkadako gertakari bat ere jaso dute. 

6. Aiora Mujika

«Nire jardunagatik norbait youtuber izan dadin animatzea, garaipena da niretzat»

Euskal edukien zoritxarra zela medio, orain urtebete pasatxo, Aiora Mujikak (Anoeta, 1987) Youtubeko kanal berria ireki zuen. Hamaikatxo gai zukutzen ditu bideo eta txio zintzoen bitartez, hori bai, euskara hutsean. Anoetarra erdietsitakoaz «harro» dago, eta datorrenari so, berdin jarraitzeko egarriz.

7- Kirol egokituaz

Alain Irazu: «Gaur-gaurkoz kirolik gabe, ez dut nire burua pozik imajinatzen»

Alain Irazuk (Tolosa, 1974) goizero hamar kilometrotik gorako korrika saioak egiten ditu. Apenas geratzen zaio kirolik aproba egiteko; egun, patinetan jarduteak betetzen du gehien.

Gorka Zubeldia: «Egindakoari aitortza bat da Shebe Peña Saria jasotzea»

Iraupen luzeko ibilaldien Shebe Peña Saria eman dio Gorka Zubeldia Letamendiari (Alegia, 1970) Euskal Mendizale Federazioak. Zubeldia Letamendiari istripu baten ondorioz hanka bat belaunetik ebaki behar izan zioten, baina ez dio uko egin bere mendizaletasunari.

8. Guillermo Martorell

«Objektibitatea, diziplina eta umiltasuna behar ditu kazetariak»

Bere abizenek adierazten dutenez arbasoak, jatorriz, Herrialde Katalanetakoak zituen Guillermo Martorell Martinónek (Galdar, 1965). Hala ere, kanariartzat du bere burua, nahiz eta gaur egun Tolosan bizi den. 1978tik hona, Espainiako estatua inondik pitzatu bada, Euskal Herritik, Kanaria Irletatik eta Herrialde Katalanetatik pitzatu dela uste du. «Horrela, derrigor, izan behar borrokalaria».

9. Haritz Azurmendi

«Gazteak kezkati daude saltzen zaigun mundu perfektuari muzin eginez»

Kezka eta zalantzek markatzen dute Haritz Azurmendiren (Albiztur, 1991) bizimoldea. Kontu txiki asko pilatzen zaizkio egunerokoan; besteak beste, Galtzaundiko kide izaki, euskaratik eragiten dihardu, eta UEUko Filosofia sailburu gisa, jorratzen ez diren debate filosofikoak mahai gainera ekarri nahian dabil.

10. Argi Itzalak. Alexander eta Arantxi Padilla

Odol berekoak dira. Zuhaitz genealogiko bereko bi adar dira Arantxi eta Alexander. Bost anai-arrebetako familian, bi zaharrenak dira. Biek komunikazioaren esparruan egiten dute lan; biak dira komunikatzaileak, baina euskarri desberdinak erabiltzen dituzten bozgorailu gisa.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!