Kudeaketa Aurreratuaren diploma eskuratu du Tolosaldeko Komunikazio Taldeak

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 20a, 10:19
Ataria, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza eta Hamaika Telebista komunikabideetako ordezkariak diplomak jaso ondoren.

Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo arratsaldean Gasteizen. Honekin, praktika aurreratuak dituzten enpresak aitortzen ditu Jaurlaritzak. 

Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo, Gasteizko Europa jauregian. Erakundeak kudeatzeko Euskal Herrian garatutako sistema bat da Kudeaketa Aurreratua deitzen zaiona, eta helburua honako hau da: erakundeak hobeto kudeatzea. Bide horretan, sari batzuk banatzen ditu Euskalitek (Kudeaketaren Bikaintasunerako Euskal Fundazioak), Kudeaketa Aurreratuaren Eredua oinarri hartuta enpresek egiten dituzten hobekuntzak aitortzeko. Atzoko sari banaketan, ziurtagiriak jaso dituztenen artean dago Tolosaldeko Komunikazio Taldea, ATARIA eskualdeko komunikabidea argitaratzen duen enpresa.

Maila ezberdinetan sailkatuta banatzen dituzte Kudeaketa Aurreratuaren Sariak eta bide horretan lehen pausoa emanda eskuratu du diploma Tolosaldeko Komunikazio Taldeak, banatu ziren 57 diplometako bat lortu zuen. Azken bi urteetan lanketa handia egin ondoren iritsi da aitortza eta hemendik aurrera ere bide horretan urratsak ematen jarraitzeko asmoa dutela aipatu dute erakundeko ordezkariek.

Kudeaketa Aurreratuaren Eredua

Kudeaketa Aurreratuaren Ereduak funtsezko bost elementu jasotzen ditu: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea eta berrikuntza. Ebaluazioaren oinarria da erakundeek horietako bakoitzean lortutako garapen maila eta lortutako emaitzak aitortzea. Sari banaketarekin, praktika aurreratuak dituzten eta beren interes taldeen asebetetze orekatuak dituzten enpresak aitortzen ditu Jaurlaritzak. «Sarien helburua da kudeaketan aurreratuenak diren erakundeak identifikatzea eta aintzat hartzea, era horretan Euskadiko sare sozioekonomikoa Kudeaketa Aurreratuak lehiakortasunean duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta erakunde bakoitzaren emaitzak hobetzeko», adierazi dute sariaren sustatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!