Miruak 'Salda badago' kantua aurkeztu du

Ataria 2025eko otsailaren 19a

Hirukote tolosarrak udaberrian argitaratuko duen bigarren diskoko beste aurrerapen kantu bat aurkeztu du; euskal musika tradizionalaren munduko hainbat kolaboratzaileren laguntza izan dute.

Mirua tolosar hirukoteak abesti berria argitaratu du: Salda badago. Taldeak udaberrian argitaratuko du bere bigarren diskoa, eta bertako bigarren aurrerapen kantua da, Mugaz gaindiren atzetik. Taldeko kideek adierazi dutenez, abesti berriak «taldearen alderdirik folklorikoenera» darama entzulea, hain justu, «Euskal Herriko erromeria batera».

Miruak azaldu du Salda Badago kantuan 90eko hamarkadako Maixa eta Ixiar edota Alaitz eta Maider trikitilari bikoteen zenbait erreferentzia topatu daitezkeela kantuan. «Egunerokotasuneko hizkuntzatik abiatuta, gozatzera eta doinu horiek xurgatzen hasi ginenetik sortu dugun iruditeria ezagutzera gonbidatzen zaituztegu», adierazi dute. Hain justu, «amets bat» bete du Miruak, Maixa Lizarribar trikitilaria altzotarrak kolaboratu baitu kantu honetan. Lizarribarrez gain, Jorge González, Peru Altube (Huntza), Maia Zeberio (Arrixku) eta Helkorfolk artistek ere parte hartu dute abesti honen grabazioan. Taldeko kide den Mattin Zeberiok ekoiztuta, Haritz Harreguayren estudioan grabatu dute abestia; bideoa ere egin dute.

Euskal Herriko musika tradizionalean ezinbestekoak diren bi instrumentu dira abestiaren protagonistak: trikitia eta panderoa. Miruak, baina, favela funk estiloko korua batzen du, «euskal folklorearen garaikidetasunaren momentuko adierazgarririk handienetakoen artean kokatuz». Salda badago kantuan, beraien egunerokotasunaren parte diren askotariko genero musikalak islatzen dituztela gaineratu dute.

Kantu hau Guauren –EITBren audio plataforma berria– aurkezpenean entzun ahal izan zen, lehen aldiz. Bertan, Manu Gaigne perkusio-jotzaileak kolaboratu zuen Miruarekin. Hain justu, talde tolosarrak kantu berri hauek eta askoz gehiago aurkeztuko dituen bira berrian parte hartuko du Gaignek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!