«Egindakoari aitortza bat da Shebe Peña Saria jasotzea»

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 1a, 12:00

Iraupen luzeko ibilaldien Shebe Peña Saria eman dio Gorka Zubeldia Letamendiari (Alegia, 1970) Euskal Mendizale Federazioak. Zubeldia Letamendiari istripu baten ondorioz hanka bat belaunetik ebaki behar izan zioten, baina ez dio uko egin bere mendizaletasunari.

Zer suposatzen du zuretzat Shebe Peña Saria jasotzea?

Egindakoari aitortza bat da. Hainbat urtetan mendi martxetan ibiltzen ari naiz, eta iaz iraupen luzeko mendi martxen zirkuitua osatu nuen. Orotara gutxienez zazpi egin behar dira. Iraupen luzekoa izateko 40 kilometro baino gehiago eta 2.000 metroko desnibela baino gehiago izan behar ditu. Nik iaz zortzi martxa egin nituen, eta horrez gain bi ultratrail egin nituen: Gasteizko Mendiak, 65 kilometro eta 4.000 metroko igoera, eta Goierriko Bi Handiak, 88 kilometro eta 6.000 metroko igoera.

Ni beti joan izan naiz martxetan denbora mugaren bila. Korrika egiten dut mendian baina beti joaten naiz gozatzera martxetara, ez dut korrika egiten. Orain mendi lasterketetan parte hartzeko asmoa dut, eta hor korrika ariko naiz.

Noiztik zabiltza mendi martxetan parte hartzen ?

2012tik nabil mendi martxetan. Urte hartan Aralarko XIV Orduak egin nituen. Orduan erabili nuen protesia askoz ere zurrunagoa zen. Mundu bat ireki zitzaidan hor parte hartuz. Jendeak pentsatzen zuen ezinezkoa zela horrelako gauzak egitea, eta nik erakutsi nuen prestatuz gero egin daitekeela.

2003an izan zenuen istripua. Aurretik ere mendizalea zinen.

Oso gaztetatik mamitu dut mendia. Gogoratzen naiz aitonarekin joaten nintzela mendira, Aralar ingurura eta. Berak erakutsi zidan mendian ibiltzen. Gero, kuadrillarekin-eta futbolean ibiltzen ginen, baina bagenuen mendira joateko aukera. Bazegoen jendea eskaladan ibiltzen zena, eta kuadrillako baten familiak bazuen autokarabana eta hilean behin joaten ginen asteburu guztia pasatzera Aralarrera.

Istripua izan eta gero, hasiera batean egoera aldatu zen.

Urtebete egon nintzen lanik egin gabe, eta muinoia ondo sendatzen eta osatzen. Lan bila hasi nintzenean zaila izan zen, eta babestutako tailer batean hasi nintzen, Katealegaian, eta horiek Indar enpresaren barruan tailer txiki bat zuten. Gerora Indar enpresan bertan hartu ninduten. Ikusten nuen gai nintzela zortzi orduz lana zutik egiteko, nolabait, moldatzen nintzela.

Bidegorrian oinez ibiltzen hasi nintzen, nahiko ondo moldatzen nintzen, eta lagunak mendi martxetan parte hartzen zutenez, beraiek animatzera joaten nintzen, eta ikusi nuen mendian ibiltzeko gai nintzela, eta mendi gailurretara joaten nintzen lagunak animatzera.

Eta lagunak animatzetik parte hartzera.

Bai, eta iaz Goierriko Bi Handiak egiterakoan, jendearen txaloak jaso genituen. Tarte gutxi egin nituen korrika, gehienak oinez egin nituen, eta hala ere denbora eman zidan argazkiak ateratzeko. Azken finean erakusteko, nahiz eta urritasuna izan, mendian edo kirolean aritzeko aukera dagoela. Oso ondo bukatu nuen, eta hurrengo urterako erronka da Ehunmiliak proba prestatzea. Esaten dute astakeria dela, baina esan nuenean Goierriko Bi Handiak prestatuko nuela ere esan zidaten astakeria zela.

Aurrera begira erronka gehiago dituzu, beraz.

Hasiera batean Ehunmiliak aurten egitea pentsatzen nuen, baina ondo prestatzea da helburua, eta nutrizionista eta prestatzaile fisikoa bilatu, eta aurten beste erronka batzuk egingo ditut, hemen inguruko mendi lasterketak-eta. Gero, urrian Hiru Handiak ultratraila egiteko asmoa dut, 100 kilometro dituena, eta horretara gonbidatu egin naute. Beste protesi bat izan nahi dut, korrika arinago egiteko eta mendian hobeto moldatu ahal izateko. Orain daukadanari gerra handia eman diot dagoeneko.

Protesiak ere bere garrantzia izango du kirola egiterakoan.

2010ean hasi nintzanean protesi zurrun bat nuen. Harekin ezin zen korrika egin, baina harekin egin nituen XIV Orduak, eta esan nuen horrekin gai banintzen proba hori egiteko, protesi hobeago bat lortuz gero gauza gehiagoa egingo nituela. Aurrerago saiatuko naiz mendi lasterketetako zirkuituan parte hartzen. Ilusioarekin nago eta 50 urte arte saiatuko naiz erronkak betetzen.

Eredu ere izango zara urritasuna duten eta kirola egin nahi duten pertsonentzako.

Desgaitasunen bat duten kirolarien Kemen klubaren kide izaten urteak daramatzat. Mendiko atal bat ere badute, Gurpiltrek izena duena. Eskoletan hitzaldiak emateko aukera zabaldu daiteke, esaterako, haurrei hau guztia azaltzeko. Bestalde, Kemenek nahi du kirol egokitua zabaldu, jardunaldiak-eta antolatuz, haurrek ikusi dezaten nahiz eta adibidez gorputzeko edozein atal galduta izan, kirolean aritzea posible dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!