«Gazteak kezkati daude saltzen zaigun mundu perfektuari muzin eginez»

Iñigo Otaegi 2018ko mar. 22a, 12:18

Etxeko apaletan topatutako liburu batek doktorego-tesia egiteko bide eman dio Haritz Azurmendi albizturtarrari. Hirugarren urtea du jada, Joxe Azurmendi pentsalari zegamarraren nazio-ikuskera, mundu-mailako pentsalari esanguratsuenen testigantzekin alderatzen.

Kezka eta zalantzek markatzen dute Haritz Azurmendiren (Albiztur, 1991) bizimoldea. Kontu txiki asko pilatzen zaizkio egunerokoan; besteak beste, Galtzaundiko kide izaki, euskaratik eragiten dihardu, eta UEUko Filosofia sailburu gisa, jorratzen ez diren debate filosofikoak mahai gainera ekarri nahian dabil.

Zalantza filosofiko sorta izan duzu gaztetxotatik.

Ikastolan agindutakoaz gainera, joera nuen neure kasa irakurtzeko. Batxilergoko lehendabiziko mailan, Geologia ikasketak nituen begiz jota. Ordea, bigarren mailara igaro nintzenerako, kezka filosofiko batzuk nituen, eta ate irekietara joan nintzen. Felix lagunak ere konbentzitu ninduen, eta buelta askorik eman gabe, Filosofiaren aukerari heldu nion. Gazte mugimenduan nahiko aktiboa nintzen, eta egun bezalaxe, euskara edota abertzaletasuna ziren nire helduleku nagusi.

Filosofia nola tratatzen da hezkuntzan?

Bertako pentsamendu eta tradizioetan ez sakontzea da akatsik larriena. Batxilergoaren bigarren mailan, inork gutxik daki, euskaldunon kezkez jardun duten pentsalariak izan direnik. Gabezia handia dago hor, ezin da betiko lau autoreekin geratu.

Zein dituzu pentsalari kuttunenak?

Graduari ekin aurretik, apenas genuen erreferentziarik. Ostean, nire abizenadun pentsalari baten liburuarekin egin nuen topo, Joxe Azurmendirenarekin, hain justu. Kuriositatez irakurtzen hasi, eta ohartu nintzen, nire zalantza bertsuen gainean hausnartzen zuela, eta zinez egoki.

Denbora-tarte txikian, Udako Euskal Unibertsitatean, Filosofia saileko buru.

Gogoan daukat, Baionan egin zen mitologiari buruzko ikastaro bati esker ezagutu nuela UEU. Gerora, Jakin eta bien arteko kongresuetan, nire galderak mahai gainean jarri izan dira. Ordudanik, harremana estutzen joan da.

UEU, 40 urtetik gora, funtsezko harrobia izaten.

Gurean unibertsitaterik ez zegoen tenorean sortu zen UEU. Jende mordoa zegoen, kanpoko unibertsitateetan pilatutako jakintza, modu ez akademiko eta gertuko batean irakatsiz baliatu nahi zuena. Orain ere halatsu gabiltza, Filosofia saileko kideen artean egitasmo bat marrazten dugu, oro har jorratzen ez diren gaiak aintzakotzat hartuta; ostean, UEUk ematen dio forma ikastaro edo ekimenari.

Militantzia soilak arriskua du itzaltzen joateko.

UEUk oso ondo asmatu du lantalde finko eta bikaina gorpuzten. Sailei dagokienez, lankideen aldartearen arabera, sasoi hobeak eta grisagoak izaten dira. Indarrez eta ilusioz gaudenean proiektuak lantzen ditugu, eta gainezka samar gaudenean, tartetxo bat hartzea komenigarria izaten da, gogoetarako.

Filosofia sailak geldialditxoa izan du azken urteon.

Finean, borondatez jarduteak, gorabeherak dakartza, nahi edo ez. Lehen arduradunak zirenek aitortu zidaten egokia izan nintekeela sailburu kargua hartzeko. Orain, martxa hartzen ari da, presarik gabe; talde polit bat osatzen ari gara, ezertan hasi aurretik, oinarri sendoak finkatzeko.

Hirugarren urtea Joxe Azurmendiren nazio ikuskera zukutzen.

Euskal nazionalismoa XXI.mendean izeneko masterra bukatu bezain pronto, tesiaren proiektua aurkeztu nuen. Xedea da, Joxe Azurmendiren, eta nazioa aztertzen duten beste pentsalarien arteko esanetan egon daitekeen harremana xehetzea.

Tesiaren lehen hilabeteetan, ikuspegi orokor bat lantzen jardun nuen. Geroztik, idazlan oro irakurtzen ari naiz goitik behera, sekulako material pila dago eta nekeza da.

Epe luzera nahiko nuke ikerlerro bat izan Joxe Azurmendi eta bere belaunaldi kideena; besteak beste, Txillardegi, Juan Mari Torrealdai edota Joseba Intsausti.

Nazioa kontzeptua lausoa da zinez.

Akademikoki hutsune latza dago, maiz, ez garelako gauza identifikatzeko, estatu baten barruan bestelako komunitate nazionalak ere badirela. Politikoki tranpa gisa erabiltzen da, erakunde ugari nazio bailiran instituzionalizatzen dira eta. Zoritxarrez, estatu-nazioaren ideia oso txertatuta daukagu.

Hegemoniaren aurrean, zer jarrera dugu euskaldunok?

Orain gutxi arteko jomuga zen, naziotzat errekonozitzea, autodeterminazio eskubidea erdiesteko. Azkenaldion, nazioa eta estatuaren korrelazioa hautsi egin da, eta estatu propioa izateko beste planteamendu batzuk jarri dira martxan. Orain hobeto onartzen da, estatu baten barruan nazio franko egon daitezkeela.

Nazioa politikaren eta kulturaren zakuan sartzen dugu ia beti.

Feminismoak eta abarrek erakusten digute, komunitate horiek ez direla bakarrak. Politika ez da nazio eta estatuetan soilik ematen, nazioen barruan ere badira talde ezberdinak, eta are gehiago anizten ari dira. Nazioaren barruan makina bat zehar-lerro daudenaren ikuskera aski barneratua daukagu.

Ezinezkoa da nazioengandik aparte jardutea.

Badago joera bat esateko munduko hiritarra zarela, eta ez zarela nazio bat beraren parte ere. Badira espainiarrak nazioa oso era murritzean ulertzen dutenak, eta hein batean, berdin zaienak Espainiarekin zer gertatzen den. Aldiz, Kataluniako prozesuan gauden honetan, akaso ez zaie hain «berdin» izango.

Denok jaiotzen gara komunitate batera, eta hizkuntza bat edo batzuen bitartez hezten gaituzte. Munduratzen garenerako norbanakoak komunitateka banatuta gaude. Euskal nazioa zinez ezberdina da Mauletik begiratuta, edo Lizartzatik.

Batetik, jatorrizko tradizioagatik mailakatzen gara, oharkabean. Bestetik, norbere kasa egindako ekintzen bitartez lehendik dakargun motxila aberastuta, edo beste ohitura batzuetan murgilduta.

Nazioa definitzeko ezinbesteko elementua da sentiberatasuna. Gazteok, gure arbasoak baino kamutsago gaude, zentzu horretan?

Gazteen jarduna lainoztatzeko diskurtso zabaldu samarra dago, eta nik zalantza handiak ditut. Euskal kultura aintzat hartuta esaterako, bertsolaritzan etorri den belaunaldi bakoitzak plastatekoa eman dio ideia horri. Gazte mugimenduari dagokionez, apika ez dago lehen bezain klasikoki antolatuta; alabaina, iritzi diot gazteak kezkati daudela, behin eta berriz saltzen zaigun mundu perfektuari muzin eginez. Twitter-eko erabiltzaile aktiboen goseak ere hori erakusten du. Azken urteetan, Antropologia edota Filosofia ikastera sekulako gazte pila apuntatu da, gure garaian baino dezente gehiago. Beharbada, ez dugu asmatzen behar gisan artikulatzen.

Bestela, nazioen ikuskerak ere aldatzen doaz belaunez belaun. Bizilegea da, erreferentzia eta kezka berriak dakartzate gizaldi berriek, eta ikuspuntuen oinarria aldatzen ez bada ere, ertzak birpentsatzen dira.

Azkenaldiko korronteek nolako eragina izan dute hemengo abertzaletasunean?

Eredu berriak sortu direla esango nuke. Kanpoko esperientziak aintzat hartuta, euskal herritarrok gaude, horiek gurera nola ekarri hausnartzeko prozesuan. Deserosotasuna eragin du jendearengan, berriz ere kokatzeko premia sortu du, eta aldi berean, abagune berriak ireki dira.

Hizkuntza nazioari hertsiki oratuta dago. Tolosaldeko azken datuak ikusita, ze gogoeta egin duzu?

Datuetan islatzen da, biztanle aldaketa tarteko, lehenago eremu salbatuak zirenak, hauskorrak direla. Bestetik, zenbakiek erakusten dute, gazteek euskaraz egiten ez dutenaren zurrumurrua gezurra dela. Galtzaundin, oso proiektu estrategikoak egon dira gazteei euskaraz eragiteko, eta begira emaitzak. Orain ohartu gara, beste adin-tarteetan esku hartzeko premia dagoela. Gainerakoan, euskaraz bizi daitekeenaren masa emankorrak aditzera eman du, gutako bakoitzak euskararen eragile behar dugula izan, bai eskualdean, eta baita kanpora begira ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!