Nola doaz prestaketak?
Aimar Alonso. Aurten aldaketa dezente izan dira, eta gorabeherak sortu dira bidean.
Pabiloia berriaz ari zarete?
A. A. Hasieran karroza guztiak Ferialekuan egoten ziren, baina, duela bospasei urte Ferialekua txiki geratu zen. Karroza batzuk hortik ateratzen hasi ziren, eta Amarozko pabiloi batera eraman gintuzten.
Oier Alonso. Eta, handik, Deltara pasatu zituzten karrozak.
Julen Amonarriz. Transformadorea lapurtu zutela-eta, argi indarrik gabe, generadorearekin aritu ginen lanean. Zerraila ere puskatu zen, eta atea zabalik egon zen, inauterietan, eta inauterien ondoren. Horrela iritsi zen sutea.
Aseguru bat egin behar izan duzue, ondorioz
O. A. Bai. Aeguruaren bitartez, gu pabiloian gauden bitartean, pabiloiari egin diezaiokegun kaltea babestuko da. Delta erre izanaren ondorio izan da hori, eta Bellota pabiloia hartzea ere horrek eragin du.
A. A. Pabiloi berrian, ordea, karroza asko moztu egin behar izan ditugu, aurten, bat-batean, 3,5 metrotik gorako guztia debekatu dutelako. Araudi berria atera dute, eta gauza asko gurekin batere hitz egin gabe erabaki dituzte. Haserre eta zurrumurru handiak piztu ziren, eta planto egiteko asmoa ere izan zuten askok buruan. Hala ere, azpimarratu egin behar da udalak une hartan oso ondo erantzun zuela, eta prestutasuna azaldu zutela arazoa konpontzeko. Anarkia bat arautu eta legeztatu nahi dute, eta hori ez dute gaurtik biharrera lortuko. Aurten bat-batean, dena arautu nahi izan dute, zehatz-mehatz.
Arauak behar direla uste duzue?
J. A. Zaila da inauteriak arautzea, hori guk ere badakigu, baina neurri batzuk hartu behar dira.
O.A. Hala ere, gure sentsazioa da kolpe guztiak karroza handioi iristen zaizkigula.
A. A. Bai, ezin dugu lekutik mugitu, txarangen pasaeran isildu egin behar dugu, isunak jartzen dizkigute,...
J. A. Eta konpartsa txikiak nahiera ibil daitezke. Ez da erraza, baina nonbaitetik heldu behar zaio konpartsa txikien arazoari.
Karrozak geldirik egotea neurri ona iruditu zaizue?
O. A. Hasieran polemika piztu zuen, baina, nire ustez, segurtasunari begira, oso onuragarria izan da. Karroza bat gidatzea ez da txorakeria.
Isunek ere zalaparta sortu zuten iaz, baina, egiazki, badira ezarritako ordua errespetatzen ez duten karrozak.
O. A. Azken urteotan isun gutxi batzuk jartzen zituzten, gauza zehatzak. Iaz, ordea, ia bi hilabete beranduago konturatu ginen, karroza eta konpartsa askori eta askori ez ziotela diru laguntzaren bigarren zatia eman. Udalari kontuak eskatu genizkion, eta ikusi genuen isunen arrazoimenak ez zetozela bat errealitatearekin. Adibide bat ematearren, musika aparatua matxuratuta izan zuen karroza bati, bolumenagatik jarri zioten isuna.
A. A. Aurten konpromisoa hartu dute hurrengo egunerako isunen berri emateko. Erreklamazioak jartzeko epe bat ere zabalduko dute. Guk proba grafikoak eskatu dizkiegu.
O. A. Bai, izan ere, baliabide ekonomiko handiak behar dira karroza bat finantziatzeko. Generadorea, mozorroak, edariak, ekipoa eta karroza eraldatzea.
A. A. Karroza handi bakoitzak 1.000 euro jasotzen ditu. Dena den, argi dago ez dugula gure parranda udalak ordaintzerik nahi.
M. C. Batzuek pentsatzen dute, udalak gure parranda diruz lagundu beharko lukeela, eta hori ere ez da kontua. Karrozetako ordezkariok ikusi behar dugu bi aldeok egin behar dugula ekarpenen bat.