Tolosako Herri Babesa boluntario bila dabil

Ataria 2025ko api. 4a, 15:00

Azken urteetan behera egin du boluntario kopuruak; gaur egun, sei lagunek osatzen dute taldea, eta hori indartu eta jarduera bermatu asmoz, kanpaina bat jarri dute martxan. Izena eman nahi duenak, udal erregistroan egin behar du eskaera.

Tolosako Herri Babesa herritarren eta ondasunen babesa bermatzeko helburua duen zerbitzu publikoa da, batik bat, arrisku handiko edota larrialdi edo hondamendi naturalekin lotutako kasuetan esku hartzen duena, herritarren segurtasuna eta bizia arriskuan egon daitekeenean, alegia. 

Lan boluntarioa da. Azken urteetan, ordea, behera egin du boluntario kopuruak. Gaur egun, sei lagunek osatzen dute taldea. Hori indartu eta etorkizunera begira bere jarduna bermatzeko helburuarekin, boluntarioak biltzeko kanpaina jarri dute martxan.

Zer egiten du Herri Babesak?

Bi lan-lerro nagusi ditu babes zibilak: batetik, larrialdi edo hondamendi naturaletan laguntza ematea larrialdietako euskal sistemako gainerako agenteekin (Udaltzaingoa, Suhiltzaileak, 112, osasun arloko zerbitzuak, Ertzaintza...) koordinatuta: uholde, sute edo istripu larrietan. Larritasun txikiagoko intzidentziak ere artatzen dituzte. Adibidez, haizete batean zuhaitzen bat erori eta bidean traba egiten badu, hori erretiratzeko lanak egin izan ditu. Bestetik, herrian antolatzen diren ekitaldietan (jaiak, kirol-ekitaldiak, errepide mozketa duten egitasmoak...) Udaltzaingoari laguntza ematen dio, parte hartzaile eta ikusle modura bertaratzen diren herritarren segurtasuna bermatzeko.

Lan hori, hortaz, aurrez antolatu edo programatutakoa izan ohi da batzuetan; beste batzuetan, aldiz, azken orduan aktibatu daiteke, unean uneko gertakarien arabera. Lan boluntarioa den heinean, baina, boluntarioek eurek aukeratzen dute zein zerbitzu eman, beraien ahalmenaren arabera, eta konpromiso familiar eta profesionalak albo batera utzi gabe. Lana gauzatzeko udalak eta Udaltzaingoak estaldura judiziala ematen diete, baita asegurua ere.

Zer egin izena emateko?

Herri Babeseko taldean boluntario modura izena eman nahi dutenek, udal erregistroan egin behar dute eskaera, alkateari eta Udaltzaingoari zuzenduta. Norbere datu pertsonalak adierazi beharko dira, baita harremanetarako telefono zenbaki bat ere.

Behin izena emanda, harremanetan jarriko dira Herri Babeseko arduradunak eta Udaltzain burua, ondorengo urratsak definitzeko eta kudeaketa lanak egiteko (baimenak, txartelak, lan tresnak, uniformea...). Lanean hasi aurretik, formazio bat ere eskaintzen zaie boluntarioei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!