«Nire jardunagatik norbait youtuber izan dadin animatzea, garaipena da niretzat»

Iñigo Otaegi 2018ko urt. 29a, 09:28

Euskal edukien zoritxarra zela medio, orain urtebete pasatxo, Aiora Mujikak (Anoeta, 1987) Youtubeko kanal berria ireki zuen. Hamaikatxo gai zukutzen ditu bideo eta txio zintzoen bitartez, hori bai, euskara hutsean. Anoetarra erdietsitakoaz «harro» dago, eta datorrenari so, berdin jarraitzeko egarriz.

Kanala ireki aurretik, komunikazioaren alorrean aritu zara.

Kazetaritza amaitu bezain pronto, Multimedia Komunikazioa izeneko masterra egin nuen, urtebetekoa. Ostean, Berria egunkarian egin nituen praktikak, edizio digitalean, eta gerora zenbait ordezkapen egiteko balio izan zidan tenore hark. Komunikazio eta diseinu enpresa batean ere jardun nuen bost urte pasatxoz, eta interneteko edukiaz arduratzen nintzen.

Euskaraz aritzen diren youtuberrak, apenas. Hori izan zen kanala irekitzeko motibo nagusia?

Bai, baina ez bakarra. Finean, Youtube plataforman sartu-irten andana egiten nuen egunero, eta banituen nazioarteko youtuber batzuk begiko. Penatuta nengoen ordea, euskaraz ez zegoelako tankerakorik, dezente kexatzen nintzen; azkenean, beste bati eskatu ordez, nik heldu nion desafioari. Hala ere, iritzi diot euskal komunitatean ari direla ikus-entzunezko egitasmo interesgarriak gorpuzten, apurka bada ere. Beste alde batetik, laneko estresak gain hartu zidan pixka bat, eta behar nuen ilusioa sorraraziko zidan nire proiektu propio bat edo.

Sentitzen duzu zure aletxoa jarri duzula?

Bai, harro nago. Denbora-tarte txikian euskarazko kanal berriak sortzen ari dira, besteak beste, Etxe txiki, bihotz handi izenekoa. Hain justu, orain gutxi, euren erreferentetzat jo ninduten elkarrizketa batean, eta ilusio latza egin zidan.

Asmo eta jomuga zehatzik ez zenion jarri zeure buruari.

Inprobisazioz jardun nuen, poliki eta proba bat balitz gisan. Alabaina, ezusteko galanta hartu nuen, lehendabiziko bideoak izan zuen oihartzuna tarteko. El Conquistador del fin del mundo izeneko programako lehiakide baten casting polemiko samarra izan nuen mintzagai, eta sua eragin nuen. Espainiako tendentzien zerrendara ailegatu zen bideoa, gerora, baretu dira kontuak. Ertzainaren bideoa kanalarentzat susperraldi moduko bat izateaz gainera, bertigo handi samarra ere sentitu nuen. Halere, ohartu nintzen pertsona asko zegoela euskarazko kanal baten egarriz.

Zenbakiek ez diote probatxo soila denik.

2009an, Twitterreko kontua sortu nuen, greba orokor baten jarraipena egite aldera; egun hartara bideratutako plana izan zen, eta Probatxoa izena jarri nion. Gero, zeharo harrapatu ninduen txiokatzen jarduteak. Hasiera batean, Twitterrek ez zuen uzten izena aldatzen, eta aldatzeko modua zegoenerako, jarraitzaile dezente neuzkan eta izena mantentzeko apustua egin nuen. Horregatik da youtuber ezizena, Probatxoa.

Zerk egiten du zure jarduna aparteko?

Euskaraz egitea da nire berezitasuna. Espainolez edo ingelesez, zerbait oso diferentea egin beharra daukazu, jendearengana ailegatzeko. Gehiago edo gutxiago gustatuko da, baina, euskaraz jardute soila bada berritzailea, hein batean behintzat.

Euskaraz dakiten youtuber asko, espainolez.

Hala sortu zirelako. Esaterako, Telmo Trenado magiari buruzko bideo motzak igotzen hasi zen, trukoak soilik, azalpenik gabe. Ohartu zen bere hartzaile-potentziala erdalduna zela, eta logikoki, jende horrentzat irisgarriago izateko, espainolez mintzatzen da. Ez badago euskarari lotutako xede finkorik, gehienek beste hizkuntza batera jotzen dute. Neure burua behintzat, kamera aurrean ez dut gaztelaniaz eroso sentitzen [barreak].


Youtuber esanguratsuek datuei itsumustuan erreparatzen die, arrakastaren atzetik. Zuk, zer daukazu arrakastatzat?

Adibidez, Maritxu, nora goaz? kanaleko lehen bideoan, nire kanala eredu gisa hartu zutela entzutea. Nire jardunagatik norbait youtuber izan dadin animatzea, garaipena da niretzat. Gogoan daukat, Bilboko Aste Nagusian, txosnetan lanean ari nintzela, nola etorri zitzaidan neska bat esanez, txosnetako 10 kontuei buruzko bideoa ikusi zuela, eta beraien herriko txosnetan lehen txanda egin behar zuten gazteei bidali ziela bideoa.

Popurri zalea zara.

Niri buruzko bitxikerien gaineko bideoek izena dute Popurri. Gainerakoan, zerbaitek amorrarazi baldin banau, lehenik, txio bat idatzi ohi dut. Lehen, joera banuen Zuzeu atarian idaztekoa, TOLOSALDEKO ATARIA-n bertan ere idatzi izan dut zerbait. Orain, bideo bidez partekatzen dut nire ikuspuntua. TAG deituriko bideoak egiteko zalea ere banaiz. Adibide bat aipatzekotan, 20 abesti gogokoenen bideo mordoa dago ingelesez eta gaztelaniaz; nik erabaki nuen, hori euskarara ekartzea.

Gai delikatu samarrak direnen aurrean, gardena zara zinez. Jendeak eskertzen du?

Ertzainaren gaineko bideoak halako zabalkundea izan zuen, pertsona askok sentitu zutelako, nik buruan nenbilkien gauza bera. Erraustegiari buruz ere zintzo eta argi aritu nintzen oso, eta bai, jendeak eskertzen duela esango nuke.

Bideorik kuttunena zein ote?

2017. urtearen errepasoaren bideoa izan da pertsonalena. 2016.a sasoi zaila izan zen, eta iazkoa, gainditze tenorea izan zen. Pozik nago emaitzarekin. Korrikako abestien TAG-aren bideoa egiten ere, bikain pasatu nuen.

Kamera aurrean, lehenago jardundakoa zinen?

Ez. Lagunei esaten diet, ez zaidala lehendabizikoan ateratzen, saiakera ugari egiten ditut. Kosta egiten da, sinesgarri eta natural aritzen. Halere, lehendabiziko bideoen eta azkenengoen artean, hobekuntza nabaria dagoela iritzi diot, orain askeago aritzen naiz.

Youtubeko jarduna beste sare sozialetatik elikatzen duzu.

Hori da. Ez naiz hutsetik hasi, arestian aipatu gisan, txiolari aktiboa naiz eta jarraitzaile dezente ditut. Balantzan jarriz gero Twitter eta Youtube, bigarrena porrot gisa hartuko dute batzuk, akaso. Etxe txiki, bihotz handi kanalak, esaterako, ez dauka Twitter konturik. Niri oso zaila egingo litzaidake zabalkundea Youtube bertatik soilik egitea, kolaborazioak egin beharko lirateke lau haizeetara zabaldu ahal izateko.

'Super Txope' egitasmoaren atzean ere izan zinen.

Sorturen proiektu bat izan zen, eta estimu handia diot lan horri. Lan taldean, ni nintzen youtuberren mundua ezagutzen zuena, eta oso natural aritu nintzen. Youtube asko kontsumitzen dut, banekien kamerak non behar zuen egon, eta zer nolako estilotako bideoak egin behar ziren. Egia da, atzeko lana sekulakoa izan zela, baina, Nerea Arriolaren berbaldi eta jokaerek eman zioten aparteko xarma bideo-sortari. Grazia handiko neska da.

Youtube, hasieran, bideoak partekatzeko zerbitzu bakana zen. Orain, zuetako askoren egunerokoaren erakusleiho da. Kontsumo lineala apurtu duela esango zenuke?

Zalantzarik gabe. Aukera asko ireki ditu, mundu osoak esan dezake zerbait, azkar eta erraz demonio. Lehen, irisgarri izateko, zirrikituren bat topatu behar zen komunikabideen batean; orain, mugikor bat aski da. Publikoak ez dauka zertan kontsumitu telebistak eskaintzen diona, eta telebistak markatzen duen orduan. Beste milaka abagune daude hautatzeko, hartzailea poltsikoratzea zaila da.

Gaztetxoek youtuber izan nahi dute.

Beldurrez bizi dut, ez dakidalako horietatik zenbatek egingo duten euskaraz. Hola Julen edota Iban Garcia gisako youtuberrak, gazteen eredu dira. Telebistan eta jendaurrean ari direnean euskaraz entzuten zaie, alabaina, pribatutasunera doazenean, espainolera jotzen dute. Oso litekeena da, gazteek gauza bera egitea. Goazen telesaileko aktoreekin berdin-berdin, Instagram kontuetan gaztelerazko mezuak jartzen dituzte une oro. Telebistan euskaraz arituta erdiesten dutena, pikutara botatzen dute.

Euskal erreferente izatea samurra da?

Euskaraz zerbait sortzen bada, normalean, txalotua izaten da. Gazteleraz eta ingelesez zientoka adibide daude, euskaraz ez. Hor badago hutsune handi samarra, eta aldi berean, zortea da guretzat. Euskaraz askozaz ere probabilitate gehiago daude kasu egin zaitzaten. Egia da, bestalde, euskaraz egindako zerbait kritikatzeari izua diogula, eta hori ez da ona.

Ikus-entzunezko lan denak, euskarazko telebistaren itzalean.

Pena handia ematen dit. Ez horrek soilik, programak ETB2ren mesedetan egiteak ere bai. Onartu behar da, lantzean behin, Ur Handitan gisako lan ederrak egiten direla. Halere, sasoi batean Teleberri albistegia amorrazioz gainezka ikusten nuen, partzialak dira oso, eta bistakoa da. Eta gauzak ondo egitearen ardura baten batek baldin badu, telebista publikoak du.

Horrez gainera, orain gutxi, El Conquistador del fin del mundo eta Sagak saioak estreinatu dira ETBn. Ez dago alderatzerik gaztelerazko programari ematen zaion hauspoa, euskarazkoarekin. Donostiako kaletik igaro, eta eraikin batean Julian Iantziren irudi jigante batekin egin nuen topo. Nabarmena da diferentzia.

Sareko edukiek apenas dute babes ekonomikorik.

Durangoko Azokan, mahai inguru bat egin genuen, eta sarri errepikatu zen, fikzioa eta sareko lanak, oso ezberdin tratatzen direla ekonomikoki. Hausnartu beharreko zerbait da, desoreka latza dago, eta formatu berrien aldeko apustua ere egin behar da. Ez naiz ari fikzioa ez dela egin behar aditzera ematen, ezta gutxiagorik ere.

Militantzia hutsagatik sortzen diren lanak itzaltzen joaten dira. 'Probatxoa', osasuntsu dago oraino?

Noski. Kanala ez nuen ireki euskal edukiak falta zirelako soilik, benetan betetzen nauen zerbait delako, eta mimoz lantzen dudalako bideo bakoitza. Nekatzen naizenean utziko dut, eta hortxe egongo da nire ekarpena, betirako.

Asmo berezirik baduzu, datorrenari begira?

Azpitituluak jartzeko intentzioekin nabil. Lagun batek komentatu zidan, 2017ko errepasoa jarri ziela ikasleei, euskarako klasean. Bideo horretan hizkuntza jasoagoa erabiltzen dut, eta ez da ideia txarra, euskaraz ikasten ari diren horientzat azpitituluak euskaraz jartzea, adibidez. Pare bat pertsonek idatzi zidaten, euskara ikasleak zirela, eta nire bideo guztiak ikusten dituztela esanez. Ikaragarri betetzen nau horrek. Lehen, euskaraz ikasteko, jendeak Goenkale ikusten zuen [barreak].

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!