Urtekaria 2023

'Ataria'-k hamar urte

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 1a, 07:59

Eskualdeko euskarazko hedabideak hamar urte egin zituen egunean, urriaren 6an, urteurren festa egin zuen 'Ataria'-k; eskualdeko musikari, artista eta ekoizleek girotutako festara herritar ugari batu zen.

Bi mila eta hamahiruko urriaren 6an sortu zen ATARIA, eskualdeko hiru komunikabideren (Tolosaldeko Hitza egunkaria, Galtzaundi aldizkaria eta Txolarre irratia) bateratzetik. Helburu argi batekin, Tolosaldeko herritarrentzat erreferentziazko gunea izatea, euren jakin-mina eta komunikazio premiak erarik profesionalenean asebetez, euskaratik eta euskaraz. Hamar urte geroago, 2023ko urriaren 6an, hamargarren urteurreneko festa egin zuen ATARIA-k Tolosako Zerkausian.

Urteurrena ospakizunerako baliatu nahi izan zuen ATARIA-k, jai giroan elkartuz, Atarikideak, kolaboratzaileak, elkarteak, erakundeak, bisitariak, irakurleak, entzuleak... Festa girotzen eskualdeko musikari eta artistak izan ziren, eta bertako ekoizleak arduratu ziren jan-edanaz.

Hamar urte bete dituen proiektua da ATARIA, eta esan daiteke bide onean ari dela pausoak ematen, ATARIA-ren komunitatea handituz baitoa egunetik egunera. Handitzearekin batera, ordea, indartzea ezinbestekoa du euskarazko hedabideak, eta hori proiektua babestuz, Atarikideak gehituz eta iragarleen babesa areagotuz lortzen da. Horrela baino ez da bermatuko Tolosaldeak euskarazko hedabide multimedia sendoa edukitzea, eta herritarrak euskarara gerturatzeko lanean jarraitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!