Antaliseko langileak "borrokan" jarraituko dutela esan dute

Ataria 2014ko urt. 15a, 10:41

Antaliseko langileek Tolosan eginiko manifestazioaren irudia
Aurrerantzean mobilizazio asko egingo dituztela esan dute gatazkari "beste irtenbide" bat emateko. Izan ere, datozen egunetan iritsiko dira kaleratze gutunak eta langileek epaitegien bidea hartuko dute.

Albizturgo Antalis enpresako langileak ez daude etsitzeko prest, eta mobilizazioak egiten jarraituko dutela esan dute. Izan ere, pasa den astelehenean bukatu zen zuzendaritzak ezarritako itxiera espedientearen kontsulta epea, baina ez dira akordio batetara iritsi eta kaleratzeen gutunak datozen egunetan iritsiko dira. Langileek esan dutenez, epaitegien bidea hartuko dute.

Horiek horrela, Antaliseko langileak beren esku dagoen guztia egiten jarraituko dute gatazkari "beste irtenbide" bat eman asmoz. Gogoratu behar da abenduaren 5a ez geroztik daudela greba mugagabean eta ekimen ugari egiten ari direla itxiera ekiditeko, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Tolosaldea Garatzenekin batera egingo duten bideragarritasun plana. Hori bideratzeko bilerak egingo dituzte datozen asteetan.

ELA sindikatuak azaldu duenez, orain arteko negoziaketetan ez da egon aurrerapen askorik: "Langile batzordearen partetik lantokiaren bideragarritasuna lantzen saiatu diren bitartean, zuzendaritzak lantokiaren itxiera aukera bakarra dela esaten jarraitu du momentu oro".

Bilera ugari
Urtarrilaren 7an Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, bildu ziren Eusko Jaurlaritzako Industria saileko bi arduradun, zuzendaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat eta langileen ordezkariak (langileen batzordeko, eta LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak). Itxiera ekiditeko bideragarritasun plan bat egiteko borondatea agertu zioten han bildutakoek zuzendaritzari, baina enpresak ez zuen kontsulta epea luzatu nahi izan. ELAk esan duenez, lantokia lehenbailehen itxi nahi dute, eta kalte-ordainetan akordio batera iritsi nahi dute. "Behin itxiera akordioa eginda, langileen parte batentzat lantoki horretan eta euren kabuz lan egiteko aukera aztertzeko prest zegoela esan zuen zuzendaritzak, baina zehaztasun eta ziurtasunik eman gabe. Langileen ordezkaritzak, aldiz, bideragarritasuna modu zehatz eta fidagarrian aztertu baino lehen, eta konpromiso zehatzagoak hartu baino lehen, lantokiaren itxiera ontzat ematea ez zela onargarria esan zuen", argitu du sindikatuak.

Urtarrilaren 9an izan zen azken bilera. Gizarte Segurantzako Ikuskaritaaren egoitzan, Donostian, bildu ziren enpresa eta langileak. Enpresak ez zuen bere jarrera aldatu, eta eskaintza ekonomiko bat jarri zuen mahai gainean. Eskaintza urteko 45 eguneko kalte-ordaina izan zen, 24 hilabeteetako mugarekin. Ikuskatzaileak kontsulta epea lau egunez luzatzea proposatu zuen, hau da, urtarrilaren 13a arte, baina honek ere ez du emaitzarik eman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!