Tolosaldeko gaurkotasuna ulertzeko hainbat gako

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 1a, 10:21

Une honetan Tolosaldean pil-pilean diren hainbat gai ekarri ditugu berriro ere mahai gainera.

Tolosaldea Bus greban

Bi hilabete greban daramatzate eskualdeko autobus zerbitzua eskaintzen duen enpresako langileek. Lan baldintza hobeagoak biltzen dituen hitzarmen bat eskatzen dute, baina momentuz, ez dute enpresaren erantzunik jaso. Mobilizazio ugari egin dituzte, eta eskualdeko udaletan ere aritu dira babes eske.

Asuncion Klinikako langileak ere greban

Asuncion Klinikako langileek ere hiru hilabete daramatzate mobilizazioetan, eta enpresak lan hitzarmen berria negoziatzeko "benetako borondaterik ez" duela salatu izan dute behin baino gehiagotan. Instituzioetara ere iritsi da gaia. Tolosako Udaletxean batzar irekia egin zuten, eta jendez bete zen pleno aretoa. EH Bilduk eta Ahal Duguk lan mahaia osatzeko proposamena luzatu zuten bitartean, EAJk ezezkoa eman zuen. PSEk hasiera batean borondatea azaldu bazuen ere, iritziz aldatu eta ezezkoa bozkatu du.

Martxoak 8ko greba feminista, mobilizazio historikoa

Aspaldiko manifestaziorik jendetsuenak egin dituzte Euskal Herriko txoko askotan milaka emakumek. Baita eskualdean ere. Egun historikotzat jo zuten. TOLOSALDEKO ATARIAk gaiaren inguruan erreportaje eta albiste ugari argitaratu zituen.

Enirio-Aralar auziak zeresan ugari ematen jarraitzen du

Iritzi trukeak, akusazioak... eztabaida sutsua piztu du eskualdean Aralarko pisten auziak. Duela hilabete eskas, Mankomunitateak ezezkoa eman zion Aranzadik Aralarri buruzko txostena aurkezteari, eta horrek haserrea eragin zuen hainbat sektoretan.

Altzoko Handiaren eskaintza, zabalduz

Altzoko Handiaren inguruan hainbat baliabide jarri dituzte Altzoko bisitarien eskura: ikus-entzunezkoa, interpretazio zentroa, eta Segoretxe taberna-jatetxea, bere informazio puntu eta herriko produktuen dendarekin...

36ko gerrako obus bat Leaburu-Txaraman

Espainiako gerrakoa izan daitekeen obus txiki bat aurkitu zuten Leaburuko elizaren inguruan. Leaburuko plaza berritzeko lanetan aurkitu zuten eta Ertzaintzak eraman zuen eztanda eragiteko asmoz; ez da horrelako bonba bat topatzen duten lehen aldia.

Tolosak emakumezkoen trainerua izango du berriro ere

2013an Getaria-Tolosa desagertu zenetik Tolosaldeak ez zuen traineru propiorik. Tolosaldea Arraun Klubak 2008. urtean egin zuen itsasorako jauzia, lehen aldiz. Traineru propioa osatu zuen, Tolosaldea izendatuz. Ondorengo lau denboralditan, 2009tik 2013ra, Getaria-Tolosa izena hartu zuen, Getariarekin elkarlanerako hitzarmena lortu ostean. Aurten berriro ere eskualdearen izena daraman trainerua itsasoratuko du TAKek.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!