Bukatzen ez den soka da Asuncion klinikako auziarena. Bukatzen ez dena, eta hari-muturrak nonahi dituena. Azken asteotan, TOPAren aldarriekin bat egin du, klinikako langileen mobilizazio deiak. Bihar lau orduko lanuztea egingo dute, eta abenduaren 20an nahiz urtarrilaren 8an eta 9an egun osoko grebak iragarri dituzte, soldata izoztuen eta lan baldintza «prekarioen» aurka. Arantxa Errondosoro eta Marian Etxeberria Asuncion klinikako langileak dira:
Kolpea eman duzue mahai gainean. Zerk leherrarazi du egoera?
Arantxa Errondosoro. Negoziazio mahaian negoziatzeko ezer ez zutela esan zigutenean lehertu zen egoera. Azaldu ziguten puntu askoren inguruan hitz egiteko prest zeudela, baina ezinezkoa izango zela diruaz eta orduez negoziatzea. Aldebakartasunez erabaki zuten, gure soldatei %1eko igoera aplikatzea, jakinda, 2016an KPIa %1,6koa izan zela.
Marian Etxeberria. Gainera, egoera horretara iritsi gara, sei-zazpi urte pasatu eta gero, pentsa.
A.E. 2013an soldata jaitsi nahi izan ziguten, klinikaren egoera ustez bideragarria ez zelako. Azkenean, ordea, epaileak arrazoia eman zigun. Beraz, zergatik sinetsi behar diegu orain, soldatak igotzeko zailtasunak dituztela?
Epai haren ondotik, zuzendaritzaren jarreran aldaketarik nabaritu zenuten?
M.E. Ez ziguten soldata jaitsi, baina ezta igo ere. Eta gauza bera gertatu zen beren jarrerarekin ere: isiltasuna nagusi. Epaileak hori esan zuela? Bada aurrera, baina guri ezer eman gabe. Gauza bat da urte batean KPIaren igoera eskatzea, eta ez ematea. Baina negoziazioek iraun duten zazpi urte horietako KPIak bidean galdu ditugu, eta galera handiak izan ditugu.
Lan karga eta jardunaldi luzeak ere salatu dituzue. Nolakoa da zuen egunerokoa klinikan?
M.E. Egia esan, niri lanak ez dit beldurrik ematen; gustura egiten dut. Baina ikusten dugu, urte osoan barrena ordu asko sartzen ditugula, eta atseden egunak gutxi izaten direla. Osakidetzan baino 78 ordu gehiago sartzen ditugu. Hori gorputzean pilatzen da.
A.E. Bai. Gustura etortzen gara, baina lan-karga handiarekin aritzen garenean, gero ez dugu zuzendaritzaren erantzunik bueltan jasotzen. Adibidez, langile askok urteak eta urteak daramatzate aldi baterako kontratuekin; egunerokotasunean irregulartasun handiak ikusten ditugu. Legeak ez ditut aurrean, baina ez dakit zazpi-zortzi urtez behin-behineko kontratuekin aritzea zenbateraino izango den legezkoa.
TOPAk ratioen desoreka salatzen du, esanez, langile gehiagok aritu beharko luketela Asuncionen.
M.E. Bai, hori nabaria da.
A.E. Hor ikusten da, esaterako, zergatik ari diren medikuak alde egiten. Traumatologiako zerbitzuan karga handia izaten dute, bai kontsultan, bai kirofanoan.
M.E. Ratioen kontua egia da: paziente asko izaten ditugu gure ardurapean, eta langile gehiago beharko lirateke.
A.E. Kontuan hartu behar da, Asuncion klinikak hitzarmena duela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin. Iruditzen zaigu Osasun Sailak, edo Darponek, ezin dutela beste aldera begiratu; ardura beren gain hartu behar dute.
Lau traumatologok klinika utzi dute. Ordezkatu al dituzte?
A.E. Ez, ez dituzte ordezkatu. Beren arabera, oso zaila da traumatologiako espezialistak aurkitzea. Egia da beste espezializazio batzuetan mediku gehiago daudela, baina, zergatik egiten dute alde? Zerbaitengatik izango da.
Zer nolako harrera izan du zuen mobilizatzeko deiak?
M.E. Azken deialdi honek oso harrera ona izan du. Orain arte jendea gehiago animatu behar izaten genuen, sokatik gehiago tira. Baina, puntu honetara iritsita, jendeak aurrera egitea erabaki du.
Haserre dago jendea.
M.E. Bai, bai.
A.E. Eta, beste hainbat enpresatan gertatzen den bezala, hemen ere beldurra dago; mobilizatzeak ekar ditzakeen ondorioekin pentsatzen du jende askok.
Zenbat langile elkartzen ari zarete batzarretan?
M.E. Azken batzarrean 60-70 inguru elkartu ginen, eta sekula ez ginen horrenbeste elkartu.
Erizainak zarete biok. Mobilizazioetan bada desberdintasunik medikuen eta gainerako langileen artean?
M.E. Orain arte medikuak ez dira deialdietara azaldu ere egin. Eta, orain ere, zenbat etorriko dira bada? Bi? Hiru?
A.E. Azken batzarrean bi etorri ziren. Dena den, kontuan izan behar da Asuncioneko mediku asko ez direla Invizako langileak.
Zein enpresak kontratatzen ditu?
A.E. Ez dakigu, egia esan.
M.E. Beste kontratazioren bat dute, baina ez dakigu gehiago.
Egunotan zuzendaritzaren erreakziorik jaso al duzue?
M.E. Bai. Ohar bat banatu digute, azalduz, ez dutela ulertzen hainbeste zarata ateratzearen zergatia.
A.E. Badirudi egoera lasaitu nahi izan dutela.
Izan ere, 60 langilek bi egunez jarraian greba egitea asko nabarituko da, ezta?
M.E. Bai, eta hori da tristeena: egoera muturreraino eraman beharra, jaramon egin diezaguten. Oraingoz, ordea, mahai gainean ezin da beraiekin hitz egin. Ez dugu uste guk eskatzen duguna sekulakoa denik ere.
A.E. Oharrean esan digute, Asuncion klinikak ez duela, orain arte, itxaron-zerrendarik izan. Baina, zergatik? Langileok sekulako lan-karga izan dugulako. Itxaron-zerrendarik ez izateak ez du esan nahi egoera prekarioa ez denik.
TOPA koordinakundeak urteak daramatza, besteak beste, Asuncion klinika kudeatzeko eredu publiko bat aldarrikatzen. Zuek bat egiten al duzue gogo horrekin?
M.E. Klinika publifikatzearen gaia hor dago, ez daukagu ahaztuta, baina orain langileon baldintzetan zentratuta gaude.
A.E. Argi dago publifikazioa dela bide bakarra, ratioak eta baldintzak beste ospitaletako egoeretara parekatzeko. Eta hori da langile askoren iritzia.
Aldi berean, publifikazioak zuen lanpostuetan izan ditzaketen ondorioek kezka sortzen dizuete?
M.E. Saltsa handia dago, eta ondo pentsatu beharreko kontua da.
A.E. Noski kezka sortzen digula. Baina horrek ez du esan nahi biderik egokiena ez denik.
Posible ikusten duzue Asuncion publiko egitea?
M.E. Nik, momentuz, ez dut aukera handiegirik ikusten.
A.E. Zaila izango da, orain arte Osasun Sailak ez baitu bestelako jarrerarik azaldu; haiek dute giltza.
2013ko epaiketan, bestelako kontuak ere plazaratu ziren; Jesus Gomez Montoyaren enpresa sarea eta diru mugimenduak, kasu. Zergatik ez du auzi horrek erdigunea hartu?
A.E. Jakin nahiko nuke galdera horren erantzuna.
Klinikako jendeak informazio hori ezagutzen du?
M.E. Orokorrean baietz uste dut.
A.E. Zaila da datu zehatzak ezagutzea, baina informazio bat publiko egin zen. Osasun Sailak badaki, guk badakigu eta guztiek dakite.
Azken urteotan mugimendua piztu da, eskualdean, osasun publikoaren harira. Zer gehiago behar da presioa egiteko?
A.E. Erabiltzaileek jakin egin behar dute hemen gertatzen dena. Orain itxaron-zerrendak sortuko dira eta, horrekin, haserreak piztu. Langileok ditugun arazoek interesa piztu dezakete, baina krisi egoerak norbera ukitzen duenean, ordea, orduan pizten da jendearen interesa.
Erakunde publikoen inplikazioa eskertuko zenukete?
A.E. Bai. Tolosako Udalaren babesa azpimarragarria litzatekeela uste dut; alkatearen babesik ez dugu nabaritu.
M.E. Ordezkari politikoek alde batera utzi beharko lukete beren alderdia, kausa batzuen alde.
Zer gertatuko da mobilizazio guztiak amaitutakoan?
M.E. Pentsatu nahi dugu eragina izango duela, baina, auskalo zer darabilten buruan. Gu hasi gara, eta zerbait lortu arte ez dugu etsiko; jendea gogotsu dago. Asko kosta zaigu honaino heltzea.
A.E. Greba bat antolatzea ez da erraza, langile bakoitzak bere egoera pertsonala duelako.
Alde horretatik, pozik zaudete?
M.E. Ni harrituta nago, eta oso pozik. Bazirudien jendea lo zegoela orain arte, baina esnatu dira.
A.E. Krisi garaian, badirudi lanpostu bat izate hutsagatik eskerrak eman behar ditugula. Uste dut, jende asko horregatik egon dela isilik.
Uste duzue zuzendaritzak beldur hori elikatu izan duela?
M.E. Ez dakit berariaz egiten duten edo ez, baina beraiek badakite langile asko beldurrez egon direla, eta badakite zein botoi sakatu behar duten.