Mirua hirukote tolosarrak Lau begi eder maitasun abestia aurkeztu zuen pasa den astean. Euskal Herriko musika eszena garaikidean talde indartsuenetakoa den TOC talde mungiarrarekin batera grabatu dute, eta bideoklipak, sei egunetan, 4.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu.
Maitane Iruiñ eta Malentxo eta Mattin Zeberio tolosarrek osatzen duten taldeak disko berria argitaratuko du laster, eta disko horretako kantu berri bat da honakoa. Lehenago, Mugaz gaindi eta Salda badago abestiak aurkeztu zituzten. «Bi horietan, Tolosako erraldoien, trikitiaren eta euskal dantzen eskutik, sustraiekiko eta tradizioarekiko dugun atxikimendu handia agerian utzi bagenuen, orain gure alde rockeroagoa ezagutzeko ordua da», adierazi dute.
Disko honen lan prozesuak hasieratik taldearen egunerokotasuna osatzen duten estilo ezberdinekin jolasteko asmoa izan du ardatz nagusi, eta abesti honek, zehazki, bere lehen oroitzapenetatik presente dauden euskal rock-aren eraginetaraino eraman ditu. «Abesti berri honek, erreferentzia horien bidez, udako egun batean bizi ditugun sentsazio eta pentsamenduei buruz hitz egiten digu, eguzkipean burutik pasatzen zaigun guztia batzen duen koadro inpresionista baten moduan».
Beraien sorkuntza guztietan bezala, honetan ere oso handia da ikus-entzunezkoaren pisua, eta baita jaioterriari egiten dioten keinua ere. Abestiaren lelo itsaskorra den esaldia, «elkarri begira lau begi eder dira», Tolosako inauterietako Troika kantuaren zatia da. Bideoan, halaber, Urdax Magunazelaia harri-jasotzaile abadiñarra da protagonista.
Abestia Mattinek ekoitzi du eta zeberiotarren etxearen eta TOC taldeak bere musika grabatu ohi duen baserriaren artean grabatu dute. Oraingo honetan, instrumentazio elektronikoari gitarra bat, baxu bat eta bateria gehitu dizkiote.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!