Bedaiotar asko, desanexiorako prozesua hastearen alde

Ataria 2025ko api. 3a, 19:00

Bedaio auzoko ikuspegi orokorra.
Bozketa bat egin zuten auzoan, eta parte hartu zuten 62 bizilagunetatik, 53k bozkatu zuten alde; gutun bat igorri diote udalari, bidelagun izateko eskatuz.

Tolosako Udalaren martxoko osoko bilkuran, oposizioak mahai gainera eraman zuen Bedaio auzoaren desanexioaren gaia. Izan ere, martxoaren 20an, erregistrotik honakoa zioen eskutitz bat heldu zen udaleko erregistro orokorrera: Egoera ondo aztertu eta hausnarketa prozesu baten ondorengo barne-bozketa batek erakusten digu zein den Bedaioko bizilagunon nahia. Leire Zubeldia EAJko zinegotziak honakoa adierazi zuen: «97 biztanletatik 62k parte hartu zuten bozketan. Horietatik, Tolosatik desanexionatu eta Amezketara lotzeko prozesua abiarazteko aldeko bozkak 53 izan ziren; aurkakoak, 9. Prozesua martxan jartzera doala esan dute eta prozesu horretan bidelagun izatea eskatzen diote udalari. Beraz, ulertzen dut ez dela kea, ezta susmo bat ere, errealitate bat baizik».

Alkateak erantzun zion Zubeldiari: «Hausterre egunean izan ginen bertan. 90 pertsona daude erroldatuta eta 50 agertu ziren; giro oso onean egon ginen beraiekin. Esan ziguten auzoan galdetu nahi zutela ea prozesua abiatzeko gehiengo bat alde ote zegoen. Oso argi adierazi ziguten Amezketarekiko gertutasuna sentitzen dutela, eta ez daukatela ezer udalaren aurka. Nahiz eta beraiekin bilerak egin ditugun, ofizialki jaso dugun berri bakarra erregistrotik sartu den eskutitza izan da», esan zion Martinez de Rituertok. Era berean, argi utzi nahi izan zuen Zubeldiak aipatutako bozketa otsailean hedabide batek argitaratutako albistea baino beranduago egin zutela.

Prozesurako «prest»

Alkateak aitortu zuen gehiengo zabal batek prozesua ireki nahi duela, baina orain abiatu egin behar dela. «Aurrez, ordea, ondo aztertu behar dira prozesu honek alderdi guztientzat izan ditzakeen ondorioak». Gaineratu zuen prestutasun osoa dutela auzotarrei eta Amezketako Udalari laguntzeko. «Nik beti esan dut prest gaudela prozesua aztertzeko eta erraztasunak emateko. Ez dugu eraso bat bezala hartzen, eta normaltasun osoz hartuko dugu gaia; eman beharreko pauso guztiak emango ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!