«Gure bizitzarekin ordaintzen ari gara patronalaren diru-gosea»

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 26a, 14:34

LAB sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Asteasuko Bost enpresaren aurrean, Prekarietatea hiltzailea lelopean. Bertako langilea zen joan den ostiralean Gasteizen lan istripuz hil zen 33 urteko gazte tolosarra.

Inko Iriarte LABeko ordezkariak salatu duenez, urtero 70 langile hiltzen dira lan istripu traumatikoetan. Aurten, dagoeneko, 32 hildako izan direla nabarmendu du: «Lan istripuetan hildako langileen %30 inguru makina-erremintaren bueltan izaten da, nahiz eta araudi oso zehatza daukaten makina-erremintari eta lan osasunari lotuta. Batzuk istripu hauek giza akatsengatik izaten direla diote, eta hori ez da horrela. Istripu hauek ematen baldin badira, makinen araudia eta orokorrean lan osasun araudia betetzen ez delako da. Patronalak, diru-gosez, alde batera uzten ditu prebentzio neurriak, eta hau da emaitza. Gure bizitzarekin ordaintzen ari gara patronalaren diru-gosea».

Araudia ez dela betetzen salatu du behin eta berriz, haserre, Inko Iriartek, eta bi hamarkada baina gehiagoko kontua dela gogoratu du: «25 urte pasatxo dira, Europa mailan, lan osasunaren araudia ezarri zela. Makina-erremintak oso araudi zehatza dauka. Patronala, aldiz, IAT-rik (azterketa teknikoa) gabe doa, eta makinak balaztarik gabe geratzen direnean hildakoak gu gara, ez da enpresaria». 

Gaur, arratsaldean elkarretaratzea Tolosako Trianguloa plazan

Gaur, 19:00etan, Tolosako Trianguloan herritarrek deituriko elkarretaratzea egingo dute, lan istripua salatzeko eta familia nahiz lagunei elkartasuna azaltzeko. LAB sindikatua bertan izango dela esan du Iriartek: «Herri mugimenduarekin bat egiten dugu, jakina, eta hor egongo gara lagun, lankide, herritar eta familiarekin batera».

Bihar, Gasteizen mobilizazioa

LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostegunerako, Gasteizko Talleres Aratz-en aurrean, Barratxi kalean. Bertan zendu zen lan istripuz 33 urteko langile tolosarra. Mobilizazioa 11:00etan hasiko da, Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez! lelopean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!