Tolosaldeko Giltzarria

Boluntarioek eskua altxa dezatela

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 7a, 17:15

Martxoaren 19ko galdeketarako bi aste eskaz gelditzen direnean, Tolosaldeko Giltzarriak boluntario eskaera luzatu du. Aurretik bozkatzeko aukera ere zabalik da jada. 

Datorren martxoaren 19an, igandean, Tolosaldeko herritarrek Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? galderari erantzuteko aukera izango dute. Herri galdeketa errealitatea izateko ekainaz geroztik 100 lagunen bueltako lantaldea lanean ari da. Baina data gainean dagoen honetan, egunean bertan, martxoaren 19an, eta baita aurreko egunetan ere boluntario gehiagoren beharra izango dela jakinarazi dute Tolosaldeko Giltzarriatik. Egin beharreko lanak egunean bertan hauteslekuetan kokatuko dira baina baita aurreko egunetan etxez etxe egin beharreko buzoietako banaketan ere.

BOZKA AURRERATUA

Martxoaren 19an bozkatzeko aukerarik ez duenak, badu dagoeneko bozka aurreratua bidez herri galdeketan parte hartzeko aukera. Tolosaren kasuan esaterako, astelehenean bertan hasi zen. Aurretik bozkatzeko, 18:30-20:30 bitartean aukera egongo da egunero, galdeketa eguna bitarte, Infogunean, Arostegietan.

Lizartzan ere astelehenean bertan zabaldu zen bozka aurretik emateko aukera.

Ibarran bestalde, martxoaren 13tik 17ra bitarte aurretik bozkatzeko aukera egongo da, Sendi Ekintzaren lokalean, 17:30-20:00 bitartean. Ibarrako herrian martxoaren 19an bertan hiru hautesleku izango direla aurreratu dute jada: Ibarrako plaza, 5 (Sendi Ekintza), San Inazio auzunea, 17 (Erretirodunen elkartearen parean, karpan) eta Euskal Herria kalea, 12 (Danon Txokoa taberna parean, karpan).

BEROKETA LANAK

Herri galdeketaren eguna iritsi bitartean beroketa lanak ez dira faltako. Alderdi politikoak ere lan horretan burubelarri murgilduta daude. Horren adibide gaur goizean EH Bilduk eta EAJk Batzar Nagusietan prentsaurrekoan aurkeztutako herri galdeketak babesteko ebazten proposamena. Izan ere, martxoaren 19an Gipuzkoako 34 herrietan -Astigarraga, Hernani, Larrabetzu, Oarsoaldea eta Tolosaldea- egingo dira herri galdeketak. Horiek guztiak babesteko aldarria egin dute Xabier Olanok eta Maria Eugenia Arrizabalagak: «Demokrazian sakontzeko ariketa herritarra burutuko da, demokraziaren agerpen gorena den erabakitzeko eskubidea gauzatuz».

Horrela, bi alderdiek bihar Batzar Nagusietan ondorengoaren aldeko botoa luzatuko dute: "Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna babesten dutela aldarrikatzen dute". 

Honela gainera gipuzkoarrei parte hartzeko deia luzatu diete: "Herri ekimenez burutuko den erabakitzeko eskubidearen gauzatze praktikoa babesten dutela aldarrikatzen dute; eta herri horietako herritarrei parte hartzeko deia luzatzen diete". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!