Bertakoa gazteen begietatik

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 22a, 19:59

Elikadura eta bertako produktuen inguruan gazteen begirada ezagutu asmoz, Jan Tolosaldea Bideo Laburren Lehiaketa antolatu du Tolomendik, 'Tolosaldeko Ataria'-rekin elkarlanean.

Zer kolore du bertakoak? Galdera horren erantzuna jaso nahi du Tolomendi Landa Garapen Elkarteak. Eta, asmo horrekin, gazteei zuzendutako bideo laburren lehiaketa abiarazi du, TOLOSALDEKO ATARIArekin elkarlanean.

Jan Tolosaldea ekimenaren barruan kokatzen da egitasmoa. Tolomendik azaldu moduan, «elikadura ona» du oinarri Jan Tolosaldeak: «ekoizpen modu egokien bidez ekoiztua izango dena, lanean ari direnen duintasuna mantenduko duena; eta, aspektu sozial, ekonomiko, kultural eta ingurumenarena kontuan hartuko dituena». Hala, bideo laburren lehiaketaren helburu nagusia eskualdeko elikadura sistema iraunkorra elkarlanean eraikitzea dela dio Tolomendik, «etorkizuneko tokiko elikadura sistema bultzatu eta sustatuz». Gazteek, gaiarekin jolas eginez eta irudimen eta sorkuntza landuz, elikadura eta bertako produktuen inguruan duten begirada ezagutu nahi da, gazteak Jan Tolosaldearen helburuetara gerturatuz.

HIRU MINUTUKO BIDEOAK

Tolosaldeko 12 eta 18 urte arteko gazteek hartu ahalko dute parte lehiaketan, banaka, taldeka edo ikastetxeka, gehienez 8 lagunez osatutako taldeetan. Bideoak azaroaren 10era bitarte bidali ahal izango dira jantolosaldea@gmail.com helbidera. Gehienez 3 minutuko iraupena izango dute, elikadura, lehen sektorea eta bertako produktuen kontsumoa gaiak landu beharko dituzte eta euskaraz izan beharko dute. Grabaketarako kamerak, mugikorrak edota tabletak erabili ahalko dira.

Parte hartzeko tolomendi.eus eta ataria.eus webguneetan dauden izen-emate dokumentua bete beharko da. Eta jasotzen diren bideo guztiak Tolomendiren eta ATARIA-ren webguneetan egongo dira ikusgai. Sari banaketa ekitaldia abenduaren erdialdean egingo da, eta bost lagunek osatutako epaimahaiak izango du saridunak izendatzeko ardura.

Sari politak eskuratzeko aukera izango da lehiaketaren bitartez. Batetik, DBH 1 eta 2 mailakoen artean irabazten dutenek Zumardiako urteko bazkidetza eta ikastaro batean matrikula eskuratuko dute. DBH 3 eta 4 mailakoen artean irabazten dutenen artean, berriz, Zumardiako urteko bazkidetza eta bi ikastarotan matrikula banatuko da. Eta, Batxilergoko 1 eta 2 mailakoen artean irabazten dutenek Bizi Bizikik eskainitako abenturaz betetako asteburu pasa jasoko dute. Hiru sari nagusiez gain, publikoaren saria ere banatuko da; saria bertako produktuekin osatutako otarra eta ekoizlearen ustiategira bisita izango da.

Informazio guztia tolomendi.eus eta ataria.eus webguneetan dago.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!