«Gaur-gaurkoz kirolik gabe, ez dut nire burua pozik imajinatzen»

Iñigo Otaegi 2018ko urt. 22a, 20:59

Tenerifeko oporraldian ere, ez dio errutinari muzin egin Alain Irazuk (Tolosa, 1974). Goizero hamar kilometrotik gorako korrika saioak egiten aritu da, bertako San Silvestre lasterketa prestatze aldera. Apenas geratzen zaio kirolik aproba egiteko; egun, patinetan jarduteak betetzen du gehien.

Kirolarekin zenuen hartu-emana nola aldatu zen, ezbeharra eta gero?

20 urte egin berritan, eskuin hanka galdu nuen, istripu bat zela eta. Arestian, ez nintzen oso kirolzalea, eskalatzeko planak-eta egiten genituen, baina, entretenitzeko modu bat besterik ez zen niretzat. Autoak eta abiadura ziren nire pasio; ordea, kontu horiek ederki ahaztu nituen, dohakaitzaren ostean.

Aste gutxira, Kemen Elkarteko lagunak ezagutzea funtsezko txutea izan zen, ikusi nuelako nire egoera berean edo okerragoan, zer nolako ausardia eta ahala zuten. Errekontrua izan eta hilabete batera, Amarotzetik Asteasura bizikletan joan nintzen, hanka bakarrarekin. On egiten zidan nekatzeak, bete egiten ninduen. Aparte, sekula eskiatu gabekoa nintzen, eta horretan ere saiakera egin nuen. Gainera, Euskal Herriko, Espainiako, eta Frantziako txapelketetan parte hartu genuen.

Azken zortzi urteotan, patinetan jardun dut gehien. Uda ailegatzen zenean, elurraren eta eskiatzearen falta sumatzen nuen. Bada, pentsa, patinak probatu nituenetik, eskiatzera joateko desira itzali zait kasik.

Denbora-pasa hutsetik, ihesbide eta premia izatera igaro da kirola?

Ezbairik gabe. Beste ikuskera batekin bizi dut egunerokoa. Esaterako, oporretan, goiz demonio jaiki naiz, kilometro mordoko ibilbideak egitera. Fisikoki eta mentalki sekulako mesedea da; gaur-gaurkoz, kirolik gabe, ez dut nire burua pozik imajinatzen.

Albo-onurak gehiago izan direla ematen du.

Nik jarduten nuen ingurua animatzen, aldarteko nengoen, benetan. Zentzudun jokatu nuela iritzi diot, 20 urte nituela, ezin nuen zulotik atera ezinda geratu. Buelta eman nion, eta nola gainera. 23 urteren buruan, zintzotasunez diot, argi gehiago ikusten dizkiodala, itzalak baino. Etorri zaizkidan aldaketa guztiak, onerako izan dira.

Erreferente zehatzik izan al duzu?

Kemen Elkarteko kide asko dago ni bezalaxe. Gogoan dut, eskiatzera joan, eta botak erdibana erosten genituela [barreak]. Eredu nagusiagoak gertu izateak ikaragarri laguntzen du; patinetan ez dut ispilurik izan, baina, beste heldutasun batekin harrapatu ninduen.

Bi makulu eta hanka bakarrarekin, korrika. Astakeria?

Gogorra da oso, bai [barreak]. Besoak eta hankako bikiak asko kargatzen zaizkit. Dena dela, gozatu egiten dut, eta ondo datorkit patinetan trebatzeko. Tenerifeko San Silvestre lasterketa, patinetan egin izan dut azken edizioetan; ordea, iaz korrika egiteko gogoa piztu zitzaidan.

Patinen kontuak erakarri zaitu gehien.

Behin, emaztearekin Getariako itsasertzeko pasealekura jaitsi nintzen, makuluak lagun. Probatu eta gutxira, Amasako Beñat Azurmendi maisuari deitu nion, irrika nuelako patinekin aproba egiteko. Baldar samar antzematen nuen gorputza protesiarekin arituz gero, eta hanka bakarrarekin ahalegindu nintzen, eskiatzen bezala. Gogoratzen naiz nola azaltzen zidan, xehe-xehe: 'Hankarekin egin behar duk, zigarroa itzaltzen ariko bahintz bezala' [barreak].

Hasieran, gehiago aritzen nintzen konoekin jolasean, eremu txikian. Behin konfiantza hartu nuenean, apurka, bidegorrira ateratzen hasi nintzen. Zarautz eta Getaria arteko bidea egiteko, bost geldialdi egiten nituen, lehertuta, arnasari buelta eman ezinda. Hilabete batzuen buruan, 42 kilometroko maratoi bat egitera iritsi nintzen, Iruñekoa.

Kemen Elkarteko presidenteak esaten zidan, Behobia-Donostia maratoia egiten amaituko nuela, eta nik astakeriatzat hartu nuen haren esana. Eta begira, iaz laugarren egin nuen, nire marka pertsonala onduz, ordubete eta hamahiru minutuan burututa.

Behobia-Donostian, zu izan zinen bidea irekitzen aitzindari.

Orain lau urte, Serafin Zubiri itsuak eta biok, historian lehenengoz, patinetan egin genuen lasterketa. Hurrengo edizioan, Parisen ezagutu nuen laguna atera zen nirekin batera, konbentzitu nuen eta pozarren geratu zen bizitakoarekin. Hirugarren eta laugarren urteetan, beste inor ez da animatu, ni izan naiz bakarra.

Parisen sei orduz aritu zineten, erreleboka. Bertan ezagutu zenuen aipatu berri duzun laguna.

Nire arazo berbera zuen kide bat ezagutu nuen, eta batera patinatu genuen. Tren moduko bat egin genuen denon artean, patinatzaile trebeak aurrean tiratuz jarri ziren, eta ezindu denak tartean. Oso egun polita pasa genuen.

Izen handiko lasterketak baino lehen, Amasa-Villabonan korritu zenuen aurrenekoz.

Ez daukat ahazteko. Izugarrizko egarria pasa nuen, eta hauspoa errekuperatu ezinik ibili nintzen. Aurten, berriz hartu dut parte, eta pertsonalki, xarma handiko lasterketa da; ibilbidea aldatu dute edizio honetan, eta are gustagarriagoa zait.

Jendeak dizun aparteko begirunea hautematen duzu?

Publikoaren epeltasuna latz sumatzen da lasterketa barrutik. Esan izan didate, zenbaitzuetan, lehenengo sailkatuari baino txalo gehiago egiten didatela [barreak]. Behin, Iruñeko maratoia bukatu bezain pronto, bi amona zoriontzera eta besarkada ematera etorri zitzaizkidan.

Slalom modukoak ere egin izan dituzu, goi-mailako patinatzaileekin.

Behin ikustera joan, eta ezagun batek proposatu zidan, ea animatuko al nintzatekeen. Egia esan, hasieran ez nintzen ikusten horrelako zerbait egiten, baina, gero asko disfrutatu nuen. Gainera, ikusten nengoela, ohartu nintzen konoak errenkadan jarrita, zigzag mugimenduak egiten zituztela, hanka bakarraren gainean; pentsatu nuen, 'ze kristo, hori da eta nik egiten dudana' [barreak].

Aurten bigarrengoz, Lemans zirkuituari biraka, 24 orduz.

Irristaka taldeko 10 lagun bildu ginen, eta haurren moduan disfrutatu genuen. Zalantzarik gabe, egin beharreko erronka bat da. Hasieran, taldeko batek korrika joan behar izaten du patinen bila, eta bi buelta eman zirkuituari; lasterketari hasiera emateko modu partikularra da, motoekin berdin egiten dute. Aurten gogoa nuen eta ni izan naiz hasera eman diona.

Pertsonalki, desafiorik esanguratsuena akaso?

Ez. Munduko ertz askotara joaten bagara ere, Behobia-Donostia maratoia baino hoberik ez dago, nire iritziz. Lasterketa amaitu eta gero, urteko lasterketa dela esaten dut beti. Prestaketa lana eskatzen du ondo jarduteko, baina, bide bazterreko jendeak laguntzen dizu maratoi erdia egiten, latza da.

Zein beste lasterketa dituzu begiz jota?

Berlingo maratoia buruan iltzatuta daukat. Orain gutxi, Parisko lagunak ikusi nituen nola parte hartu zuten lasterketan, eta sekulako inbidia eman zidaten. Gustatuko litzaidake, datorren urtean, hara joan eta probatzea. Horretaz aparte, zerrendatik sekula alde egingo ez dutenak daude: Getaria-Zarautz biatloia eta trabesia, Soraluze-Bergara, Behobia-Donostia, Amasa-Villabonako lasterketa...

Sorterrian baduzu entrenatzeko lekurik.

Gehienbat, Zarautz eta Getaria bueltan aritzen naiz, joan-etorriak egiten. Noizbehinka, jaioterri ingurura itzultzeko aitzakia gisa hartzen dut, bai; bidegorria izugarri gustatzen zait, eta badut joera, Tolosatik Itsasondora joateko. Eguerdiz egiten ditut entrenamenduak, eta 15 kilometroren bueltako itzuliak egiten ditut.

Igeriketari ere grazia harrapatu diozu, lehen sekula aritu gabea izanda.

Esan daiteke, kirolari bezala igerilari gisa hazi naizela gehien. Orain urtebete hasi nintzen probatzen, eta ez nintzen kapaza hiru luze segidan egiteko. Hauspoa lehendik ere banuen, teknika zen landu behar nuen alorra; urte erdira, ordu eta erdiko trabesia, ordubetean egin nuen. Emazteak esan izan dit; «Beti muturrera joan behar duzu. Ez al dakizu zerbait egin eta aparte uzten?» [barreak].

Arazo berarekin topo egingo dutenentzat ispilu izango zara.

Errespetua ematen du istantean kirol arriskutsuei heltzea, halere, baten bat animatuko denaren esperantza dut. Iruditzen zait, zure oztopo bera duen nagusiago baten laguntza ezinbestekoa dela, eredu gisa hartu eta hortzak estutzeko.

Orain 23 urte, ezbeharra izan eta astebetera, gizon bat gerturatu zitzaidan ohean etzanda nengoela. Berarekin hitz egiten minutuak eman eta gero, aitortu zidan nire problema bera zuela. Zer esan ez nekiela geratu nintzen, bi hanka zituelakoan nengoen, eta bitartean, protesia zuen. Begiak zabaldu zizkidan.

Egun, niri tokatzen zait beste rolean jardutea. Deitu izan didate, gazteren baten aholkulari lanak egiteko. Maite dut haiei laguntzea, badakidalako egoera lazgarri hori atzean uzteak zer suposatzen duen. 23 urteko esperientziadun baten gertutasuna mugarri izan daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!