Elkartasun urratsak Potosiraino

Ataria 2025eko apirilaren 5a

Aurreko egunotan landu duen kanpainari amaiera emateko Herrikide ikastetxeak 'Elkartasun urratsak' ekimena egin du gaur Tolosan. Ikastetxeari itzuliak emanez, Tolosa eta Potosi arteko distantzia osatu nahi izan dute: 19.518 kilometro.

Boliviako Potosi eskualdeko 30 emakumek josten ikasi eta ofizio bat ikasi dezaten elkartasun proiektua laguntzen ari da Tolosako Herrikide ikastetxea. Emakume horiek ahaldundu, alfabetatu eta euren familien sostengu izan daitezen, 7.300 euroko aurrekontua duen proiektua lagundu dute Tolosatik. Horretarako, bi herrialdeen artean dagoen distantzia egin nahi izan dute korrika, ikasle, irakasle, guraso eta herritarrek.

Aurreko bi asteetan ikastetxeko ikasleekin lanketa egin dute eta gaur herrira zabaldu dute ekimena. Herrikideko ordezkariek aipatu dutenez, kilometroak gutxienekoa izan dira gaurkoan, lehiaren gainetik, elkartasuna adierazi eta hezkuntza komunitate osoak goiz-pasa polit bat igarotzea izan baita helburua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!