Kilometroak 2013

Kilometroetako prebentzio kanpainaren balorazio ona egin dute antolatzaileek

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 10a, 16:18

Gazteek jaietan duten alkoholaren eta drogen kontsumoaren arazoa ikusirik, Kilometroak 13ren antolakuntzak lanketa berezia egin du urte osoan zehar, kontsumo arduratsua bultzatze aldera.

Plangintza honetan gai honen inguruko eragile guztien inplikazioa lortzen saiatu dira antolatzaileak. Aurretik hausnarketa egin zen Laskorain ikastolako guraso, langile eta ikasleen artean. Prebentzio plangintza garatu eta gauzatzeko garaian, berriz, kanpoko laguntza ere izan dute: udal gizarte zerbitzuak batetik, eskualdeko osasun zerbitzuak bestetik.

Kilometroak egunaren aurretik, hainbat ekintza egin dituzte: ikasleen artean prebentzioa lantzeko jarduera bilduma prestatu eta Gipuzkoako ikastetxeetan zabaldu dute; Tolosako nerabeen familientzako tailerrak burutu dira, Agipad erakundeko adituen eskutik; Tolosako ostalari eta merkatariei sentsibilizazio saioa eskaini zaie, Agipadek gidatua; eta KMK13 egunean lana egin duten boluntarioekin formazio saioak burutu dira, besteak beste.

Kilometroak 13 egunean, berriz, honako lan hauek burutu ziren: zirkuituan beira eta alkoholdun edariak sartzea debekatuta dagoela gogorarazteko kartelak jartzea; ibilbideko txosna guztietan “Edari alkoholdunen salmenta arduratsua” dekalogoa jartzea; adin txikiko gaztetxoei ez zitzaien edari alkoholdunik zerbitzatu; eta prebentzio ibiltaria egin zen, sarreretan gazteei gai honi buruzko informazioa emateko, eta guneetan arrisku egoerak antzeman eta gazteei laguntzeko.

Aipatutako neurri horiekin guztiekin batera, abiapuntua markatu zuen hausnarketa saioan, ikasleek beraiek partaidetza zuzena aldarrikatu zuten eta eskaera horri erantzuteko ERRONKA ekimen berria diseinatu eta arrakasta handiz burutu da, Gipuzkoako beste ikastolen partaidetzari esker.

Egindako lanketa guztiaren fruitua igandean jaso zutela azpimarratu dute antolatzaileek. "Kilometroetako botikin eta sorospen postuetan gazteak artatzen lan gutxiago izan dute eta erosoago bete ahal izan dute bere zeregina. Era honetako jaietan neurrigabeko kontsumoak eraginda izan ohi diren gertaerak nabarmen gutxitu dira eta larrialdirik ez da izan. Beraz, bidea zein den badakigu eta horri ekingo diogu hemendik aurrera".

Azkenik, Laskorain Ikastolak eskerrak helarazi nahi izan dizkie festan parte hartu zuten guztiei, "jai ederra giro sanoan bizitzeko egindako ahaleginarengatik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!