«Festa egiten duenak festa egiten du, baina erantzukizuna ere badu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ots. 7a, 07:59

Nuria Carbonell eta Jokin Monfort Tolosako Udaleko Kultur eta Jaietako zinegotzia eta Festa teknikaria dira, hurrenez hurren.

Azken urteotan karrozek zeresan handia eman dute. Kopurua aldatu egin da?

J. M. Oro har, esango nuke karroza eta konpartsa kopuruak gora egin duela. Lehiaketako izen-emate kopurua, ordea, engainagarria izan daiteke. Lehiaketan irizpide gehiago txertatu ditugun heinean, izen-emate kopurua jaitsi egin da.

Karrozen masifikazioa hitzetik hortzera ibili da. Inoiz pentsatu duzue parte-hartzaile kopurua mugatzea?

Nuria Carbonell. Ez, momentuz ez, hori ere aldakorra delako.

Inauterizale askok kritika egiten diote gaur egungo gazteen dantzarako joerari. Zein iritzi daukazue horren inguruan?

N. C. Karrozetako kide asko aisialdi taldeetatik datoz, eta dantza egin izan dute beti. Egia da parodien ohitura galdu egin dela.

Karroza kopurua igotzeak espazioa eskatzen du, eta pabiloi berri bat alokatu duzue.

N. C. Sute bat sortu zen Delta pabiloian, eta hori izan da abiapuntua. Leku berri baten bila hasi ginen Tolosan, ahalik eta karroza gehien sartzeko helburuz. Orain, karroza handienak daude pabiloi berrian, eta konpartsa txiki asko, berriz, Ferialekuan daude.

Asegurua egin behar izan dute karroza eta konpartsek. Zein beharretatik iritsi da erabakia?

N. C. Sutearena oso garrantzitsua izan zen, eta hor ikusi genuen gabezia bat zegoela. Udaleko zerbitzu juridikoei egokiena iruditu zaie aseguru bat egitea, karrozak pabiloian gordetzeko. Karrozetako ordezkariekin iritzi trukean aritu gara eta, azkenean, onartu dute beharrezkoa dela.

Plataforma txikietan adin txikikoak izaten dira nagusi, eta bistakoa da alkohol kontsumoa; botiloia egiten dute, konpartsetan. Udalaren erronketako bat da hori kontrolatzea?

Biak. Bai

J.M. Alkohol kontsumoaren inguruko sentsiblizazio oharrak jasota daude arautegian eta egitarauan. Horrez gain, prebentzio mahaiak urte osoan lantzen du gaia. Lana egiten da, baina zaila da kontrolatzea. Eta, konpartsetatik kanpo, botiloiaren plangintza Astelenitari begira ere egiten da, eta oso emaitza onak ematen ditu.

Astelenitako botiloian, ordea, Tolosatik kanpoko jendea elkartu ohi da nagusiki, ezta?

N.C. Astelenitan fenomeno bat sortu zen, kontroletik kanpo, eta segurtasun arazoak ekartzen zituen, zezen plazaren kudeaketari begira. Hala ere, bideratu zen.

Udalaren erronketako bat al da karrozen inguruan urtero sortzen diren ika-mikak egonkortzea?

J. M. Ez dakit horri erantzuten, paradoxa bat iruditzen zait. Karroza eta konpartsen kasuan, diru publikoa dago tartean, diru dezente. Eta diru horren kudeatzaileak herriko agintariak dira. Zer gertatzen da? Diru publikoaren kudeaketan badirela ezinbestean bete beharreko prozedura administratiboak. Norbaitek diru laguntza bat jaso nahi baldin badu, ezinbestekoa da hori arautzea eta diru laguntza justifikatzea.

Herritarrei pazientzia eskatuko zeniekete?

J. M. Gauzak ulertu egin behar dira. Sentsazioa daukat, eragileek ez ote daukaten garbi, zein den bakoitzaren posizioa festan. Festa egiten duenak festa egiten du, bai, baina festa egiten duenak erantzukizuna ere badauka. Modu publikoan egiten den guztia ez da libre eta, hemen, marra gorritik kanpo egon diren jarrera asko ezagutu ditugu.

Erlazionatuak

Arauak anabasari

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 ots 07 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!