Torturaren egia itzaletik argira ateratzeko eskatu dute

Leyre Carrasco 2022ko ots. 13a, 16:19

Dagoeneko 41 urte bete dira Joxe Arregi zizurkildarra poliziak eragindako torturaren ondorioz hil zela, eta hura oroitzeko ekitaldia egin dute goizean Zizurkilgo plazan. Larrosak eskaintzearekin batera, agurra dantzatu dute tortura jasan duten guztien omenezko eskultura parean.

41 urte igaro dira Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra hil zenetik poliziak eragindako torturen ondorioz. Urtero bezala, Egiari Zor fundazioak deituta, gaur eguerdian egin dute hura eta giza eskubideen urraketa jasan duten biktima guztiak oroitzeko ekitaldia izen bera daraman Zizurkilgo plazan.

"Oso latza izan da", halaxe deskribatu zuen Arregik torturatua izan ondoren, hil zorian zegoela, eta halaxe gogoraratu du Mikel Egibar zizurkildarrak gaurkoan ere. "Euskal Herriko tortura kasuen artean, oihartzun handiena izan duen kasuetako bat izan da Joxerena, heriotzeraino torturatu zuten herrikidearen gorpuari ateratako argazkiek komisaldegietan gertatzen ari zen basakeria zein zen erakutsi baitzioten munduari", adierazi du.

Gerora beste tortura kasu ugari eman dira, eta horietako bost heriotzan amaitu zirela aipatu du Egibarrek: "Arregiren heriotzak ez zuen diktadura frankistaren herentzia maltzur horrekin bukatu eta milaka euskal herritarrek modu sistematikoan pairatu dugu, edozein zelarik ere Estatuko gobernuaren kolorea. Horrela, gutxienez 5.657 dira dagoeneko egiaztatuta dauden tortura kasuak".

Felipe Gonzalezen Gobernuak martxan jarritako ZEN planak "milaka herritarren atxiloketa arbitarioa" ahalbidetu zuela, eta tortura "polizia-tresna" bilakatu zela kontatu du Egibarrek. "Estrategia hori proiektu politiko legitimo bati eta hura partekatzen zuen orori aurre egiteko diseinatu zen. Hala, ETAren aurkako ustezko borrokaren babespean, 40.000 pertsona inguru atxilotu zituzten, horietatik 30.000 baino gehiago kargurik gabe aske geratu baziren ere, horietako asko tortura eta behin-behineko espetxealdia pairatu behar izan zituzten", salatu du.

Hori guztiagatik, "herri honetako erakundeek milaka eta milaka herritarrei zuzenean eragiten dien gai honi buruzko ikerketa bat abian jartzea" espero du Egibarrek. Izan ere, gaur egun negazionismoa gainditu dela, tortura inpunitate osoz gauzatutako praktika sistematikoa izan dela, eta dagoeneko "egia ofiziala" hori dela adierazi du. Hala ere, oraindik bide luzea dagoela egiteko esan du eta, horregatik, Euskal Herriko instituzioei dei egiten diete "ahalik eta lasterren aitortza eta erreparazioarako mekanismo bizkor eta eraginkor bat aktibatu dezaten".

Hori dela eta, torturaren dimentsioaren eraginarekin amaitzeko, beste behin, aitortza ofiziala, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak beste behin eskatu dituzte. "Ez dira nahikoak torturaren erabilera gaitzesten duten ekintza sinbolikoak. Torturari buruzko txostena gai honen inguruan egiteko dagoen bide luzearen abiapuntua baino ez dela argi daukagu", esan du Egibarrek. Horren aurrean, espero du "gure zaurien erantzuleek herri honetan milaka pertsonari eragindako kaltea aitortzeko adina ausardia izatea eta Estatuko indarkeriak sortutako tragediaren erantzukizun politikoak bere gain hartzeko behar adinako heldutasun demokratikoa izatea".

'Karpeta urdinak' dokumentala

Ander Iriarte zinema zuzendariaren dokumentalari izena aldatu diote, eta orain ‘Karpeta urdinak’ deituko da. Filmaren hasierako izena ‘Klask Soinua’ izan behar zuen, eta izenburu horrenpean crowdfunding kanpaina baten bidez lortu dute dokumentala egitea. ‘Proiekto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014’ txostena irakurri ostean, emaitzak zinemara eraman behar zituzte erabaki zuten, eta hala egin dute, lana oraindik amaitu gabe dagoen arren.

Film honek "modu zientifikoan azaduko du tortura praktikatzen eta bultzatzen duen sistema maltzurrak nola funzionatzen duen". Izan ere, karpeta urdinen kontzeptua salaketa sinbolo gisa ikusten duela azaldu du Iriartek, baita errekonozimenduaren, egiaren eta justiziaren aldeko borrokaren eredu gisa ere. "Euskal Herrian sistematikoki torturatu da, eta karpeta urdinak dira froga", gehitu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!