Asteartean 09:00etan iritsi ziren Albizturko Antalis enpresako langileak, beste enpresetako langileen babesarekin, Unipapelekoak besteak beste, euren lanpostuen defentsan. Izan ere, pasa den ostiralean, hilaren 14an, gauzatu ziren euren kaleratzeak eta atzoko protestarekin «irtenbide duin bat» bilatzeko negoziaketak burutzea eskatu zuten.
Protesta deigarria eta berezia izan zen. Izan ere, langileak enpresaren kanpokaldean bildu zirenean, enpresaren barruan zeuden langile batzuk Antalis ez itxi leloa zuten sobreak bota zituzten enpresaren goiko aldetik, eta teilatuan ere ibili ziren suziri eta pankartekin. Behean zeuden langilek Utzi bakean eta Antalis ez itxi leloak oihukatzen zituzten bitartean. Langileak iritsi aurretik jada Ertzaintzaren presentzia nabaria bazen ere, langileak enpresa barrura sartzean presentzia areagotu egin zen. Une batean, langileen eta Ertzaintzaren artean tentsio une nabariak ere bizi izan zirelarik.
Protesta hotsak eta oihuak etengabeak izan ziren. Eta ELA sindikatuko Mikel Zabaleta identifikatua izan zen elkarretaratzea egiteko eskaerarik ez zutelako.
Hilaren 14tik kaleratuak
Antaliseko prozesua azaroaren 28an hasi zen, orduan jakinarazi baitzitzaien langileei kaleratuak izango zirela. Horrelako erabakirik ez zutela «inondik inora espero» adierazi zuten langileek, eurak «normaltasunez» ari baitziren lanean. Eta egoera honen aurrean, abenduaren 5etik greba mugagabean zeuden Antaliseko langileak. Orduan hasitako negoziaketa epea, urtarrilaren 13an «adostasunik gabe» amaitu zen eta hilaren 14tik kalean daude hogeita hemeretzi beharginak. Ostiralean bertan sartu zuten auzi kolektiboa ELA eta LAB sindikatuek. ETTaren iraungitzearen aurka.
Honegatik guztiagatik, Mikel Zabaletak, esan bezala, protesta «deigarri bat» egitea zuten atzokoan helburu. Euskal Herrian eta bereziki gure eskualdean lan erreformaren ostean «gutxi batzuk askoren etorkizuna txikitzen ari direlako; ez bakarrik egungo lanpostuak, baita etorkizunekoak ere». Horregatik, ekimenarekin hau salatzeaz gain, kontzientziak «astindu» nahi izan zituzten. «Sare industrial osoa txikitzearekin batera», etorkizuna «txikitzen» ari direla azpimarratu nahi izan zuen Zabaletak.
Laida Zubillagak, LAB sindikatuko ordezkariak, ohartarazi zuen atzoko eguna ez zela halabeharrez aukeratutako eguna, langileak hilaren 14tik kalean daudelako aukeratua izan zen. Langileei kaleratzearen berri eman zitzaienetik, «bideragarritasun plan» bat adostea bilatu izan dute sindikatuek eta langileek, baina, negoziaketarik gabe langileak «kalean daude». Salaketa hau egitekoa ezinbestekoa ikusten zuten. Antaliseko langileen gehiengo batek urte «mordoa» daramatelako enpresan, «hogeita hiru urte» bataz beste. Eta, beraz, epaitegietako bidea irekita egon arren, langileek «borrokan» jarraituko dute.
«Irteera duina»
Antaliseko langileen izenean hitz egin zuten Fernando Gordejok eta Leire Pikabeak, eta bereziki azpimarratu nahi izan zuten enpresaren jarrera «itxia» eta langileen aldetik «irtenbide duin batzuk» bilatzeko nahia.
Hilaren 14tik, langabezian daudela gogorarazi nahi izan zuen, kalera doazen «hogeita hemeretzi familia gehiago» direla. Pikabearen eta Gordejoren esanetan borrokan ari dira, euren «helburua lortzeko». Eta helburu hori enpresa zabaltzea da. Honen aurrean, enpresaren aldetik, ordea, jarrera «itxia» dela salatu zuten bi langileek.
Langileek «irteera duin bat» bilatu nahi dute, bideragarritasun plan bat egin, eta beste irtenbide batzuk «posible ote diren» aztertu. Bataz beste Antaliseko langileek lanean hogeita hiru urte daramatzatela baieztatu zuten, batzuk berrogeita bost urte daramatzatelarik lanean enpresa honetan. Beraz, eskaintzen zaizkien baldintza «miserableetan» kalera joateko «inongo asmorik» ez dutela adierazi zuten.
Egoera honen aurrean «borrokan jarraitzea» besterik ez dutela argi dute. Merezi duten «baldintza duinetan» enpresatik ateratzeko.
Gainera, azpimarratu zuten bestelako enpresetako langileen «babes handia» jasotzen ari direla. «Denek elkarrekin borroka egitea» beharrezkoa dela azpimarratuz. Eskualdean enpresa asko «ixten edo ETTak ezartzen» ari direla gogorarazi zuten, eta honen aurrean «denek lan eskubide duin batzuen alde» lanean jarraitu beharko dute, Pikabea eta Gordejoren ustez.
Udala, Foru Aldundia eta Tolosaldea Garatzen «bideragarritasun plan bat» prestatzen ari direla zehaztu zuten, eta horregatik bai instituzioei eta baita bestelako herritarrei eta langileei «eskerrak» eman nahi izan zizkieten eskaintzen ari diren «laguntzagatik».
Protestari amaiera eman zioten, langileek eta sindikatuetako ordezkariek asanblea bat eginez. Bertan berriro ere «eskerrak» eman zizkieten, Antaliseko langileei «elkartasuna adieraztera» joandako guztiei. Eta datozen egunetan, protestarekin jarraitzeko asmoa adierazi zuten. Enpresaren barrura sartu ziren langileei zegokionez, berriz, langileak protestaren ostean, jada enpresatik kanpo zeudela jakinarazi zuten, inolako arazorik gabe.