Urtebeteko lana egun batean pilatu, eta urduritasuna eta tentsioa gozamen bilakatu zitzaizkien igandean, Kilometroak festako antolatzaileei. Aspaldiko biharamunik gozoena bizi izango zuten atzo, askok eta askok, eta baita Jone Urteaga Laskorain ikastolako zuzendariak ere.
Eguna ziztu batean joan zitzaion ikastolako zuzendariari, atzo goizean Ataria irratian egindako elkarrizketan azaldu zuenaren arabera: «Ajea eta satisfakzioa sentitzen ditut, baina bigarren sentimendua gailentzen da».
Ahora! lelotzat izan duen aurtengo Kilometroak jaiko hamaika irudi gordeko ditu memorian Urteagak, eta hauetariko zenbait aipatu zituen irratsaioan: «Inauterietan, Dianatik bueltan jende guztia gauzak prestatzen ari deneko sentsazio bera izan nuen goizean, eta jendetzaren irudia ere gordeta dut. Horrez gain, bizi izan genituen une hunkigarriak zoragarriak izan ziren, eta San Estebango bukaera ere oso-oso polita izan zen. Ez genuen eguna bukatzerik nahi».
Horrela, jaiaren arrakastaz gain, Ahora! leloaren mezuak ere bide berri bat ireki duela azpimarratu zuen, eta euskararen erabileran aurrera egiteko balioko duela: «Atzoko festa antolatzeko gaitasuna duen komunitatea, indartu egiten da halako ekitaldi baten ondoren».
20.000 lagun trenez
Ikastolako antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deiari erantzun ona eman zieten bisitariek, eta Renfek azaldu duenez, 20.000 lagun etorri ziren Tolosara, 79 trenetan. Garbiketari dagokionez, igandeko hondakinak garbiketa batzordeak jaso zituen arren, ikasleak aritu ziren atzo, gunez gune, festak utzitakoa biltzen; San Esteban eta San Blas izan ziren eremu zikinduenak.
________________________________________________________________________________________
Aloña Lertxundi eta Nestor Aldazabal• Laskoraingo ikasleak: «Espero baino garbiagoa iruditu zaigu»
Batxilergoko ikasleak dira Aloña Lertxundi eta Nestor Aldazabal. Igandean ere lanean aritu ziren, eta lehen aldiz ezagutu dute Kilometroak festaren biharamuna. Garbiketa saioa, dena den, ez zaie hain gogorra suertatu.
Zer moduz doa garbiketa eguna?
Zikin samarra, baina beharrezkoa da hondakin hauek guztiak biltzea.
Aurretik antolatuta zegoen astelehen goizeko garbiketa. Atzo kontu gehiago izan zenuten hondakinekin horregatik?
Beti bezela ibili ginen, baina egia da norbere herrian kontu gehiagorekin ibiltzen dela. Dena den, Kilometroak Tolosan ospatuko zela jakin genuen egunaz geroztik, bagenekien garbitzea egokituko zitzaigula.
Gogorra izaten ari al da astelehen goiza?
Ez pentsa, jende dezente ari gara lanean, eta horrek arinagoa egiten du jarduna.
Kilometroak jaiaren biharamuneko lanetan lehen aldiz ari zarete, ezta?
Bai, bai, lehen garbiketa Kilometroak izan dira.
Etorritakoan nola topatu duzue?
Egia esan espero baino garbixeagoa iruditu zaigu. Putzuak-eta daude, baina hondakin gehiago espero genuen. Iaz, adibidez, Andoain zikinago zegoela zirudien, beraz, zorte pixka bat izan dugu alde horretatik.
Atzo ere ariko zineten zerbaitetan lanean.
Bai. Gure kurtsoari trafikoan laguntzeko ardura jarri zioten, eta goizez aritu ginen horretan. Arratsaldean, ordea, kontzertuetara joateko aukera izan genuen, eta giroaz gozatu genuen.
Nola joan zen, bada, atzoko festa eguna?
Gustura ibili ginen. Sekulako jendetza etorri zen; San Blasen Vendettaren kontzertua izan ginen, eta gehiegizkoa izan zen hura.
San Estebanera gerturatu zineten gero?
Komeriak izan genituen eszenatokitik gertu egoteko, eta atzean geratu behar izan genuen.
Ainhoa Artolazabal • Laskoraingo irakaslea: «Gazteenen guneetan topatu duguzikinkeria gehien»
2013ko Kilometroak festan, garbiketa batzordeko arduradunetako bat izan da Ainhoa Artolazabal. Horrez gain, Laskoraingo irakaslea ere bada hezkuntza fisikoan, eta ikasleekin hondakinak biltzen aritu da.
Nola antolatu duzue KMKren hurrengo eguneko garbiketa?
DBHko lehen mailatik, batxilergora bitarteko ikasleak mailaz maila antolatu ditugu, guneetan barrena. Hori bai, San Estebango gunea Gatiburen kontzertuaren ondoren nola geratu zen ikusita, hemengo zabor bilketarako jende gehiago elkartzea erabaki dugu.
Adinaren arabera ikasleen lana desberdina izango da, ezta?
Bai, hala da. Gaztetxoenak ikastola inguruan geratu dira; DBH4koak, berriz, San Blasera joan dira, eta Batxilergoko ikasleak etorri dira San Estebanera.
Zikinen geratu zen gunea zein da?
Esan bezala San Estebanekoa, izan ere, azken kontzertua bertan izan zen. 19:15 inguruan amaitu zen, eta narrats samar geratu zen egia esan. San Blasen ere, Vendettarekin, gunea zikina geratu zen, baina 14:45ak ziren, eta iluntzera arte denbora izan genuen belazea txukuntzeko.
Bildutako hondakin kopurua aurreikusitakoa izan al da, gutxi-gorabehera?
Gazte gehien bildu zen tokietan zikinkeria gehien topatzea espero genuen, eta halaxe izan da. Lasaiagoak ziren gunean, berriz, askoz ere garbiago geratu ziren. Esperotakoa bete da, beraz.
Gaur egun osoa eramango al duzue garbiketa lanetan?
Hasiera batean goizeko lana izango da, hala aurreikusi dugu behinik behin, batxilergoko ikasleek ez baitute klaserik arratsaldean. Astelehen goizeko lana, beraz, gunea garbitzea izango da. DBHko ikasleak, berriz, klasera joango dira arratsaldean.