Aukera berri bat, Gasteizen

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 6a, 18:16

Iñaki Artolak eta Jokin Altunak, Ama Zuriaren txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte, gaur eta bihar, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Bientzat, udako torneo esanguratsuetako bat irabazteko aukera izango da.

Alegiarra, aukera gutxi izaten ari zen aurten. Binakakoan ez zuten sartu, eta buruz burukoan, final zortzirenetan kaleratu zuen Danel Elezkanok. Udaran, ordea, joko puntu onean dagoela erakutsi du, eta Gasteizkoan ez ezik, Zarauzko torneoan ere hartuko du parte.

Amezketarrari, aldiz, guztiz aurkakoa gertatzen zaio. Lau t'erdiko eta buruz buruko azken txapeldunak, erakustaldia emanda irabazi zion atzo Aimar Olaizolari, Gasteizen betan jokatutako errebantxan. Horrela, azken asteetan izandako arazo fisikoak atzean utzi ditu, eta irrikaz dago txapelketa berri bat jokatzeko.

Ama Zuriaren Pilota Txapelketak, 26. edizioa du aurtengoa. Aspeko bi bikote, Asegarceko biren aurka ariko dira finalerdietan. Gaur gauean, Artolak jokatuko du. Alegiarrak, Larunberen laguntza izango du, indar handiko bikote baten aurka: Ezkurdia-Rezusta. Altunak, berriz, Zabaletarekin osatuko du bikotea, eta Olaizolaren aurka ariko da berriro amezketarra. Jon Ander Albisuk osatuko du Asegarceko bikotea.

Partida guztiak, Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko dira, eta gaurko nahiz biharko partidak gauez jokatuko badira ere, finala, ostegun arratsaldean, 17:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da. Txapel eta garaikurrez aparte, azken urteetan egin duten bezala, aurten ere, Ogetaren oroimenezko saria emango diote, torneoko pilotari onenari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!