Bukatu da Antaliseko oinazealdia

Ataria 2014ko api. 1a, 09:03

Zuzendaritzak, kaleratutako langileen kalte ordaina 45 egunetara igo du, 24 hilabeteko topearekin; langileen gehiengoak onartu egin du. Amaitu da, beraz, azken hilabeteetako oinazealdia. Leire Pikabea da Albizturgo lantegiko langileetako bat. Akordioaz eta azken lau hilabetetako ibilbideaz hitz egin du.

Albizturgo Antalis lantegiko langileek irteera "duinago" bat lortu dute. Iazko azaroren 28an jakinarazi zien zuzendaritzak enpresa ixteko asmoa zuela, eta ordutik, borrokan aritu dira.

Langileen nahia lantegiaren bideragarritasuna lortzea izan da, eta horretan aritu dira lanean, baina zuzendaritzak itxieraren alde bakarrik egin du.

Gaurko zuzendaritzak planteatutako erregulazio espedientearen aurkako epaiketa zegoen deituta, baina asteburuan akordio batetara iritsi dira. ELA eta LAB sindikatuek azaldu dutenez, Antaliseko zuzendaritzak "langileak isiltzeko asmoz" kalte ordainen zenbatekoa "dezente" handitu du, urteko 45 egunetara, 24 hilabeteko topearekin. Eta horrela ematen dute bukatutzat azken hilabeteetako borroka.

Aurrekariak

2013ko azaroaren 28an jakinarazi zien langileei zuzendaritzak Albizturren duen lantegia itxi nahi zuela. Ordutik borrokan aritu dira langileak; greba, manifestazioak, kontzentrazioak, enkarteladak, kotxe karabanak, Madrilen egindako mobilizazioa, otsailaren 15ean lantegian bertan egindako ekintza ikusgarria... "Hamaika izan dira Albizturko lantegiko langileak egin behar izan dituzten ekintzak. Ez da talde handia (39 kaleratu ziren hasiera batean), baina etorkizuna jokoan izanik, ez zieten beste aukerarik utzi", esan dute sindikatuek.
 
Bitarte honetan, lantegiaren bideragarritasuna izan da helburu nagusia langileentzat. "Gatazkaren amaiera arte Antaliseko zuzendaritzarekin lanpostuak mantentzeko konpromezua lortzen saiatu gara, behin eta berriz. Bide horretan, Tolosaldea Garatzen eta Gipuzkoako Aldundia lagun, bideragarritasun plan bat martxan jartzea ere lortu da. Baina bide horretan egindako saiakera guztiak ez dute multinazionalaren asmoa aldatuarazi".
 
37 langile otsailaren 14an izan ziren kaleratuak eta beste biak Bizkaiko lantegira lekualdatu zituzten. Hitzarmenak ezartzen duen kalteordain minimoa eman nahi zieten langileei, hau da, urteko 30 egun, 12 hilabeteko topearekin. Kalteordain guztiak batuta 1.100.000 euro.
 
Pasa den ostiralean ordea, langile ordezkariak, LAB eta ELA sindikatuetako abokatu eta arduradunekin batera, Madrilen egon ziren, eta egun osoan negoziaketa gogor batean aritu ondoren, enpresaren azken eskaintza hobetzea lortu zuten. Guztira, 2.700.000 € ordaintzeko eskaintza. Ordaindutakoa baino % 250 gehiago, kontsulta epean eskainitakoa baino 600.000 euro gehiago. "Banaketa, aintzinatasunaren araberakoa izango zen gehiena (ia % 90a), baina denontzat kopuru lineal edo berdin batzuk bermatuz", esan dute.

Herenegun, larunbat goizean, onartu zuen eskaintza langile batzarrak eta beraz, biharko ezarrita zegoen epaiketa egin beharrean, Bilboko Auzitegi Nagusian akordioa formalizatuko dute.
 
"Ez da enpleguaren suntsiketa geldiaraztea lortu kasu honetan, baina egia da ere borrokak irteera askoz ere duinagoa ekarri duela. Langileek, ahalegin guztiak egin dituzte irtenbiderik hoberena bilatzeko, eta hori horrela izan ezean, bukaera hau lortzea ezinezkoa litzateke", gaineratu dute sindikatuek.
 
Bukatzeko, bidean lagun izan dituzten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete, eta bereziki, Tolosaldea Garatzen, Gipuzkoako Aldundia, Albizturko Udalari, Tolosako Udalari, Ibarrako Udalari, eta noski, hainbat mobilizazioetan parte hartu duten Tolosaldeako langile eta militante guztiei.

por internet0637

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!