Tolosaldeko Ahotsa

Antaliseko 26 langile daude Madrilen

Ataria 2014ko urtarrilaren 23a
Antaliseko langileak Madrileruntz abiatu dira gaur goizean goiz, enpresak Espainian duen egoitza nagusian elkarretaratzea egiteko asmoz. ELAko Mikel Zabaletak azaldu duenez, 11:00etan hasiko dute elkarretaratzea eta informazioa ere banatuko diete hango langileei.

Antaliseko langileak ez daude etsitzeko prest. Zuzendaritza orain arte itxieraren inguruan hitz egitera mugatu da, baina beraiek borrokan jarraitzeko asmoa dute. Zentzu horretan Madrilera joango dira bihar Antalisek Espainian duen egoitzara. Bertan Albizturko plantaren itxiera salatuko dute eta bertako langileei enpresak egun batetik bestera hartutako itxiera erabakia azaltzen saiatuko dira.

Langileak orain arte, bideragarritasun plan bat egitearen alde azaldu dira lanpostuak bermatze aldera, baina enpresak ez du eskaera aintzakotzat hartu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosaldea Garatzenen laguntza izaten ari dira, baina oraingoz ez dira zuzendaritzarekin akordio batetara iritsi.

Urtarrilaren 13a arte luzatu zen negoziaketa epea, baina akordiorik lortu gabe, izan ere langile batzarrak ez zuen onartu enpresak egindako eskaintza. Hala ere, langileek negoziatzeko borondatea dutela utzi zuten argi uneoro, ELA sindikatuak azaldu duenez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!