Eskualdeko hainbat enpresen etorkizuna kolokan

Mikel Iraola 2013ko abe. 3a, 13:14

Endaki, Marie Brizard eta Antalis enpresak ixteko arriskuan daude eta langileak greba mugagabean dira. Azken honen erabakia ostegun arratsaldean hartu zuen zuzendaritzak, eta bihar egingo dute lehen bilera NH Arantzazu hotelean. Langileak kanpoan izango dira.

Tolosaldeko enpresagintzak ez du garai oparoena bizi. Hainbat dira arazo larriekin aurkitzen diren enpresak: erregulazio espedienteak, kaleratzeak, zorrak... Baina arazo horien alderik ilunena, itxierarena, bereziki eskualdeko hiru enpresek bizi dute une honetan.

Urtarrilean Zizurkilgo Huyck Wangner enpresak itxieraren berri eman zien bere langileei, eta maiatzean 74 langilek lanpostua galdu zuten. Antzeko egoeran aurkitzen dira Endaki, Marie Brizard eta Antalis enpresak. Zuzendaritzak itxiera espedienteak aurkeztu zituen hiru lantegietan eta langileek oraindik mantentzen duten greba mugagabea hasi zuten. Enpresa batzuen egoera ekonomikoa txarra da, eta beste batzuena, aldiz, ona. Baina denen atzean bi gako daude: multinazionalak daudela atzean, eta lan erreformak erraztasunak ematen dizkiela erabaki hori hartzeko.

1. ENDAKI
Adunako Endaki SL enpresako langileek urriaren 14an hasi zuten greba. Sektore eolikorako, aeronautikorako, petroleorako eta ontzigintzarako piezen mekanizazioan egiten du lan enpresa honek. Hiru urte eta erdiko epean, 2009ko ekainetik 2012ko azarora, lau lan erregulazio txosten jasan behar izan zituzten. Gainera, hainbat hilabetetan ez zuten nominarik jaso. Laugarren eta azken txosten horretan, enpresa ixtea aurreikusi zuen zuzendaritzak. Lantegiko 18 langile kalte ordainik gabe kaleratzea aurreikusi zuten. Gainontzeko 15 langileak Lekunberrin duen Endaki 2 enpresara aldatzea proposatu zuten, abendura arte, baina, kobratu gabe.

Harrez geroztik, negoziazioan aritu dira langileak, sindikatuak eta zuzendaritza. Pasa den astean izan zuten azken bilera eta egoera «oso beltza» denaren ondorioa atera du Mari Mujika, LAB sindikatuko ordezkariak. «Itxiera erregistratuta dago. Alderdi ekonomikoan zulo handia du. Orain arte erakutsi ez duten dokumentazio baten zain gaude orain».

2. MARIE BRIZARD
Zizurkilen hilabete gutxitan arazo beraren aurrean aurkitzen den enpresa da Marie Brizard. Edariak ekoiztu, botilaratu, prezintatu eta banatzen ditu. Bordelen eratu zen 1755. urtean, eta sei produkzio lantegi ditu: bi Bordelen, Aigren, Beaucairen eta Fuernmayorren (Errioxa), Zizurkilgoaz gain. Azken honek 45 urte daramatza martxan anisaren eta Olatz patxaranaren ekoizpenean zentratuz. 2006an Belvédère talde frantsesaren eskumeneko enpresa da.

Bi aste pasatxo daramatzate greban, espero gabeko itxiera espedientea zabaldu ondoren. Izan ere, enpresak egoera ekonomiko ona du. «Lana badago, eta enpresa bideragarria da, baina hemengo lana eta dirua, gaizki doazen taldeko beste enpresa batzuetara bideratu nahi dute» diote Mikel Martinez eta Igor Guadixek.

Grebak iraun duen bitarte horretan hiru bilera egin dituzte zuzendaritzarekin, baina ez dute akordiorik lortu. «Gabonetako kanpaina betean murgilduta geunden, eta grebaren ondorioz ia 800.000 botila anis egin gabe geratu dira. Produkzio horren zati bat aurrera ateratzeko greba hiru egunez altxatzea proposatu zigun enpresak, baina lanera itzultzeko gure kondizio bakarra espediente hori altxatzea da». «Ez dakigu mugimendu hauek benetakoak diren ala egoera desblokeatzeko egiten dituzten, baina enpresari behintzat min ematen ari garela argi dago» aipatu dute.

Negoziazioko legezko bost bilerak egiteko epea abenduaren 15ean bukatuko da, eta adostasunik lortu ezean enpresaren esku geratuko da negoziazioarekin jarraitu ala kaleratzeak egiten hastea. «Borroka, zerbait lortu arte ez da amaituko» diote.

Horretarako, kotxe karabana egingo dute gaur goizean zehar. Tolosa eta inguruko beste leku batzuetan, enpresak bizi duen egoeraren berri emango duten mahai informatiboak jartzea ere pentsatu dute. Horietan gainera, itxieraren aurkako sinadura bilketa ere egingo dute. Bestalde, datozen asteotan manifestazio baterako deialdia ere egingo dutela ere aurreratu dute Martinez eta Guadixek.

3. ANTALIS
Azken kasua, berriena, Albizturko bidean dagoen Antalis enpresarena –urtetan Kanguros izan denarena– da. Pasa den ostegun arratsaldean eman zieten abixua bertako langileei eta egun hauetan lanera joaten ari diren arren, ostegunean, tramiteak iristen direnean, hasiko dute greba 39 langileek euren lanpostuen alde.
Erabaki hau, Marie Brizard-ekoaren antzera, espero gabekoa izan zen langileen partetik. «Asteazkenean bilera zuten langileek eta zuzendaritzak. Susmo txarra hartu zioten bilera hari. Kaleratzeren bat edo soldata jaitsierak izango zirela pentsatu zuten, inolaz ere ez itxieraren berri emango zietenik», azaldu du Laida Zubillaga, LAB sindikatuko kideak.

Grafikagintzak, eta oro har, papergintzak urte hauetan jasan duen krisiarekin lotu du arazo hau Zubillagak: «Paperaren eta gutunazalen erabilpena jaisten joan da, eta krisi ekonomikoarekin are gehiago. Arazo hau ez da Antalisen soilik ikusi, SAM-en ere hainbat langile kaleratu dituzte».

2001ean Antalis multinazionalak erosi zuen orduko Kanguros. Nazioartean lan egiten duten 40 enpresek osatzen dute Antalis taldea, eta gaur egun, Sequana enpresa taldearen parte da, eta erabakiak hark hartzen ditu. «Ostegunean Madrildik etorri zen zuzendaritza eta hotz-hotzean bota zuten hilabeteko epean langileak kale gorrian geratuko direla», azaldu du Zubillagak.

Zuzendaritzak ostegunean emandako txostenean, enpresa ekonomikoki bideragarria ez dela ondorioztatzen zuen, baina horren aurka ageri dira langileak: «Ulertzen dute ez dela errentagarria, baina gure ustez hiltzen utzi dute. Ez zaie Albizturko lantegia interesatzen, berez 39 lanpostu horiekin jarraitu dezaketelako. Guk enpresaren bideragarritasunean sinisten dugu, eta ez dugu itxiera planteatzen».

Bihar ekingo diote negoziazioari Donostiako Costa Vasca hotelean. «Erosoago sentitu nahi dute, baina langileen presioa nabarituko dute. Guk dokumentazio gehiago eskatuko diegu, bai enpresarenak, baita taldearenak ere». Etorkizuna kolokan badute ere, langileek borrokan jarraituko dute.

Tolosaldean, azken urteetan izan diren itxieretako hainbat adibide

GOROSTIDI
Lanpostuak: Zuzeneko 157 langile, eta zeharkako 600 inguru.
Produkzioa: Papergintzarako makinaria produzitzen zuten.
Itxiera: Gorostidiko arazo ekonomikoak 2009ko urtarrilean hasi ziren prentsan agertzen, enpresak Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztu zuenean. 157 langiletik 137ri eragiten zien EEEk. 2010eko martxoaren 3an hartzekodunen lehiaketan sartzea eskatu zuen enpresak, zorrei buelta ezin zielako eman. Ondoren likidazio prozesuan sartu zen Gorostidi, itxieraren aurreko fasean.

AMAROZ PAPER FABRIKA
Langileak. 120 langile inguru geratu ziren kalean azken urteetan, horietatik 105 lantegia behin betiko itxi zutenean.
Produkzioa. Papera.
Itxiera. Amaroz Paper Fabrika 1868an jarri zuten martxan, beraz, 143 urte zituen, 2012an, itxi zenean. Tolosan zegoen azken paper fabrika zen Amarozkoa. Jarduera gaizki zegoela ikusita, saiakera egin zuten Legorretako Paperalia enpresa erosiz eta bertara joanez, tartean langileek ere dirua jarriz, eta zegoen lekuan etxebizitzak eginez, baina azkenean ezin izan zuten lantegia aurrera atera.

EMUA-EMUSI
Lanpostuak: Zuzeneko 65 langile.
Produkzioa: Industria makinariaren diseinua eta fabrikazioa, besteak beste, papergintza eta industria eolikoaren arlorako.
Itxiera: 2012an itxi zuten enpresa. Administrazio kontseiluko kideek euren karguak 2009an utzi zituzten, hartzekodunen lehiaketa abenduan deitu zutelarik. Langileei Enplegu Erregulazio Espedientea aplikatu zieten 2009ko irailean. Hauek enpresa ez ixtearen alde egin zuten borroka, Emusiri irteera eman nahian. Ezinezkoa bilakatu zenean irtenbidea, kalte ordainen alde jarraitu zuten borrokan.

HUYCK WANGNER
Lanpostuak: 80 langile zituen eta 75 geratu dira kalean.
Produkzioa: Huyck Wangner alemaniar multinazionalaren enpresa. Lantegia, Zizurkil Goian, Altziturri industrigunean. Aurretik Perot y Cia. izenez ezagutzen zen. Paper industriarako ehun metalikoak egiten ziren.
Itxiera: 2013ko urtarrilean jakin zuten langileek zuzendaritzak lantegia ixteko asmoa zuela. Langileek auzitara eraman zuten enpresa, eta azkenean, borroka luze baten
ondoren, zuzendaritzak proposatutako
Akalte ordainen igoera onartu zuten, guztira 6,4 milioi euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!