Aurrekoetan bezala, eskualdeko Pilota Eskola eta Elkarte guztien eta Tolosaldeko Atariaren artean antolatu da, elkarlanean, eta bertako pilotak gaur egun bizi duen loraldiaren oinarri-oinarrian dagoen lanaren argazki bikaina eskaintzen digu.
Eskuz esku
Aurreko bi urtetako esperientzia ona berrituz, Atzapar (Asteasu), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia-Altzo-Ikaztegieta), Sendi Ekintza (Ibarra), Su Berri (Anoeta), Tolosa C.F. (Tolosa), Txulobi (Aduna), Zazpi Iturri (Amezketa) eta Ziotza (Zizurkil) Pilota Elkarteak, eta Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Berastegi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama eta Lizartzako pilota-eskolarekin eskuz esku ari da Tolosaldeko ataria txapelketa hau antolatzen. Elkarrekin erabaki ditugu jardun arauak.
Eskuz eta palaz
Iazko molde eta mailak errespetatu dira. Eskuz jokatzeko aukera izango dute hala nahi duten benjamin mailatik hasi eta infantil maila bitarteko neska eta mutilek. Palaz jokatzeko aukera izango dute, berriz, modalitate honetan diharduten alebin mailatik jubenil mailara bitarteko neskek; bigarren multzo honetako adin tartea zabaltzea erabaki zen joan den urtean, modalitate eta maila hauetan trebatzen ari direnek lehiarako aukera gutxi dituztelako.
Gazteenei begira
Hasiera hasieratik, gazteenengan jarri du arreta antolatzaile taldeak, pilotari lehen zartadak ematen ari zaizkien horiengan. Txapelketa egitura izangatik, parte-hartze zabala bultzatzea eta gazteenen pilotarekiko zaletasuna bultzatzea du helburu nagusia. Horrek eragina du jardun ereduan -ligaxka eran jokatuko dira lehen sailkapenak, pilotari bakoitzari bizpahiru partida jokatzea ahalbidetuz aukeratu duen maila eta modalitatean- eta erabiliko dituzten materialetan: eskuz, pilota goxoak infantil mailara arte eta, palaz, maila bakoitzerako Pilota Federazioak izendatuak dauzkanak.
331 parte hartzaile
Banatuta 152 bikotetan, hirukoak dira batzuk, hirurehun eta hogeita hamaika pilotarik, 270 mutil eta 61 neska, eman dute izena txapelketa honetan, iazko kopurua ezin gutxiagogatik gaindituz, iaz baino bat gehiago baitira aurten. Mutil guztiek eskuz jokatuko dute, ez daukate beste aukerarik, eta izena eman duten nesketatik 9 ariko dira eskuz eta 52 palaz.
13 herritan
Eskualdeko 13 herritan jokatuko dira partidak. Sarreran aipatu bezala, aurten Alegiako Elorri frontoian jokatuko dira finalak, uztailaren 1ean, eta beste 12 herritan jokatuko dira modalitate eta maila desberdinetako sailkapen partidak: eskuz, Albiztur, Altzo eta Berastegin ariko dira txikienak, Ibarra, Ikaztegieta eta Villabonan benjaminak, Alkiza, Asteasu eta Bidania-Goiatzen alebinak eta Amezketan infantilak; palaz, berriz, Lizartzan alebinak eta infantilak. eta Zizurkilen kadete eta jubenilak.
Jolasera
Arrunta da garaiotan, goi-goi mailako pilotariei, arrakasta eta porrotaren ardatzak batzen dituen hari meharraren gainean balantzaka ibili ondoren, zein baino zein, tantoa egindako ia bakoitzean ospakizun keinu nabarmenak eginez aritu eta gero, ondo edo gaizki jolastu dutela entzutea. Jokatzen ari dira, ordea, jolasean dabiltzalakoan nonbait! Gure hauek, ordea, jolasean nahi ditugu, jokatzen ari direlakoan: goza dezatela, goza dezagun!
PARTAIDEAK
ADIN TARTEA |
BIKOTEAK |
PILOTARIAK |
Benjaminak B |
42 153 |
90 331 |
PARTIDAK HERRIZ HERRI
ESKUZ
Benjaminak B
Albiztur
Altzo
Berastegi
Benjaminak A
Ibarra
Ikaztegieta
Villabona
Alebinak
Asteasu
Alkiza
Bidania-goiatz
Infantilak
Amezketa
PALAZ
Alebinak-infantilak
Lizartza
Kadete-jubenilak
Zizurkil