Apirilaren 1ean burutuko da Antalisko langileei ezarritako espedienteari buruzko epaiketa

Iñigo Terradillos 2014ko mar. 12a, 10:55

Albizturko Antalis enpresako langileek jakitera eman dutenez, enpresak pausorik ematen ez badu, apirilaren 1ean burutuko da Bilbon, zuzendaritzak planteatutako erregulazio espedientearen aurkako epaiketa.

Urtarrilaren 13an amaitu zen kontsulta epea, akordiorik gabe, eta enpresak hitz egiteko "prest" zegoela esan zuen arren, langileek adierazitakoaren arebara, "enpresaren aldetik jasotako berri bakarra otsailaren 14an kaleratuak izan ginela izan da". Hori dela eta, epaitegien bideari ekiteko erabakia hartu zuten langileek.

Azaroaren 28an jakin zuten Antalisko 39 langileek enpresa ixteko erabakia hartua zuela zuzendaritzak. Langileek onartzen duten moduan, bazekiten enpresaren egoera ez zela lehengoa, "hortaz konturatzen lehenak normalean langileak izaten baitira". Enpresak jaso zuen isun "erraldoi" baten inguruan hitz egin zieten langileei egoera ulertze aldera, baina isun hori eta bere ondorioak ez zituztela beraiek ordainduko argitu zitzaien: "Baina, ez zen horrela izan, eta bai isuna eta baita ondorioak ere itxiera batekin nabaritu ditugu. Urte luzez batzuk egoeraz aprobetxatu eta ondoren ondorioak beste batzuk, langile xumeek, nabaritu eta sufritu!", salatu dute.

Horren aurrean, langileek behin eta berriro esan diote enpresari itxiera hartu beharreko neurrietan azkena beharko lukeela izan, eta egokiago zela bideragarritasun plan bat egitea, aukera ezberdinak aztertzea, zuzenean itxiera planteatzea baino. "Baina, enpresaren erabakia irmoa zela segituan konturatu ginen, 39 langileen irteeraz eta horien baldintzetaz soilik hitz egin nahi baitzuten".

Negoziazio epean izan duten Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosaldea Garatzenen laguntza nabarmendu dute langileek, eta egun, bideragarritasun plan bat lantzen ari direla esan dute. "Aukera hori, baina, ez da enpresaren borondatez lantzen ari, langileengatik eta erakundeen laguntzari esker baizik". Hala, euren etorkizunaren alde "gogor" borrokatu dutela denbora honetan guztian gogoratu dute langileek: "Abenduaren 4aen greba mugagabea hasi genuen, eta greban egonda ere hortxe egon gara eta gaude enpresaren kanpoaldean eta negoziazio bilera guztietara joan gara, Madrilera ere bai, bertako Antalisko langileei bizi dugun egoeraren berri ematera". Borroka honetan hurrengo pausoa, enpresaren zuzendaritzak aldaketarik egin ezean, apirilaren 1ean izango da, enpresak planteatutako erregulazio espedientearen aurkako epaiketa, hain justu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!