Uri Batzarrek babesa eman diote Tejeriari Eusko Legebiltzarreko presidentegai izateko

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 17a, 10:45

Urtarrilaren 4tik 14ra hautagaien bozketak egin dira Uri Batzarretan. Tejeriari bezala lehendakarigai izateko Imanol Pradalesi ere Uri Erakundeek aho bateko babesa eman diote. Urtarrilaren 27an berretsiko dituzte hautagaitzak Durangoko Landakon.

Joan den igandean bukatu zen Eusko Legebiltzarrerako EAJ egiten ari den hautagaitza prozesuan urtarrilaren 4an abiatutako bigarren hautespen aldia. Hautagaien bozketak eginak dira jada Uri Batzarretan eta Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak egiaztatu dute Uri Erakundeek aho bateko babesa eman dietela Imanol Pradalesi lehendakarigai izateko eta Bakartxo Tejeria larrauldarrari Eusko Legebiltzarreko presidentegai izateko.

Herrialde batzarretan bozketak hasi dituzte eta bihar izango da Gipuzkoaren txanda. Herrialde Buru Batzar guztiak eginda, barne prozesuari behin betiko amaiera emango diote urtarrilaren 27an. Afiliatuei deia egin diete Landakon egingo duten ekitaldira joateko. Pradalesen eta Tejeriaren hautagaitzak erabakitzeaz gain, hiru lurraldeetako zerrenden osaera berretsiko du EAJ, EBBk proposatutako hurrenkerarekin. Batzar horretan erabakiko dute, baita ere, Europako Parlamenturako hauteskundeetarako zerrenda. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!