Urtekaria 2023

Etorkizunera begira

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 29a, 06:00

Konturatzerako pasa da 2023a. Urte guztian zehar askotariko gaiak jorratu ditu ATARIA-ko erredakzioak, eta horien bilduma da eskuartean duzuna, irakurle. Urte berezia izan da bukatzear den hau ATARIA-rentzat, hamar urte bete baititugu. Hamar urte borobil eskualdeko errealitatea etxeetara gerturatzen, Tolosaldeko herritarren istorioak kontatzen, egiazko informazioa helarazten, beti euskaratik eta euskaraz. Komunitatea osatu dugu, elkarlanean aritu gara eskualdeko eragileekin eta harrokeriarik gabe, harro gaudela esan genezake. Ospakizun eguna izan genuen urrian, eta ahozapore ezin hobea utzi zigun egun hark. Gutxienez beste hamar urte egin nahi ditugu elkarrekin proiektua borobiltzen, gizentzen eta osatzen, eta ATARIA-n horren alde lanean jarraituko dugu. Atarikideei eta, era batera edo bestera proiektua babesten duzuen guztioi, zuen laguntza eskertu nahi dizuegu lerro hauen bidez. Eskerrik asko, benetan. Eta urtekari hau eskuartean baduzu, eta harpideduna ez bazara, dei egiten dizugu: baliatu ezazu ATARIA euskararen eta tokiko komunikabideen alde egiteko, harpidetu zaitez, merezi du eta.

Gainontzean, hemen duzun bilduman urteko albisterik esanguratsuenak topatuko ditugu. Usabal kiroldegiko eta Asuncion klinikako lan gatazkak, ospitale publikoari lotutako albisteak, udal hauteskundeak, azaroaren 30eko greba feminista orokorra... asko izan dira urte honetan albiste izan diren berriak, eta hor egon da ATARIA , informazioa biltzen eta zabaltzen.

2024an ere berdin jarraituko dugu, gertuko informazioa jorratzen, euskaraz, euskaratik. Teknologia berriak eskaintzen dituen aukeran baliatuko ditugu horretarako, eta erreminta berriak jarriko ditugu zuen eskura. Papereko edizioan ere aldaketak izango ditugu; itxuraldatuko ditugu egunkaria eta astekaria. Eta seguru izango direla berrikuntza gehiago ere. Bien bitartean ATARIA-k urte berri ona opa dizu. Jarraitu dezagun bidea elkarrekin egiten

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!