Torturaren inguruko ardurak onartu eta argitzea eskatu dute

Jon Miranda Labaien 2022ko ots. 8a, 15:51

Torturatutako Tolosaldeko hainbat herritarrek inpunitatearekin amaitu dadin eskatu eta egunotan egingo diren ekitaldietarako deia luzatu dute Zizurkilen 

Azken 55 urteetan torturak jasan izan dituzten Tolosaldeko hainbat herritarrek torturaren egia argitara eramatea eskatu dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazan egindako agerraldi batean. Euskal Herriak bake eta askatasun agertoki berri batera urratsa egin dezan, behar beharrezkotzat jo dute egia azaleratzea. Torturaren Aurkako Egunaren testuinguruan Tolosan edota Lizartzan egingo diren mobilizazioetara, eta bereziki, igandean Zizurkilen egingo den ekitaldira gerturatzeko deia luzatu diete eskualdeko herritarrei.

Torturaren existentzia oraindik ezkutuan segitzen duen «ageriko sekretua» dela uste dute bildutakoek, eta horregatik, errealitate horri aurpegia jartzeko hartu dute hitza gainerakoen izenean Axun Lasak eta Aritz Lopezek, aipatu dutenez, «herri honen historiaren pasarte ilun bati argi izpi bat jartzeko». Haien esanetan Espainiako estatuak sistematikoki erabili du tortura, «Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea ukatzea izan delako bere helburu behin behinekoa».

Polizia mota ezberdinen eskuetatik, komisaldegiren batean torturak jasan dituzten eskualdeko herritar hauek esan dutenez, eragin dieten kaltea aitortzeko urratsik ez du eman inongo arduradun politikok, «inork  ez du inolako zintzotasun ariketarik egin». Are gehiago, gaur egun entzun behar izaten dituzten adierazpen batzuk tortura zuritu egiten dutela uste dute, eta torturaren arduradun politiko zein polizial ezberdinei inpunitate guztia eskaintzen dietela.

Jasan dituzten tortura adierazpen guzti horiek senda bidean jartzea ia ezinezkoa egiten zaiela diote, entzundakoek behin eta berriz mintzen dituztelako: «Batzuek, inpunitatearen jabe izanik ez dutelako eragindako torturen gorazarrea egiteko inolako arazorik ikusten; Eta besteek, tortura sistematikoki erabili ahal izateko ezinbesteko konplize izan direnek, isildu eta ez dutelako ezer esaten».

Tortura posible egin eta denboran iraunarazteko arduradun politiko, instituzional, polizial, mediku, judizial eta mediatikoen inplikazioa beharrezkoa izan zela uste dute torturatuek. «Torturaren errealitateak ardurak onartu eta argitzea eskatzen du», esan dute.

Kontakizunen bataila ere hartu dute ahotan Zizurkilgo agerraldira gerturatutakoek. Haien esanetan tortura beraren existentzia ukatzeak, sakonean, Euskal Herriak estatuekin duen gatazka politikoa ezkutatzea bilatzen du. «Modu horretan, fikziozko kontakizun bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko, herri oso baten sufrikarioa eta mina betikotzeko».

Torturaren egia argitara eramatea beharrezkoa ikusten dute, beraz. «Milaka torturatuok merezi dugun aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeekin batera, herri honek bake eta askatasun agertoki berri batera aurrera egin dezan behar beharrezkoa dugu».

Joxe Arregi gogoan

Esanahi handiko plazan egin nahi izan dute agerraldia azken 55 urteetako uneren batean torturak jasan dituzten eskualdeko herritarrek. Torturatu guztien omenez, Joxe Arregiren izena daraman plazan dago jarrita Koldobika Jauregiren Barne Kanta eskultura 2014tik. Haren bueltan bildu dira torturatutako herritarrak.

«Ez dezagun sekula ahaztu, duela 41 urte, jasandako torturen ondorioz heriotzaren atarian zegoen Joxe Arregiren azken hatsa, milaka torturatuen garrasia izan dena: oso latza izan da». Lelo hori aintzat hartuta, datozen egunotako ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu dute. 

TORTURAREN AURKAKO EKITALDIAK TOLOSALDEAN

1981eko otsailaren 13an egin zizkioten torturen ondorioz hil zen Joxe Arregi zizurkildarra. Ordutik, egun hori Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian.

Tolosan Sortuk deituta, elkarretaratzea egingo dute larunbatean, hilaren 12an Trianguloa plazan, 12:00etan.  Egiari Zor fundazioak Zizurkilen ekimenak antolatu ditu Torturaren Aurkako Egunaren harira. Bihar, otsailak 10, Atxulondo kultur etxean, 19:00etan, Torturaren egia dokumentatzen emanaldia egingo dute. Bi ikus-entzunezko eskainiko dituzte: Bi arnas eta Non dago Mikel?.

Igandean, Joxe Arregi plazan ekitaldi politikoa egingo du Egiari Zorrek, 12:00etan hasita. Fundazioak aipatu duenez, tortura hainbat hamarkadatan inpunitate osoz egindako praktika sistematikoa izan dela egia ofiziala da gaur egun. «Biktimak aitortzeko eta erantzukizunak hartzeko unea da», esan dute fundaziotik igandeko ekitaldia iragartzerakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!