Kilometroak festako antolakuntzak eguneko lehen balorazio ofiziala luzatu berri du: "ikuskizun eta azpiegituretan aurreikuspenak bete egin dira". Bestetik, aipatzeko arazo larririk ez dela izan jakinarazi dute antolakuntzatik. Guztira, 2.500 boluntario aritu dira egun osoan zehar Tolosan gaurko festa errealitate izan dadin. Eta aurtengo berritasunak, Erronkak eta kontsumo arduratsuaren inguruan egindako lanek, bere fruituak ere eman dituzte. Honenbestez, KMK13ko antolakuntza pozik egunaren nondik-norakoekin.
Ekitaldi hunkigarriekin hasiera eman zaio egunari, horrela nabarmendu du antolakuntzak, eta handik aurrera ibilbide osoak hartu du bere garrantzia: "zirkuitua dinamikoa izatea, etorritakoak ibilbide osoa egitera bultzatzea, zen asmoetako bat eta ondo bete dela esan diateke".
Erronka
Edizioko berritasuna izan da erronka. Antolatzaileak pozik agertu dira probak emandako emaitzekin: "helburuak ederki bete ditu. Gipuzkoako ikastoletako gazteak lehian eta jende andana haiei begira eta animatzen aritu da erronkalekuetan. Aurreikuspenak bete eta gainditu egin dira". Berazubi estadioa jenderik gehien bildu duen guneetako bat izan da; 800 lagun elkartu dira globinkana proban. Hurrengo urteari begira Erronkaren apustuarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute antolakuntzatik: "azpiegitura aldetik eta ekonomikoki egindako apustu handiak bere fruituak eman ditu eta datozen urteetan ekimen honekin jarraitzeko bultzada ederra eman dute. Apustuan azkenik Oiartzungo Haurtzaro ikastola suertatu da irabazle, Ibarrako Uzturpe, Ordiziako Jakintza eta Urretxu-Zumarragako ikastolen aurka.
Boluntarioak
Egun osoan zehar 2.500 boluntario aritu dira lanean, musu-truk, "Ikastolen lehen garaietako izpiritua berreskuratuz, auzolanak ederki funtzionatu du beste behin", azpimarratu dute antolakuntzatik. Boluntarioek burututako lanak anitzak izan dira: kotxe eta autobusak artatuz, txosna eta jangeletan lanean arituz, baita arropa salmentan, tonbolan, zozketan...