Hiribuseko mozioa onartu dute eta gidariak kalte-ordaina jasoko du

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko apirilaren 3a

Hiribuseko autobus gidariak eta Ixa Pellus Cuadrabus enpresako langile ohia, Tolosako udalbatzaren martxoko osoko bilkuran. J. A.

Tolosako udalbatzak babesa adierazi die Hiribuseko langileei eta zerbitzua hobetzeko eskaera egin du; gidaria akordio ekonomikora heldu da CuadraBus enpresarekin.

Ixa Pellus CuadraBus enpresako langile ohiari eta egungo hainbat langileri babesa adierazi eta Hiribusaren zerbitzua hobetzeko eskaera egiteko, Tolosako udalbatzaren martxoko osoko bilkuran, EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako mozioa onartu zuten, gehiengo osoz. Mozioak dio enpresa 2018an Tolosako Hiribusa kudeatzen hasi zenetik, langileen lan-baldintzak «prekarioak» izan direla, eta ez dela bete aurreko langileen grebaren ondoren udalak eta enpresak hitzarmenean adostutakoa. Ondorioz, mozioak enpresari eskatzen dio hitzartutakoa betetzea.

Mozioan, gainera, zenbait eskari egiten zaizkio udalbatzari, honek CuadraBus enpresari helarazteko: kaleratua izan zen gidaria berriz ere kontratatzea eta Hiribusaren zerbitzura atxikitzea, plantillaren egonkortasuna bermatzea eta azken urteetan lanean izan diren gidariak mantentzea, langileen lan-baldintza duinak bermatzea, eta tolosarrei hiri garraio zerbitzu egokia emateko beharrezko baldintzak bermatzea.

EH Bilduk mozioa onartzearen alde bozkatu zuen. Ander Figuerido zinegotziak azaldu zuen, herritarren eta langileen geroz eta kexa gehiago jasotzen ari zirela eta, errekerimendu bat egin ziotela enpresari, zenbait dokumentu eskatuz. EAJk abstentziora jo zuen. Biotza Agirre zinegotziak eman zituen azalpenak: «Mozioko zenbait eskaera langileen lan-baldintzen ingurukoak dira, eta pleguetan jasota daude. Udal gobernuaren betebeharra da pleguetan jasotzen dena betetzen dela egiaztatzea. Mozio honi erantzuteko gaiaren trataera integrala falta dela iruditzen zaigu, eragile guztiak elkartu eta pleguetan jasota ez dauden irizpideekiko adostasunera iristea alegia».

Berez, bilkuraren biharamunean zuen Pellusek epaiketa. Azkenean, baina, akordio ekonomikora heldu zen CuadraBus enpresarekin, eta kalte-ordaina jasoko du. Bere bi lankideek, baina, bajan jarraitzen dute. «Udalarekin harremanetan jarraituko dugu, pleguak ez direlako betetzen, eta arlo horretatik ariko gara lanean, zerbitzua hobetu asmoz», adierazi du Pellusek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!