Arte martzial mistoetako AFL ligan lehenengoz arituko da Jon Mikel Salaberria (Urretxu, 2000) borrokalaria. Underground Series txapelketaren barruan, Donostiako Atano III. pilotalekuan izango da ekitaldia, larunbatean, 17:00etan. Hiru minutuko hiru txanda izango ditu aurkaria menderatzeko eta bere «onena» emateko asmoa du Salaberriak.
Tolosan hogei urte badaramatza ere, Donostiako Kuraia gimnasioan entrenatzen du, eta duela urte eta erdi hasi zen kickboxing praktikatzen. Hasi eta hilabetera probatu zuen, lehen aldiz, arte martzial mistoen modalitatea. Larunbateko norgehiagokari begira, batez ere, gogotsu hitz egin du.
Nola sortu zen aukera?
Liga horretan ekitaldi zenbakitu asko egiten dira, eta horietan parte hartzen duten borrokalariek esperientzia handiagoa eta maila hobea izaten dute. Donostian egingo dena liga berak antolatzen du, baina txapelketa txikiago bat da, pixka bat zabaltzeko eta jendeak ere parte hartzeko aukera izateko arte martzial mistoetan.
Donostiara ez dira askotan etortzen, urtean behin edo izaten da, gutxi gorabehera. Prest sentitzen garenok izena emateko aprobetxatu dugu aukera. Gimnasiotik, guztira, zazpik borrokatuko dugu.
«Landutakoa egitera joango naiz, ikasitakoa praktikan jartzera eta nire onena ematera»
Noiz hasi zinen entrenatzen?
Kickboxing egiten hasi nintzen duela urte eta erdi edo. Garai hartan ez nuen hain serio hartzen. Aipatu zidaten txapelketa bat egin behar zutela eta probatzeko ondo egon zitekeela. Bada, probatzea erabaki nuen, hilabetez ahal nuen moduan prestatu nintzen eta... Lehena izateko ez nintzen hain ahul sentitu. Borroka hura galdu egin nuen, baina beste bat jarri ziguten handik hiruzpalau hilabetera. Hartarako hobeto prestatu nintzen eta irabaztea ere lortu nuen.
Sei hilabetez edo egin nuen kickboxing, eta ondoren arte martzial mistoetara pasa nintzen. Hasieran galdu xamar sentitzen nintzen, lurrean ere borrokatu behar baita, baina gustua ere hartu nion.
Debuta izango duzu, nola sentitzen zara borrokara begira?
Nahiko ondo sentitzen naiz; ez nabil oso urduri. Zertxobait bai, jakina, beti izaten da; eta sentitu behar da, gainera. Beste ezer baino gehiago, gogoa sentitzen dut. Azkenean, urte osoa daramagu borroka egiteko prestatzen, eta hau izango da ikasitakoa praktikan jartzeko aukera. Eta aurrera begira ere aukera gehiago sortzen badira, primeran.
Lehiakidea ezagutzen al duzu? Baduzu borrokarako aurreikuspenik?
Esan didatenaren arabera, berak ere debuta izango du, eta zortzi hilabete omen daramatza entrenatzen. Hori da esan didatena. Hortik aurrera ez dakit aurretik beste arte martzialen bat egin duen, entrenatzen aritu den... Ez dakit, nire moduan, aurretik borrokaren bat egin duen edo ez; horiek ez baitute baliorik txapelketara begira eta, ondorioz, ez baitira zenbatzen.
Ni landutakoa egitera joango naiz, ikasitakoa praktikan jartzera eta nire onena ematera.
Zein dira zure indarguneak? Eta non sentitzen duzu hobetzeko beharra?
Egia esan entrenamenduetan denetik lantzen dugu. Lurra asko entrenatzen dugu, kaiola ere badaukagu eta bertako teknikak ere lantzen ditugu asko, eta diziplinak ere nahasten ditugu, jakina. Kolpeak banaka ere entrenatzen ditugu, kickboxing astean bitan egiten dugu... Esango nuke oso ondo osatuta daudela entrenamenduak, eta arlo guztiak lantzen ditugula.
Egia da denbora batez lurra gehiago landuz gero, ondoren kolpeetara itzultzen zarenean nabaritzen duzula, eta ordu gehiago sartzeko beharra sentitzen duzula. Hori da, baita ere, arte martzial mistoen berezitasuna: oreka hori bilatzea. Lurrean ondo sentitzen naiz, kaiolaren aurka ere ondo, eta zutik, kolpeka, aritzeko ere indartsu sentitzen naiz; beraz, ondo osatuta esango nuke.
Eta irabaziz gero? Beste borrokaren bat ere egingo duzu?
Momentuz ez dago beste datarik zehaztuta. Irabaziz gero liga horretan ate batzuk zabaltzen dira; beste borroka bat egiteko aukerak bai, behintzat. Gero asko aldatzen da hainbat ezaugarriren arabera: nola borrokatzen duzun, ikuskizun handia eskaintzen duzun edo ez, nola mugitzen zaren... Nik pentsatuta daukadana irabaztea da, eta aurrera begira proposatzen dizkidaten guztiak onartzea.
Hemen inguruan antolatzen al dira txapelketak?
Izatez, ez dago ohitura handirik, baina azkenaldian ospea hartu du eta goraka doa. Gure gimnasioan asko nabaritu genuen Topuriak irabazi izana: astebetera jende pila batek eman zuen izena. Txapelketa horiek entzutetsu egin dute kirola, eta gazte asko hasi dira parte hartzen. Nik begi onez ikusten dut.