Alegiako finalei begira

Asier Imaz 2017ko eka. 29a, 07:56
Iazko Ataria Pilota Txapelketako finalistekin ateratako argazkia. ASIER IMAZ

III. Ataria Pilota Txapelketaren finalak larunbatean jokatuko dira Alegiako Elorri pilotalekuan, 10:00etan hasita; eskuz nahiz gomazko paletarekin jokatuko dira partidak, zazpi guztira.

331 parte hartzailerekin hasi zen III. Ataria Pilota Txapelketa apirilaren 21ean. Horietatik 28 bakarrik geratzen dira; finalak jokatuko dituzten 14 bikoteak. Aurtengo azken hitzordua, Alegiako Elorri pilotalekuan izango da, uztailaren 1ean, 10:00etatik aurrera.

Alegiara iritsi aurretik 270 mutil eta 61 neskaz osatutako txapelketak Tolosaldeko 12 herri bisitatu ditu: eskuz, Albiztur, Altzo eta Berastegin aritu dira txikienak, Ibarra, Ikaztegieta eta Villabonan benjaminak, Alkiza, Asteasu eta Bidania-Goiatzen alebinak eta Amezketan infantilak; palaz, Lizartzan aritu dira alebinak eta infantilak, eta Zizurkilen kadete eta jubenilak.

Esku pilotan lau final jokatuko dira, eta oraingoan, iaz ez bezala, finalista guztiak mutilak izango dira, benjaminen bi mailatan, alebinetan eta infantiletan. Gomazko paletaz hiru final jokatuko dituzte, eta hemen 12 pilotariak neskak izango dira, alebinak, infantilak eta kadete-jubenilak.

10:00etan hasiko dira partidak, txikienen ikuskizun paregabearekin. Azken lehia 14:00ak baino lehen bukatuko da, aurreikuspenen arabera. Sari banaketa ekitaldia jarraian egingo litzateke. III. edizioarekin amaitzeko, familia argazkia aterako da. Bertara, finalistez gain, txapelketan parte hartu duten eskualde guztiko pilotariak gonbidatzen dira. Antolatzaileak ere han izango dira, eta hauek ere Tolosaldea ordezkatzen dute. Pilota elkarte eta pilota eskolek badute indarra eskualdean!

ZUZENEKO KONTAKETA IRRATIAN

ATARIA Irratia-k larunbateko zazpi finalak zuzenean eskainiko ditu 10:00etatik aurrera. Kontaketa jarraitzeko bi modu daude. Bata, 107.6 fm-ren bidez, eskualdetik entzunez gero. Bestea, edozein lekutatik, ataria.eus webgunearen bidez, bertatik ere irratia entzuteko aukera baitago. Finaleko protagonistak, antolatzaileak eta harmailetan giroa jarriko duten ikusleak bertan izango dira, kontaketaren parte eta laguntzaile. Alegiara larunbatean joan ezin duenak, beraz, ez du aitzakiarik izango III. Ataria Txapelketan gertatzen dena jarraitzeko.

 

UZTAILAK 1, LARUNBATA

10:00etatik aurrera, Alegiako Elorri pilotalekuan.

Benjaminak B, eskuz

Zufiria-Gonzalez Hernandez-Garmendia

Benjaminak A, eskuz

Meulman-Otaegi

Elola-Murua

Alebinak, gomazko paletaz

Zubillaga-Navarro

Jauregi-Aranburu

Alebinak, eskuz

Gorostidi-Gorostidi

Ruiz-Mujika

Infantilak, gomazko paletaz

Sarasola-Herrero

Murua-Agirre

Infantilak, eskuz

Altuna-Uzkudun

Perurena-Gabirondo

Kadete-jubenilak, paletaz

Perurena-Agirre

Esnaola-Larrarte

 

MEULMAN-OTAEGI (AMASA-VILLABONA)

Benjaminak A. Oso bikote orekatua osatzen dute Behar Zanako pilotariek. Meulman aurrelaria oso pilotari bizia da, teknika politekoa. Otaegik bi besoak oso politak dauzka, eta oso langilea da.

 

HERNANDEZ-GARMENDIA (BERASTEGI)

Benjaminak B. Garmendia ezkerra da, eta bikoteko erreferentzia. Baina Hernandezek oso ondo laguntzen dio. Partidarik ez dute galdutzat ematen sekula, finalerdietan erakutsi zuten bezala, markagailua irauliz.

 

ZUFIRIA-GONZALEZ (AMASA-VILLABONA)

Benjaminak B. Bikote oso orekatua osatzen dute. Biek ondo jokatzen dute pilotan. Daukaten adinerako heldutasun handiarekin jokatzen dute, ondo hartzen dute elkar eta zulo gutxi uzten dute aurkariarentzat.

 

ELOLA-MURUA (ALTZO)

Benjaminak A. Muruak iaz txapela jantzi zuen, eta aurten ere irabazteko aukerak ditu. Bera da bikoteko pisua ematen duen pilotaria. Bere mailan oso emaitza politak lortzen ari da. Elola lehen urteko benjamina da, eta ederki laguntzen dio bikoteari.

 

RUIZ-MUJIKA (AMEZKETA)

Alebinak, eskuz. Mujika atzelari ezkerra da, pilota oso ondo jotzen duena. Joaten den lekura joanda ere, beti ibiltzen da maila onean. Ruiz lehen urteko alebina da. Oso bizia. Partida nahasten artista horietakoa; kale ala bale.

 

GOROSTIDI-GOROSTIDI (ABALTZISKETA)

Alebinak, eskuz. Eneko eta Beñat bikiak dira, bigarren urteko alebinak. Hutsunerik gabeko bikotea osatzen dute. Elkar ederki ulertzen dira.

 

ALTUNA-UZKUDUN (ALEGIA/ALTZO)

Infantilak, eskuz. Altunak iaz finala jokatu zuen, nahiz eta ez irabazi. Arantza atera nahiko du. Orain arte erraz irabazi dituzte euren partidak, baina finalean aurkari gogorrak izango dituzte. Lan asko egon beharko dute bi bikoteek.

 

PERURENA-GABIRONDO (ZIZURKIL/GAZTELU)

Infantilak, eskuz. Gabirondo kirolari petoa da. Pilotan bere ezaugarri nagusia lana da. Oso langilea da; bi eskuekin ondo jotzen dio eta ez du pilotarik galdutzat ematen. Perurenak ederki osatzen du bikotea. Final gogorra izango da.

 

JAUREGI-ARANBURU (ASTEASU)

Alebinak, gomazko paletaz. Zubillaga-Navarrori buruz esandako gauza bera esan daiteke Jauregi-Aranbururi buruz. Adunarren eta asteasuarren arteko finala bizia bezain polita izango da.

 

ZUBILLAGA-NAVARRO (ADUNA)

Alebinak, gomazko paletaz. Adunarrek txapelketa oso polita jokatu dute, bikote sendoa osatuz. Hauek gainditzeko, aurkariek lana gogotik egon beharko dute.

 

MURUA-AGIRRE (ALTZO/ALEGIA)

Infantilak, gomazko paletaz. Bikote oso orekatua osatzen dute Intxurreko bi pilotariek. Agian, Agirre aurrelaria da pisu gehien eramaten duena jokoan, baina Muruaren segurtasunak asko laguntzen dio bikoteari.

 

SARASOLA-HERRERO (ASTEASU)

Infantilak, gomazko paletaz. Herrerok Ataria Txapelketa ondo ezagutzen du, eta badaki finala jokatzea zer den. Bikoteko pisua berak ematen du, baina Sarasola ez da atzera geratzen.

 

ESNAOLA-LARRARTE (ORENDAIN/BIDANIA-GOIATZ)

Kadete-jubenilak, gomazko paletaz. Larrarte Ataria Txapelketaren dizdira da: teknika ikusgarria eta ikustea merezi duena dauka. Esnaola atzelaria oso pilotaria da. Agirreren kolperik gabe, baina segurua da.

 

PERURENA-AGIRRE (ZIZURKIL/ALTZO)

Kadete-jubenilak, gomazko paletaz. Bach altzotarraren lekuan jokatuko du Perurenak. Tantoa amaitzen ondo moldatzen da zizurkildarra. Agirre atzelariak golpe bizia dauka, eta oso segurua da.

 

ANTOLATZAILEAK:

'Tolosaldeko Ataria' eta Atzapar (Asteasu), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia-Altzo-Ikaztegieta), Sendi Ekintza (Ibarra), Aurerra-Tolosa (Tolosa), Txulobi (Aduna), Zazpi Iturri (Amezketa) eta Ziotza pilota elkarteak (Zizurkil), eta Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Berastegi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Lizartza, Leaburu-Txarama eta Tolosako pilota eskolak.

Erlazionatuak

Pilotaren gozotasuna

Luis Galarraga 2017 eka 29 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!